Gure Esku Dago mugimendua

Ideologia ezberdinak batzeko saioa, xede prepolitikoa lortzeko

«Demokratak metatzeko» helburua du Gure Esku Dago mugimenduak, erabakitzeko eskubidearen alde lan egitekoErabakia herritar guztiek hartu behar dutela nabarmendu dute; abertzale izan edo ez

Ekitaldiaren amaieran, Gure Esku Dago mugimenduko kideak, kantuan eta bideo klipean parte hartu duten artistak eta harri jasotzaileak, oholtzan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Irun
2013ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Gure helburua ez da abertzaleak batzea. Gure aldarrikapena ez da abertzalea. Gure helburua demokratak batzea da, helburu prepolitikoa lortzeko». Argi daukate batzean dagoela indarra. Herritarrak batzean. Ideologia ezberdinetako herritarrak. Naziotasun desberdina sentitu arren, euskal herritar direnak batzean. Haiek erabakiko baitute Euskal Herriaren etorkizuna. Autodeterminazioa dute helburu, erabakitzeko eskubidea. Etorkizunean zer izan nahi duten esatekoa. Eta hori demokrata guztiek defendatu behar dutela ulertzen dute. Demokraziaren beraren zutoina baita. «Demokraten metaketa» nahi dute. Eta ez dute hori politikarien esku bakarrik utzi nahi. Herritarrek egin beharreko lana dela uste dute, eta horretara doaz. Herritarrei akuilua sartzera, «goitik etorriko denaren zain» egon gabe ekimena har dezaten.

Gure Esku Dago mugimenduak ekitaldia egin zuen atzo, Ficoban. Jai giroko ekitaldia izan zen, sei harri jasotzaileren parte hartze eta guzti: harri borobil bana altxatu zuten Aimar Irigoienek, Joseba Ostolazak, Joxe Ramon Iruretagoienak, Agustin Iruretagoienak, Unai Bertizek eta Inhar Urruzunok. Metaketaren hasiera izan zen. Helburu eta erronken haizatzea.

Beharko dute haizea. Ez baitituzte erronka makalak jarri. Angel Oiarbidek azken hitz hartzean itsasontzi baten adibidea jarri zuen. Itsasoan aurrera egiteko ezinbesteko dituztela oihal handiak, haizea aprobetxatzeko. Bada, Gure Esku Dago-k «sare zabal, anitz eta sendoa» ehundu nahi du, dagoeneko badabilen indarra aprobetxatzeko. Indar hori abian da. Zelai Nikolas mugimenduko kideak esan zuen bezala, trena abian da. Eta Gure Esku Dago mugimenduak Euskal Herriaren bagoia gehitu nahi dio trenari. Besteak beste, Eskoziaren eta Kataluniaren bagoiak dituen trenari.

Aprobetxatu beharreko garai historiko batean da Euskal Herria, Oiarbide mugimenduko kidearen irudiko. Batetik, bertako egoera zehatza dago, «ziklo hasiera» bat. Eta horri gehitu behar zaio nazioartean eta, batez ere, Europan dagoen egoera.

Bereziki nabarmendu zuen datorren urtean «mundu mailako superpotentzia baten eremuan» autodeterminazio eskubidea garatuko dela. Alegia, Erresuma Batuaren barruan jarraitu nahi duen edo independente izatea nahi duen erabakiko duela Eskoziak. Oiarbidek argi dauka, horren ondoren, gauzak aldatu egingo direla, «pedigri demokratikoa» nahi duenak zail izango duela autodeterminazio eskubidea ukatzea. Eta hori, haize hori, aprobetxatu beharra dagoela konbentzituta dago.

Erabakitzeko eskubidea du oinarri Gure Esku Dago-k. Hala azaldu zuen Urtzi Urrutikoetxea kazetariak. Eta oinarri horren gainean herritarrak batzea dutela helburu: «Baldintza eta aurreiritzirik gabe, beste mila gaitan egon daitezkeen jarrera eta desberdintasunetatik haratago, gure herriaren etorkizuna erabakitzea geuri, herri honetako biztanle guztiei, baina ez beste inori dagokiola uste duten guztiei». Era eta adin guztietako herritarrek dute tokia «itsasontzian». «Euskal naziotasuna aldarrikatu, zein espainiarra, frantsesa edo munduko beste edozein, hemen bizi garen denok osatzen dugu herri hau, eta denoi dagokigu gure etorkizuna erabakitzea».

Hiru hitzetan dena

Nazioarteko babesa irudikatu zuten hiru lagunek ere hartu zuten parte atzoko ekitaldian. Flandriako Steaven Vergauwenek eta Eskoziako Cris Whitek bideoz hitz egin zuten, eta Anna Arque katalana bertan izan zen. Erreferendumak antolatzen aritu zen hura Katalunian. Euskaraz saiatu zen arren, katalanez egin zuen hitz hartzearen zati handiena, baina ederki ulertu zioten aretoa bete samartu zuten lagunek.

Hiru hitz xalorekin «tolerantzia demokratikoaren zama guztia» bildu du Gure Esku Dago-k, haren irudiko. Lanerako deia egin zuen, haren ustez, giltza gizarte mugimenduak baitu. Azaldu duenez, halaxe ikusi zuten Katalunian: norberak ezkutuan, barnean, modu intimoan zuen sentimendua ateratzea lortu zuela herritarren mugimendu batek eta, gero, isla izan zuela politikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.