'D3M eta Askatasuna auzia'. Epaiketa Auzitegi Nazionalean

«Gure jarduna beti izan da publikoa eta legezkoa»

'D3M eta Askatasuna auziko' hamahiru auzipetuek esan dute ez zituztela jarraitzen ETAren edo Batasunaren aginduakHerritarrei hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea bermatzea zen haien helburua

jokin sagarzazu
Madril
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ez ziren aritu ETAren esanetara. Ezta legez kanpoko beste erakunde baten izenean ere. Euren helburu nagusia euskal herritarrei hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea bermatzea izan zen, garai hartan, Alderdien Legea dela-eta, «ideia batzuen» hautagaitza falta zelako. Helburu hori lortzeko egin lan zuten, jendaurrean eta legeak ezarritako irizpideak betez, «beti». Hala adierazi zuten atzo D3M eta Askatasuna auziko hamahiru euskal herritarrek.

Atzo hasi zen epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen epaitegian. Epaiketako lehen egunean, auzipetuek garbi utzi nahi izan dute ETAk, Ekinek edo Batasunak ez ziela ezer sortzeko agindurik eman, eta, Fiskaltzak dioenaren aurka, azpimarratu dute ez direla inoizizan «EHNAM Euskal Herriaren Nazio Askapenerako Mugimenduko batzorde iraunkorrekoak». Adierazi dute D3M plataforma edo Askatasuna alderdiaren sortze prozesuetan edo ekitaldietan parte hartu bazuten, euren borondatez parte hartu zutela, eta eginiko lan guztia «legezkoa eta publikoa» izan zela.

Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeetara begira ETAren agindupean D3M eta Askatasuna sortzea leporatzen die Vicente Gonzalez Mota fiskalak. Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari ETAkoak izatea leporatzen die, eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du. Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanari, berriz, ETAri laguntza ematea egozten die, eta zazpi urteko zigorra eskatu du horientzat.

Akusazio horiek egiteko, fiskalak froga gisa hartu ditu Poliziak auzipetuen etxeetan eta miatutako egoitzetan atzemandako agiriak eta auzipetuek eta beste pertsona batzuek egindako agerraldi publikoak eta bilerak.

Jone Goirizelaia eta Kepa Landa abokatuen galderei erantzunez —ez diete fiskalaren galderei erantzun—, auzipetuek agerian utzi dute fiskaltzak erabilitako frogak arbitrarioak direla. Salatu dute miatutako agiri guztietatik gutxi batzuk atzeman zituztela poliziek; gehienak, ustez ezker abertzalearekin zerikusia dutenak, eta gogoratu dute horiek guztiak eragile horiek legezkoak ziren garaikoak zirela.

Bilerei dagokienez, auzipetuek azpimarratu dute ez zirela egin ETA, Ekin edo Batasunaren aginduz. Fiskaltzak dioenez, bilera horiek erakunde horien «egoitzetan» egiten ziren: Bilboko Herria Aurrera elkartean eta Gasteizko Izan Gasteiz elkartean. Zuriñe Zorrozua auzipetuak gogoratu duenez, elkarte horiek legezkoak ziren orduan eta legezkoak dira gaur egun, eta haien helburua herritarren parte hartzea sustatzea da. Hala, auzipetuek adierazi dute elkarte horien zereginetako bat Bilboko eta Gasteizko udaletan mozioak eta bestelako proposamenak aurkeztea dela, eta nabarmendu dute udaletako zinegotziekin eta Bilbo eta Gasteizkoeragileekin bilerak egiten dituztela horretarako.

Fiskaltzak, halaber, bere akusazio idatzian nabarmendu du auzipetuetako askok aurretik beste alderdi edo plataforma batzuetan parte hartu zutela: hauteskundeetarako zerrendetan, hautetsi gisa, prokuradore gisa edota langile gisa. Auzipetuek onartu dute hori, baina gogoratu dute eragile horietan parte hartu zutenean legezkoak zirela.

Atzo hasitako epaiketa honek Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak agindutako polizia operazio batean du jatorria. 2009ko urtarrilaren 24an zortzi herritar atxilotu zituzten. Lau egun inkomunikatuta eduki ostean, haiek espetxeratzeko agindu zuen Garzonek, Batasunaren buruzagitza «berreraikitzen saiatzea» egotzita. D3M eta Askatasuna legezkoak ziren artean, baina handik gutxira Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak debekatu egin zituen. Hauteskundeak igarota, baldintzapean aske geratu ziren zortzi atxilotuak.

Frogen hautaketa

Atzoko auzi saioan deklaratzen aurrena Amparo Lasheras izan zen. Lasherasek, beste auzipetuek bezala, adierazi zuen bere kabuz erabaki zuela D3M plataformari babesa ematea, eta nabarmendu zuen ez zela inoren esanetara aritu. Adierazi zuen ez duela inoiz legez kanpo utzitako alderdietako zuzendaritzetan parte hartu, eta noizbait hauteskundeetarako zerrendaren batean parte hartu badu «independente» gisa parte hartu duela, eta halaxe egin zuela D3M-n ere. Era berean, gaineratu zuen plataforma hori legez kanpo utzi zuenetik ez duelainolako ekimenik egin.

