Iban Zaldua. Idazlea

«Ukronia tresna ona izan daiteke gure orainaren hauskortasunaz jabetzeko»

Ipuin eta nobelagile gisa da ezaguna, baina komikigintzako gidoigile gisa ere ere harrera ona izaten ari da Iban Zaldua, Julen Ribas marrazkilariarekin elkarlanean sortu duen 'Azken garaipena'-ri esker.

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
«Xabiroi aldizkariko Dani Fanoren ekimena eta gogoa» funtsezkoak izan dira, Iban Zalduak dioenez(Donostia, 1966), Azken garaipena gauzatzeko. «[Fano] burugogor ari da idazleak eta marrazkilariak harremanetan jartzen, eta Julen Ribas eta biokin lortu zuen». Ikastolen Elkarteak liburu gisa argitaratu aurretik, Xabiroi-n agertu zen atalka Azken garaipena; liburuan eskuratu du hala ere istorioak «bere benetako dimentsioa», Zalduaren ustez. Eta, horrekin batera, baita irakurle eta kritikari askoren oniritzia ere.

Ukronia edo historia fikzioa da Azken garaipena, eta badu zientzia fikziotik ere. Zure ipuin eta nobeletan ere maiz erabiltzen dituzu ukronia nahiz zientzia fikzioa. Zergatik?

Fikzio guztiek, literarioek batez ere, mundu alternatiboak eraikitzen dituzte; «zer gertatuko litzateke, baldin eta…?» galderari erantzuten diote, gehienetan, baita adulterio baten inguruan edo lantegi bateko grebaz fikzio bat egiten duzunean ere, modu errealistenean edo garaikideenean alegia. Ukronia bat mikrounibertso alternatibo hori maila «makro» batera eramatea besterik ez da, testuinguru guztia ordezkatuz, aldaketa historiko hipotetiko batetik abiatuta. Zer gertatuko zen, naziek II. Mundu Gerra irabazi izan balute, gure komikian proposatzen dugun bezala? Edo txinatarrak izan balira Amerika kolonizatu zutenak XV. mendean? Historialaria naiz, eta irakasten dudanean ezin dut halako transgresiorik proposatu: plazer berezia ematen dit halako jolasetan aritu ahal izateak, beraz. Gainera, ukronia tresna ona izan daiteke gure orainaren hauskortasunaz jabetzeko: gauzak ez daude halabeharrez idatzita, aldaketa txiki batek guztiz desbidera dezake munduaren martxa.

Totalitarismoen aurkako kritika bat dago liburuan, eta denak antzekoak direla salatzen da.

Ni ez nintzateke hainbeste esatera ausartuko. Testuinguru totalitario batean garatzen den istorio bat dela defendatzeraino iritsiko nintzateke: hortik aurrerakoa irakurleak erabaki beharrekoa dela uste dut. Dena dela, ondorio berdintsuetara hel daitezkeela jakinda ere, oso argi daukat faxismoa eta sozialismo erreala, XX. mendean formulatu zen bezala, gauza ezberdinak direla; Primo Levi irakurtzea besterik ez dago, adibidez, horretaz jabetzeko. Eta badakit, bestalde, gure garaiak, gure munduak, historiaren ibilbide «normalaren» ondorio omen den honek, zantzu totalitario oso kezkagarriak dituela, geroz eta gehiago, nondik begiratzen diozun…

Istorio bera ipuin luze edo nobela baterako baliagarri izan litekeela uste duzu? Zerk egiten du istorio bat komikirako egoki?

Galdera zaila da, eta ez dut erantzun argirik: azken finean, ni pertsona kontraesankor berbera naiz zutabe bat, ipuin bat, nobela bat edo komiki bat sortzen ari naizenean. Bakarrik esan dezaket Azken garaipena formatu horretarako propio sortutako istorioa dela, eta bereziki bisuala izateko helburuarekin garatu nuela, lortu dudan ez dakidan arren. Baina, bestalde, lehen komentatu dugun bezala, ukroniaren baliabidea eta zientzia fikzioa behin baino gehiagotan agertu dira nire ipuin eta nobeletan, eta aurrerantzean ere hala gertatuko dela pentsatzen dut; beraz, auskalo…

Azkenaldian, nagusientzako komiki askotxo argitaratu da euskaraz, normalean baino gehiago. Loraldi baten zantzua dela uste duzu?

Hala izan bedi. Abiapuntua hain da ahula, ezen joan den urtekoa bezalako «produkzio» batek, hamar bat album jatorrizkoen, itzulpenen eta berrargitarapenen artean, izugarria baitirudi. Espero dezagun ilusio hutsean ez geratzea. Kontua da horretarako lan gehiago egin behar dela, eta apustu sendoagoak: argitaletxeek konfiantza handiagoa eduki beharko lukete generoan, beren ohiko edizio programetan sartuz, eta banatzaileek eta liburu dendek ahalegin berezia egin beharko lukete zabalkuntzaren aldetik. Gure megadendetan sartzea besterik ez dago komikiari, eta batez ere euskal komikiari, eskaintzen zaion lekuaren eskasaz —eta nahasiaz— jabetzeko. Sortzaileak ez baitzaizkigu falta, eta ez nolanahikoak gainera: Zaldieroa, Asisko Urmeneta, Patxi Gallego eta Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutia tandema eta Dani Fano bera adibide onak dira, gutxi batzuk aipatzearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.