'Bateragune auzia'

Giltzapean edukiko dituzte, «interes publikoa» babesteko

'Bateragune auziko' mamiari buruz erabaki bitartean, bost zigortuak aske ez uztea erabaki bu Auzitegi KonstituzionalakEz du eperik muinari buruz erabakitzeko, eta Konstituzionalak ez du presarik

Arnaldo Otegiren, Amaia Zabaletaren, Sonia Jacintoren, Harkaitz Rodriguezen eta Rafa Diezen argazkiak, prentsaurreko batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Giltzapean mantenduko dituzte. Espainiako Gobernuak Fiskaltzaren bitartez egindako eskaera bete du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Harkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta ez ditu behin-behinean aske utziko, Bateragune auziko babes helegiteari buruz behin betiko erabakia hartu bitartean. «Konstituzioak babesten duen interes publikoa» zaindu nahi du horrela auzitegiko aurreneko salak. «Delitu larria» egozten zaienez, eta zigorra bost urtekoa baino handiagoa denez, preso mantendu behar direla ebatzi du auzitegiak.

Funtsean, Fiskaltzak emandako argudioak bere egin ditu Konstituzionalak, atzo kaleratutako bi autoetan. Berdina errepikatzen dute bi txostenek, batek Diezen abokatu Iñigo Iruinen eskaerari erantzunez, eta besteak Otegi, Rodriguez, Jacinto eta Zabaletaren eskaerei erantzunez.

Muga bost urtekoa dela dio Konstituzionalak. Alegia, bost lagunen kontrako zigorra bost urtekoa edo txikiagoa baldin bazen libre utziko zituela, baina sei urte zein sei urte eta erdikoak direnez zigor horiek, preso mantendu behar direla, nahiz eta hiru urte eta erdi daramatzaten preso haietako lauk. Aurreneko Aretoa Konstituzionalaren beraren jurisprudentzian oinarritu da hori esateko. Dioenez, muga horrek markatzen du «delitu larrien» eta «larritasun gutxiago dutenen» arteko marra.

Gainera, «talde terroristako kide» izatea egotzita zigortu zituztela nabarmendu du Konstituzionalak, eta hori «delitu larria» dela. Horrek «oinarrizko ongi juridikoei» eragiten diela, eta bost lagunak aske uzteak «larri urratuko» lukeela «larrialdiaren arabera zigorrak betetzeko interes publikoa, zeina Konstituzioak babesten duen».

Beste kasu batzuetan betetzeko falta ziren epeak txikiagoak zirenean ere, egotzitakoak «terrorismo delituak» baldin baziren berdin jokatu izan dutela ekarri dute gogora autoa sinatu duten sei magistratuek. Eta zigortuak aske utzi dituzten kasuetan, delitu arinagoengatik zeudela preso. Kasu honetan, auzitegiaren irizpidea ez betetzeko «arrazoi justifikaturik» ez dagoela dio.

Erabakia ez zuela espero esan zuen Jone Goirizelaiak ETB1eko Azpimarra saioan. Gainera, autoa bera «ahula» dela iruditu zaio. Erabakiaren kontra Nazio Batuen Erakundera jotzeko aukera aztertzen ari dela esan du: «Gelditzen zaigun aukera bat da Europara joatea, han aztertu dezatela hemen aztertzen ez dutena».

Erabakiaren berri jakiteko modua ere salatu egin zuen Goirizelaiak. Izan ere, erabakiaren autoa eguerdiko ordubata jota publiko egin zuten arren, komunikabideek goizean filtratu zuten ezker abertzaleko bost kideak preso mantentzea erabaki zuela Konstituzionalak: «Ohituta gaude, baina onartezina da Konstituzionalak halakorik egitea».

