Sorturen legeztatzea. Balorazioa

Sortuk «berehala» ekingo dio alderdia eratzeko prozesuari

«Ezkerreko eta abertzale diren milaka herritarren etxea» izango dela diote sustatzaileek; «eraikitzeko dagoen etxea»Erabakiak «legez kanporatzeen zikloa gainditzea» ekarri behar duela uste dute

Sorturen sustatzaileak eta babes helegitea aurkeztu zuten abokatuak, prentsaurrekoaren hotelera iristean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Auzitegi Konstituzionalak Sortu alderdi politiko gisa inskribatzea baimendu eta biharamunean, lanean hasteko asmoa adierazi dute sustatzaileek. «Berehala ekingo diogu Sorturen prozesu eratzaileari», adierazi du Maider Etxebarria idazkari nagusiak, ikusmin handia izan duen prentsaurrekoan. Prozesua «herri eta auzo guztietan» egingo dela eta ezker abertzaleko kideek parte hartuko dutela azaldu du, eta Sorturen oinarri ideologikoak, ildo politikoa, antolakuntza eredua zein komunikazio politika eztabaidatu eta erabakitzea izango duela helburu. Prozesu eratzailea azaroan amaitzea espero dute, hauteskundeak aurreratzen ez badira behintzat. Bozak aurreratuko balira, hauteskundeen ondoren itxiko litzateke prozesua.

Sortzaile figura sortuko dutela ere iragarri du idazkari nagusiak; Sorturen bazkideak izango direla sortzaileak, eta «berehalakoan» ekingo diotela horiek biltzeari.

Gustura agertu dira Sorturen sustatzaileak Iñigo Iruin abokatuarekin egindako prentsaurrekoan. Legeztatzearen berri izan ondorengo «lehen balorazioan», erabakia Euskal Herriarentzat «oso berri ona» dela esan dute. Areago, Auzitegi Gorenak duela 15 hilabete alderdi gisa eratzeko debekuari «buelta eman» izana «herri oso baten garaipena» dela-eta, eskertu egin du laguntza.

Sortu legezko jo izanagatik beragatik, eta horrek esan nahi duenagatik azaldu dute «poza» sustatzaileek. Izan ere, Etxebarriaren esanetan, «hamar urtez luzatu den legez kanporatzeen zikloa behin betiko gainditzea suposatu behar du» erabakiak, eta «garai politiko berriari tresna zaharrekin» erantzutea amaitzea.

Hala ere, bada sustatzaileei «kezka eta ardura» eragiten dien zerbait: «Oraindik ere badaudela Espainiako estatuan sektore batzuk oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzeko apustua egiten dutenak». Etxebarriaren ustez, «gatazka egoera batean iraun nahi duten sektoreak» dira horiek, «konponbide eta bake nahiei bizkar ematen dietenak».

Jarrera horiek irauli arazi nahi ditu Sortuk. Normalizazio politikoan eta bakegintzan aurrera egin. Eta, horretarako, Euskal Herriko politikagintzan parte hartzeko «konpromisoa» hartu du. «Milaka eta milaka euskal herritarren atxikimendua duen eragile bat gehiago bezala» jarduteko asmoa duela azaldu du; Sortu, ezkerreko eta abertzale diren milaka herritarren «etxea» izango dela; «eraikitzeke, partekatzeke eta dinamizatzeke dagoen etxea».

Bestetik, «Euskal Herriarekiko, zein nazio aitortza eta autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenekiko konpromisoa» ere adierazi du Sortuk.

Konponbideari dagokionez, «bakean eta askatasunean oinarrituko den etorkizuna eraikitzeko» elkarrizketak abiatzeko apustua egin du. Halaber, egoera ekonomiko larria gainditzeko irtenbideak proposatzeko konpromisoa adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.