Antzera mintzatu ziren Arantza Urkaregi eta Iker Rodrigo. Biek nabarmendu zuten euren parte hartzea D3Mren alde sinatzea baino ez zela izan. Urkaregik ukatu egin zuen plataformako hautagai izan zela, eta gogoratu osatu aurretik atxilotu zutela.

Urkaregiri, Lasherasi bezala, zenbait prentsaurrekotan parte hartzea leporatzen dio fiskalak. Urkaregik gogoratu zuen prentsaurreko «askotan» parte hartu duela, eta ez bera, ez berarekin izandakoak ez dituztela deklaratzera deitu. «Hauteskundeetan parte hartzeko aukera egon behar zuela esan nuen nik agerraldi horietan. Hauteskundeak aukera bat zirela gatazka konpontzeko», nabarmendu zuen.

Agerraldi publikoez gain, Fiskaltzarentzat, ETAren, Ekinen edo Batasunaren aginduz aritzen zirela frogatuko lukete auzipetuen etxeetan atzemandako agiriek. Lasherasen kasuan, adibidez, ETAren Zutabe-ko ale bat atzeman zutela dio. Lasherasek gogora ekarri zuen kazetaria dela ogibidez, eta erakunde ugariren agiriak jasotzen dituela, baina poliziek soilik batzuk atzeman zituela.

Urkaregiri, berriz, Batasunaren sortze prozesuari buruzko agiriak izatea leporatzen diote. Hark, baina, gogoratu zuen beste askok bezala prozesuan parte hartu zuela, eta nabarmendu zuen Batasuna legezkoa izan zela harik eta 2003an legez kanpo utzi zuten arte.

Eli Zubiagaren kasuan, adibidez, Batasuneko Hezkuntza gaietako arduradun izatea leporatzen diote, haren etxean atzemandako agiri batzuengatik. Zubiagak ukatu egin zuen akusazioa, eta nabarmendu zuen beste alderdi eta eragile batzuen agiriak ere bazituela etxean.

Fernando Antiak, berriz, D3Mren sorreran parte hartu zuela aitortu zuen, bere kabuz, eta inoren aginduei jarraitu gabe. Plataformaren alde sinadurak biltzen-eta lan egin zuela adierazi zuen, eta horregatik atzeman zituztela D3Mren erregistroari buruzko agiriak, «legezkoak denak». «Operazioa egin zutenean, nire etxea miatu zuten. Armak eta lehergailuak topatzeko agindua zeukaten, baina paperak begiratu zituzten, baita haurren ipuinak ere», nabarmendu zuen. Gogoratu zuen, halaber, lan bera eginda zeukan beste pertsona bat ez dutela auzipetu.

Fiskalak ere froga gisa erabili du auzipetuetako askok aurretik gaur egun legez kanpo dauden alderdi edo plataforma batzuetan parte hartu izana. Hori da Imanol Nietoren kasua. Hark aitortu zuen EHAKn lan egin zuela, baina beti legezko baldintza guztiekin jardun zuela. Gogora ekarri zuen EHAKren aurkako auzian deklaratzera deitu zutela eta absolbitu egin zutela. «D3Mrekin dudan lotura Euskal Herriko 47.000 lagunek duten berbera da; alegia, sinadura eman nuen».

Agurtzane Solabarrietaren kasuan, fiskalak leporatzen dio Batasunaren komunikazio arduraduna izatea. Solabarrietak, baina, azaldu zuen bera kazetaria dela eta EAE-ANV alderdian komunikazio arloan lan egin zuela, atxilotu zutenean horretan ari zela eta D3Mrako ere komunikazio lan batzuk eginak zituela, baina bai EAE-ANV eta bai D3M legezkoak zirela orduan.

Hodei Egañak, berriz, azaldu zuen D3Mren ekitaldietan izan zela, baina mikrofonoak jartzen edota dekoratua antolatzen, bere lanbidea hori zelako. Plataformarekin, bestela, harremanik ez zuela azaldu du.

Bestelakoa da Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasari fiskalak egiten dien akusazioa.1998an Askatasuna alderdia sortzea leporatzen die. Munduate Askatasuna alderdiko presidentea izan zen, eta epaileei gogorarazi zienlegezko alderdi politikoa zela, eta Espainiako Barne Ministerioan erregistratuta zegoela. «Inork ez zigun agindu alderdia sortzeko». Isasak, berriz, adierazi zuen«milaka lagunen eskubide zibilak» urratuta gelditzeko zorian zeudelako erabaki zutela alderdia sortzea. Askatasunaren eta EHren estatutuen antzekotasunari dagokionez, biek esan zuten abokatu bati egin ziotela estatutuak idazteko enkargua, eta gogoratu zuten EH legezkoa izan zela.

Atzoko auzi saioan deklaratzen azkena Aitor Ligerzana izan zen —preso dago beste auzi batengatik—. Gasteizko Zaramazulo lokal okupatuko «arduraduna» izatea leporatzen diote. Han egindako miaketan suziri batzuk atzeman zituzten. Nabarmendu zuen lokal horretan elkarte ugari biltzen direla, festa batzordea tarteko, eta ukatu egin zuen han egiten diren ekitaldiak ETAk kontrolatzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.