Auzitegia presarik gabe

Zigorraren ia bi herenak beteta dituzte bost auzipetuetatik lauk, eta Konstituzionalaren ohiko epeei begiratuta, behin betiko epaia ateratzerako zigor osoa edo ia osoa beteta edukiko dute bostek. Hala ere, auzitegiko magistratuek ez dute presa handirik erakutsi auziaren muinari eusteko. Antzeko erabakiak hartu izan dituenean, eta tartean presoak dauden kasuetan, «ahalik eta azkarren» edo «urgentziaz», erabakia hartuko duela jarri izan du Konstituzionalak autoetan, baina oraingoan ez du hala egin.

Iñigo Iruin abokatuak espero zuen halako aipamenen bat, «intentzioak» azaltzeko besterik ez bada ere, bai baitaki hori idatzi izan dutenean ere ez dela «azkar» etorri erabakirik. Jone Goirizelaia abokatuak Azpimarra telebista saioan azaldu zuen, halako esaldirik jarri ez dutenez, gainerako auzien ilaran jarriko dela Bateragunekoa ere, eta ez dela urgentziaz erabakiko. «Babes helegiteari buruz erabakitzerako zigor osoa betea edukiko duten itxura dauka, babes helegiteak bere zentzu guztia galduz».

Autoan jarri ez badute ere, auziari buruzko behin betiko erabakia «ahalik eta azkarren» hartuko dutela zabaldu dute auzitegiko iturriek, berri agentzien bidez. Ikusteko dago «ahalik eta azkarren» zenbat denbora izango den, izan ere, tartean sartuko baita Auzitegi Konstituzionala berritzeko prozesua.

Litekeena da autoak kaleratu zituen epaimahaiaren azken bilera izatea herenegun egin zutena, eta aurrerantzean beste talde bat arduratzea auziaz. Aukerak daude Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) bihar aukeratzeko berrituko diren lau epaileetatik berari dagozkion bi. CGPJk hori eginda, Espainiako Gobernuak aukeratu behar dituen gainerako biak ostiraleko Ministroen Kontseiluan hautatzeko ere badaude aukerak.

Horrek aldatu egingo du Konstituzionala, eta baita Bateragune auziaz erabakiko duen Aurreneko Aretoa bera ere, kontserbadoreago bihurtuz.

Haiek deliberatu beharko dute Auzitegi Nazionalak bost lagunak zigortuz epaia eman zuenean haien oinarrizko eskubideak urratu zituen edo ez. Auzitegi Gorenak ere berretsi egin zuen epai hura, zigor kopuruak hamar eta zortzi urtetik sei urte eta erdi zein sei urtera gutxitu zituen arren.

Defentsek diote Espainiako Auzitegi Nazionalak lau eskubide urratu zituela: errugabetasun printzipioa, inpartzialtasunaren printzipioa —Angela Murillo epaimahaiburuak epaiketan izan zuen jarreragatik—, akusazio printzipioa eta justizia eraginkorrerako eskubidea.

Ezker abertzalea bide politiko eta baketsu soiletara lerratzea eragin zuen eztabaida sustatzeagatik atxilotu, epaitu eta zigortu zituzten bost lagunak. Eztabaida hori ETAk aginduta bideratu zutela argudiatu zuen fiskalak, eta beraz bost lagunak ETAkoak zirela esan. Irakurketa horixe hobetsi zuten Auzitegi Nazionalak eta baita Gorenak ere, Iñigo Irunek salatu zuen arren, ondorio horretara iristeko baliatu zituzten agirietatik erabat kontrako tesia ere defendatu zitekeela.

Gainera, auzitegien iritzia ez da beste kasu batzuetan bezain irmoa izan. Gorenak epaia berretsi zuenean ez zuen aho batez egin. Bost epailetatik bi kontra agertu ziren, eta boto partikularrak argitaratu zituzten. Froga ahulegia zela esan zuen Alberto Jorge Barreiro magistratuak. Barreiro bost lagunak absolbitzearen alde azaldu zen. Miguel Colmenero Mendezmagistratuak, berriz, epaiketa berriz egin behar zela defendatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.