«Herdoil» mentala kentzeko garaia

Angel Oiarbide (Gure Esku Dago), Manu Gomez (Etxarri Aranazko galdeketako herri plataforma), Txutxi Ariznabarreta (Independentistak sarea) eta Martxelo Otamendi (BERRIA) erabaki eskubidearen alde mintzatu dira Oiartzunen, mahai inguru batean.

enekoitz esnaola
Oiartzun
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bartzelonako prentsaurrekoan parte hartu bezperan Oiartzunen izan da Angel Oiarbide Gure Esku Dago mugimenduko bozeramailea, herriko plataformak antolatutako mahai inguru batean aritzeko. Galdeketa egiteko mentalitatea aldatu behar dela azpimarratu die aretoan bildutako 80ren bat lagunei. «Gure hormarik handiena ez dago 500 kilometrora [Madrilen], baizik eta geure buruan. Has gaitezen herdoil hori gainetik kentzen. Igual [Espainiako Estatuko] horma ez da hain handia, eta gainetik pasatuko dugu, edo igual, azpitik».

Manu Gomez Etxarri Aranazko kontsultaren plataformako bozeramailea, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko eleduna eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria ere izan dira hizlari mahai inguruan, eta hirurak bat datoz Gure Esku Dago-ren ekainaren 8ko giza kateak «arrakasta» izango duela. Zailtasunak bestelakoak direla diote: euskal gizartean nola erdietsi gehiengo zabal bat erabaki eskubidearen aldekoa izatea.

«Demokrata ez-independentistak ere galdeketaren alde egotea lortu beharko da», esan du Otamedik, eta Julia Otero kazetariaren adibidea jarri du. Otero sortzez galiziarra da, Katalunian bizi da, eta han egiten du lan, ez da Kataluniaren independentziaren aldekoa, baina herri kontsulta egitea nahi du. «Oterok hori duela urte batzuk zioen, artean Katalunian mugimendu edo abiadura hau ez zenean, eta esaten zuen ez duela nahi bera Espainiak ume bat balitz bezala tratatzerik, bestela iritzia aldatuko zuela eta». Hau da, bestela katalan independentista bihurtuko dela. Oraingoz, behintzat, Oterok ez du esan independentista bihurtu denik. Hango milaka eta milaka lagunek bilakaera hori egina dute; haien artean, jende ezagunak —esate baterako, aste honetan bertan, Joventut saskibaloi taldeko entrenatzaile Salva Maldonadok—.

Otamendiren ustez, Kataluniako prozesua «jatorra eta alaia da, eta Euskal Herriak oraindik ez du transmititzen irudi hori». Etxarri Aranazko galdeketa judizializatu ez izana goretsi du BERRIAko zuzendariak. «Kontsulta ezin baita gatazka bat izan», arrazoitu du Manu Gomezek. «Horregatik, Nafarroako Auzitegiak Etxarri Aranazko galdeketaren lehen saioa debekatu zuenean —udalak kontsultaren aldeko mozio bat onartu zuen aurrez—, erabaki genuen ez sartzea bide horretan, auzitegitik ateratzea gaia, eta herri plataforma batek beste dei bat egitea. Joan den apirilaren 13an egin genuen kontsulta, arazorik gabe». Festa eguna izan zen, eta plataformak «balorazio ona» egin du, «bideagatik ere bai». %41eko parte hartzea izan zen, eta %94k baiezkoa erantzun zioten «Nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan?» galderari.

Metaketa «loditu»

Ariznabarretaren arabera, erabaki eskubidearen aldeko metaketa «loditzea» da gaurko helburu nagusia, eta beste xede bat da independentziaren aldeko «gehiengo berri bat» sortzea, «abertzaletasunetik haratago doana. XXI. mendeko independentismoak guztiz zabala eta transbertsala izan behar du, ez soilik nortasunean ardaztatutakoa». Horrela, Gure Esku Dago goraipatu du Independentistak sareko kideak, «aniztasunean oinarritutako esperientzia erreal bat delako».

Erabakitzeko eskubidea «printzipio demokratikoa» dela diote laurek, eta Oiarbidek dio 2014a «baliatu» egin behar dela, batez ere Eskoziako galdeketagatik. «Europako superpotentzi batek —Erresuma Batuak— Eskozian legezko kontsulta independentista egitea ahalbidetu du. Mugarri historikoa izango da hori».

Oiarbidek jakinarazi du Gure Esku Dago-k kasik 140 plataforma dituela «jada». Gomezek garrantzi handia ematen dio horri. «Herritarren garaia da. Hau guztia ez dugu utzi behar politikari profesionalen esku. Jakina, gauzak ez ditugu egun batetik bestera aldatuko, baina bide honek kontzientziak mugiarazten ditu».

Otamendik ohartarazi du bidea «luzea» izango dela. «Katalunian duela hamar urte inork ez zuen aurreikusi oraingo prozesu hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.