Zarataren azpitik, isiltasunean

Urdaibai estropadatik kanpo, Astillero jotzeagatik. Kaiku lider berria, erabaki horri esker. Istilua berriz. Eta Hondarribia garaile igandean, ezustea emanda.

Urdaibaik Astillero abordatu zuen unea, herenegun. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Suak gero eta indar handiagoa dauka. Bizi dago. Traineruen inguruan mugitzen den ur guztiak ere ez dauka indarrik itzaltzeko. Arraun mundua kiskaltzear dago. Bero eta gori. Urdaibai dago erdi-erdian. Hala zegoen duela zenbait hilabetetik, ustezko dopinaren kasua tarteko, eta igandean ere iskanbilaren erdigunean egon zen. Portugaleteko eremu ezin baldarragoan, azken txanda jokoan zela, bigarren ziaboga eman zuen Bou Bizkaia traineruak, bigarren kaletik. Ontzia zuzentzen ari zela, hirugarren kalean sartu zen, eta handik zetorren Astillero jo zuen. Epaileak azkar hartu zuen erabakia: Urdaibai kalera. Haren alboan, ospa egin zion Kaikuk, eta ligako lehen postua kendu. Berriz ere, Bizkaiko bi klubak elkarren aurka, epaitegietan dagoen ustezko dopinaren kasuan bezala.

Zarata handia izan zen gero. Uretan, Urdaibaiko arraunlariak sutan. Ordezkarien harmailan, haserre zuzendaritzakoak, eta Kaikukoekin erre-erre eginda. Elkarren aurkako adierazpenak ere izan ziren. Sua itzaliko duenik ez dago. Eta kasualitateak hala nahi izan zuelako, Urdaibai tokatu zen eguneko istiluaren erdian. Baina izan zitekeen beste edozein traineru. Eta beste edozein txandatan gerta zitekeen. Eremu estua da Portugaletekoa, eta ziabogak egiteko garaian, igandean gertatu zena gertatzeko arriskua handia da. Gainera, kale batetik bestera egundoko aldea dago, eta traineruak askotan aldatzen dituzte norabidez patroiek, arraunean egiteko leku egokiaren bila.

Hainbeste komeriari ihes eginik, izan zen estropada latza egin zuenik ere: Hondarribia. Bigarren txandan joan arren, berak irabazi zuen bandera, aurtengo San Miguel ligan lortu duen bigarrena. Ederki baliatu zuen haizerik ez egotea, beste txandetan ez bezala, eta isilean, mutu utzi zituen gainerako guztiak. Sailkapenean ere gora egin du, eta hirugarren da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.