Emakumeen Nazioarteko Eguna

Mundua ulertzeko tresna

Krisiaren ondoriozko giro ezkorrean, zer du feminismoak eskaintzeko? Mozketez, aurreiritziez, estrategiez eta militantziaz mintzatu dira mugimenduko hiru kide.

Ezkerretik eskuinera, Itsaso Blazquez, Nora Aurrekoetxea eta Begoña Zugadi, Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurtengo kartelaren inguruan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ez zaitezte bakarrik egon, zoratuta zaudetela pentsatuko duzuelako; batu zaitezte feministekin». Hitzaldi batean esaldi hori entzuteak bultzatu zuen Itsaso Blazquez Rodriguez (Bilbo, 1984) Bizkaiko Emakumeen Asanbladan sartzera. Feminismoa «leku seguru bat» da berarentzat: «Hitz egiteko, ikasteko, nire buruarekin hobeto sentitzeko». Eta, krisi garaian, «tresna bat» ere badela uste du, erabili eta hedatu beharrekoa. Ados daude Begoña Zugadi Rodrigo (Bilbo, 1983) FemistAlde! elkarteko kidea, eta Nora Aurrekoetxea Etxebarria (Bilbo, 1989), Bilgune Feministakoa. Bazterketa pairatzen ari diren andreak feminismora nola erakarri aztertzeko elkartu ditu BERRIAk.

Krisia izan da azken urteetako Emakumeen Egunetako mintzagai nagusia, baita aurtengoa ere: egungo abagune ekonomikoak dena estaltzen du, areago emakumeen bizimoduak, baldintzatu eta pobretu egin baititu. Honezkero, esparru ekonomikoaren muga gainditu du, Aurrekoetxearen hitzetan: «Ikasle zein militante moduan, inguruko emakumeengan ikusten dut egoera gaitz daukagula, eta horrek identitate krisia eragiten digula: ikasketak amaituko ditut, ez dut lanik edukiko, nora joango naiz? Desmotibazioa umorera iritsi da, gogora, bizitza ikusteko moduetara».

Baina, ezkortasun horretan, ikusgarriak al dira generoaren ondoriozko desorekak? Hiru feministek uste dute gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eza oharkabean pasatzen dela egungo arazo guztien artean. Feminismo instituzionala ahuldu izanarekin lotu du Zugadik, berdintasun politiken «urrezko urteak» amaitu direlakoan: «Murrizketekin argi geratu da berdintasuna ez dela lehentasuna, nahiz eta lehen inbertitzen zen dirua ez zen hainbesterainokoa, ez behintzat mantendu ezin izateko modukoa». Berdintasun faltsuaren irudiak duen eragina gehitu dio horri Blazquezek: «Jendeak uste du ez gaudela hain txarto». Areago, gizon eta emakume askok jarrera defentsiboa hartzen dute aldarrikapen feministen aurrean: «Sarritan, kritika guregana dator, ez sistemara».

«Krisi ideologikoa»

Ildo horretan, Zugadik etxe kaleratzeen aurkako mugimenduari begiratu dio begi bazterrez. «Jende asko pilatzea lortu du: pertsona batzuei suertatutako arazo batetik, inguruko asko aktibatu ditu». Martxoaren 8tik eta indarkeria kasu larrietatik harago, feminismoak ez du halakorik erdietsi. Agian, berdintasunaren «etsaia» ikustea ez delako hain erraza: «Etxe kaleratzeen errua bankuei lepora diezaiekegu, baina matxismoarena nork du? Gizartea da, gizartean dago. Horrek dakar jendeak ez ikustea».

Aurrekoetxeak gaineratu du emakumeen eskubideen aldeko mugimendua «deszentralizatu» egin dela: «Parekidetasuna ez da ikusten feminismoaren borroka esklusiboa denik; ematen du edonork hitz egin dezakeela auziari buruz». Baina, oro har, ezkortasuna «krisi ideologikoari» egotzi dio, batik bat bere adinekoez hitz egitean: «Gazteek onartu dute dagoena, ez dute borrokarako grinarik». Zugadik ere uste du protesta egiteko gaitasun handiagoa agertzen ari direla helduak: «Ongizatea ezagutu dute, eta orain konturatu dira galdu dutenaz, eta azkenaldian hartu diren erabaki batzuekin kritiko dira».

Izan ere, krisiaren ondorioak pairatzea herritar askoren pentsamoldea aldatzen ari dela antzeman dute hirurek. Baina, era berean, gogora ekarri dute beste hainbat ideologizazio prozesutan gertatutakoa: feminismoak harreman gatazkatsua izan du ezkerreko mugimendu indartsuenekin, historikoki bigarren planoan utzi izan dituztelako emakumeen eskubideen inguruko aldarrikapenak. Orain ere berdina gerta daiteke? «Agian», erantzun du Blazquezek: «Eta horregatik egon behar dugu prest gure ideiak zabaltzeko. Hori da aurtengo mezua: proposamenak badauzkagu, mahai gainean utzi ditugu, mundu guztiak ezagutu ditzan. Lortu behar dugu jendeak ikustea une honek eskatzen duen aldaketa ez dela txikia, baizik eta erradikala, hasieratik bukaerarainokoa».

Orduan, zer du feminismoak eskaintzeko? Zergatik hurbildu beharko lukete mugimendura krisia eta ezkortasuna bere gordinenean jasaten ari direnek? «Feminismoak gauza asko ulertzen laguntzen du», azaldu du Zugadik. «Batzuetan pentsa dezakezu sufritzen duzuna zure arazoa dela, isolatua, baina beste emakumeekin elkartzean konturatuko zara sistema baten parte zarela. Errazago ulertuko dugu zure egoera, eta agian zure bizimodua beste modu batera antolatzen lagunduko dizu».

Feminismoak «talde sentimendu bat» dakarrela berretsi du Blazquezek: «Munduko edozein lekutan sentimendu horrekin jarraituko duzu, emakumeak mundu guztian daudelako. Hemengo formula feministak Senegalen, Guatemalan, Txinan... aplika ditzakezu. Bidaiatzean, feminismoa da eraman dezakezun motxilarik onena». Hala, andrazkoen aurrerapausoak ikusten dituenean, «feminismoa, zein ondo», pentsatzen du, eta horrek ahizpatasuna sentiarazten dio: «Enpatiaren klimaxa da feminismoa».

Emakumeen eskubideen aldeko aldarria hedatzeko asmoan, alde dute «kutsakorra» dela, hurbileko harremanen bidez erraz hedatzen baita. Banaka-banaka egin beharreko lana, pazientziaz. Blazquez: «Pedagogia egitea zaila da batzuetan, jendeak dena jarriko dizulako auzitan, eta zerotik hasi behar duzulako, feminismoa zer den azaltzetik. Nire metodoa umorea da». Aurrekoetxea: «Andre asko daude egunero feminismoa egiten; agian ekarpen hori era antolatuan egiteko pausoa ez dute ematen, baina kolektiboaren parte dira. Horiekin beso zabalik egon behar dugu».

Hartara, krisitik indartuta ateratzeko aukera badagoela ondorioztatu dute. Horren seinale jo dute martxoaren 8aren harira kanpaina eta kartel bateratua atera izana Euskal Herri osoan. Sinbolikoa dela esan du Aurrekoetxeak: «Krisian gaude, baina batzeko apustua egin dugu feministok». Mugimenduaren beraren jabekuntzaz jardun da Zugadi: «Erakundeetatik gutxiago egiten badute, kaleko borroka indartu beharko dugu. Zeren kalean ez bagaude, ez gara inon egongo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.