'Bateragune auzia'

Helegitea onartuta, zigortuak aske utzi edo ez erabakiko du auzitegiak

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du 'Bateragune auziko' bost zigortuek jarritako helegiteaMamiari heldu aurretik, presoak libre utzi edo ez ebatzi beharko dute sei magistratuk

Bateragune auziko epaiketa, 2011ko ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. EFE.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aurrera urratsa da. Astiro etorri da, baina aurrerakoa da. Espainiako Auzitegi KonstituzionalakBategune auziko helegiteak tramiterako onartu ditu, bost espetxeratuen abokatuek jarri zutenetik hamar hilabete pasatu direnean. Txikia ez zen aurreneko langa gainditu dute. 2007an egin zuten lege erreformarekin zorroztu egin zituzten Konstituzionalean babes helegiteak tramiterako onartzeko arauak. Auziak «garrantzia konstituzionala» izateko baldintza jarri zuten, eta beraz, tramiterako onartuta, Bateragune auziak halaxe duela onartu du Konstituzionalak. Orain, Espainiako Auzitegi Nazionalak zigortutakoen oinarrizko eskubideak urratu zituen edo ez erabaki beharko dute Konstituzionaleko Lehen aretoko sei magistratuek.

Mamiari buruz erabaki aurretik, zigortuak aske utzi edo ez ebatzi beharko dute. Auzia tramiterako onartu orduko Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta aske uzteko eskatu zuten defentsek, eta horretaz erabakitzeko aparteko zatia egin du Konstituzionalak. Hain justu, zigor epaiaren exekuzioa bertan behera utzi edo ez erabaki beharko du. Defentsek ez ezik Fiskaltzak eta akusazio partikular gisa aritu den biktimen elkarteak euren balorazioak egiteko aukera izango dute aurrena, eta gero hartuko du erabakia Konstituzionalak.

Preso daudenen kasuetan erabaki hori ahalik eta azkarren hartu behar den arren, Auzitegiak ez du eperik horretarako. Nolanahi ere, erabakia uda baino lehen hartzea espero dute defentsek. Sei urte eta erdiko zigorra jarri zien Gorenak Diezi eta Otegiri, eta seina urtekoa gainerakoei. Hiru urte eta bost hilabete daramatzate preso Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak haiek atxilotzeko agindu zuenetik. Diezek gutxiago, epaiketaren aurretik behin-behinean libre egon baitzen, baimenarekin.

Lau eskubide urratu zirela argudiatu zuten defentsek Konstituzionalak aztertu behar dituen babes helegiteetan:errugabetasun printzipioa, inpartzialtasunaren printzipioa —Angela Murillo epaimahaiburuak epaiketan izan zuen jarreragatik—, akusazio printzipioa eta justizia eraginkorrerako eskubidea.

Ezker abertzalea bide politiko eta baketsu soiletara lerratzea eragin zuen eztabaida sustatzeagatik atxilotu, epaitu eta zigortu zituzten bost lagunak. Eztabaida hori ETAk aginduta bideratu zutela argudiatu zuen Fiskalak, eta beraz bost lagunak ETAkoak zirela esan. Irakurketa horixe hobetsi zuten Auzitegi Nazionalak eta Gorenak ere. Baina, Iruinek Konstituzionalean jarritako helegitean argudiatu zuenez, horretarako, logikaren kontra interpretatu zituzten epaiketara eraman zituzten hiru dokumentu.

«Froga ahulegia»

Hiru dokumentu erabili zituen Auzitegi Nazionalak bost zigortuak ETAkoak direla esateko: Bi ETAri egotzitakoak dira: Aurrera begirako ildoa: Fase politikoaren ezaugarritzea (2008ko udaberrikoa) eta Herri antolatuaren estrategia independentista baterantz. Nazio estrategia askapen prozesuaren eragile (2008ko abendukoa). Hirugarrena ezker abertzaleari egotzitakoa da: EAEko hauteskundeen balorazioa eta aurrera begirako ildoa (2009ko martxokoa). Epaien tesia da ETAk bigarren dokumentuan jarritako ildoak ezker abertzaleak bete dituela, hirugarren dokumentuaren arabera, eta horretaz akusatuak arduratu direla.

Txostenen artean egiten dituzten loturak, eta haietatik ateratzen dituzten ondorioak «logikaren kontrakoak» direla argudiatu zuen, ordea, Iruinek helegitean. Auzitegiak esku artean izan zituen zantzuzko frogekin interpretazio desberdinak egin daitezkeela, eta baita epaian jasotakoaren erabat kontrako ondorioak atera ere. Gainera, epaileen interpretazioari aurre egiten diotenzazpi kontrazantzu ere badirela argudiatu zuen. Auzitegiak hori onartuko balu, froga ahulegia dela esan, eta zigortuei errugabetasun presuntzioa urratu zaiela ebatzi beharko luke Konstituzionalak, bostak errugabetuz.

Ez litzateke magistratu batek zentzu horretako iritzia ematen duen aurreneko aldia izango. Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuenean froga ahulegia zela esan zuen Alberto Jorge Barreiro magistratuak. Bost magistratuetatik bi epaia onartzearen kontra zeuden, eta boto partikular bana idatzi zuten. Barreiro bost lagunak absolbitzearen alde azaldu zen, eta Miguel Colmenero Mendez, berriz, epaiketa berriz egitearen alde.

Angela Murillo epaimahaiburua partziala izan zela argudiatu zuen Colmenerok, eta beste zigor sala batek epaiketa errepikatu behar zuela esan zuen. Colmenerok emandako arrazoi gehienekin bat etorri zen Barreiro ere, baina, hala ere, epaiketa berriz egin ez, zigortuak errugabetu egin behar zirela argudiatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.