Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Herriaren Herrira, tantaka

Elkarretaratze eta ekitaldi ugari egin dituzte Euskal Herri osoan, 'Euskal presoen eskubideen eta konponbidearen alde'Manifestazioa egingo dute gaur Bilbon, 17:30ean, Casilla kiroldegitik abiatuta

Bilboko udaletxearen aurrean egin zuten elkarretaratze nagusia sindikatuek. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar, Hodei Iruretagoiena, Edurne Begiristain - Joxerra Senar - Jenofa Berhokoirigoin
2013ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Herrira mugimenduaren jarduerak etetea agindu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, baina mugimendua ez duela geratu erakutsi zuten atzo milaka herritarrek. Kontrara, Euskal Herri osoko kaleak hartu zituen euskal presoen eskubideen aldeko olatuak, eta hamaika txokotara zabaldu ziren Herrira-ren aldarriaren sinbolo bihurtu diren tanta urdinak: plazetara, lantegietara, ikastetxeetara, kaleetara... Azken batean, herritarren eskuetara.

Goizean, ELA, LAB, ESK, Stee-Eilas, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuen deiari erantzunez, elkarretaratzeak egin zituzten herritarrek hiri eta herri nagusietako udaletxeen aurrean eta industrialde eta ikastetxe askotan. Herrira «kriminalizatzeko» egindako operazio «politikoa» salatu eta mugimenduaren jarduna aldarrikatzeko asmoz, Euskal presoen eskubideen eta konponbidearen alde lelopean egin zuten deia sindikatuek.

Arratsaldez, berriz, modu ezberdinetan jarraitu zuen bere bidea kaleko olatuak. Irekialdiak egitera deitu zuten asteazkenean kultura eta kirol munduko eta gizarte eragileetako lagunek, eta arratsaldetik gauera luzatu ziren egitarauak antolatuz erantzun zuten leku askotan. Musikak, mobilizazioek, kirolak, denak balio izan zuen atzo elkartasuna adierazteko. Gaur, 17:30ean izango da zita Bilboko La Casillan, «tantaz tanta, itsasoa sortzeko».

BIZKAIA. Konponbidea, berton

Milaka herritarrek parte hartu zuten Bizkaiko dozenaka herri, auzo eta txokotan antolatu ziren mota guztietako ekintzetan. Sindikatuek eguerdirako egindako deialdiak jende andana batu zuen. Bilbon, esaterako, ehunka herritarrek bete zituzten udaletxe aurreko eskailerak eta behealdeko espaloia, Denok gara Herrira eta Herrira aurrera zioten txartelak eskuetan zituztela.

«Espainiako estatuak ilegalizazioen zerrenda eta inputatu politikoena handitzen jarraitzea» salatu zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak protestan. Espainiako Gobernuak ez duela «konponbide demokratikoa» eraikitzeko asmorik erakutsi du operazioak bere ustez, eta beraz, konponbidea «hemen, euskal eragileen artean eraikitzeko» deia egin zuen. Hartarako, mobilizatzeko eskatu zien herritarrei: «Euskal Herrian konponbidea eraikiko da estatuaren politika honek porrot egiten duenean. Eta hori, gehiengoak guzti hau benetan arbuiatzen badu lortuko da».

Adolfo Muñoz ELAren buruak presoen eskubideen zein antolatzekoaren aldeko konpromisoa berretsi zuen. «Inork ez luke gatazka gaindiko lanetik kanpo geratu behar; eragile politiko, sindikal eta sozial bakar batek ere ez».

Iluntzean, Jesusen Bihotzetik Arriagara arteko manifestazio jendetsua egin zuten ehunka lagunek, eta minutu zaratatsu batekin amaitu zuten mobilizazioa.

Goiztiarrenek 10:00etan abiatu zuten 12 orduko protesta, Gernikan. Barakaldon, eguerdian jarri zuten martxan egun osoko Elkartasun Gunea. Mobilizazioak kultur ekitaldiekin uztartu zituzten beste hainbat lekutan; Arrigorriagan, Bermeon, Ugaon, Urduñan, Larrabetzun, Mungian, Gamiz-Fikan eta Bakion, esaterako.

GIPUZKOA. Egun osoz, kalea bete aldarri

Udaletxe aurrea edo herriko plaza izan zen kalera irten ziren herritarren topagune Gipuzkoako herri askotan, 12:00etatik 12:30era; esaterako, Zarautzen, Tolosan, Lezon, Errenterian, Oiartzunen eta Usurbilen. Azken horretan, 80 lagun inguru bildu ziren, eta sindikatuen ordezkariak hartu zuen hitza elkarretaratze amaieran, Bilborako deia egiteko. Manifestazioaren garrantzia nabarmendu zuen Zarauzko elkarretaratzean parte hartu zuen Itxaso Urtiagak ere, Herrira-ren aurkakoa «herri honen aitortzaren eta burujabetzaren alde borrokatzen dugun guztion aurkako erasoa» izan dela azalduta.

Lantegi eta ikastetxeetan ere atera ziren kalera herritarrak, lanuztea eginda; Donostian, adibidez, industriaguneetan, EITBren Miramongo egoitzan, ospitalean, udaletxean eta Foru Aldundian egin dituzte elkarretaratzeak. Beasaingo CAFen, aho batez onartu zuten deialdia LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuek, eta eguerdiko txanda aldaketak ere aprobetxatu zituzten zenbait lekutan kalera irteteko, Usurbilgo Michelinen kasu. Donostiako Ernaiko kide batzuek, berriz, «itxi» egin zuten hango PPren egoitza euskal preso eta iheslarien aldeko ikurrekin, «Espainiaren politika kriminala» salatzeko.

Arratsaldez ere kalean jarraitu zuen Herrira-ren aldeko aldarriak, Irekialdien baitan egindako kultur ekitaldiekin. Kontzertuak ere antolatu zituzten Arrasaten, Zaldibian, Zarautzen eta Hernanin, eta Ordizian, Zumarraga-Urretxun eta Ataunen, adibidez, iluntzera arte luzatu zituzten elkarretaratzeak, txandatan banatuta. Manifestazioekin amaitu zuten leku gehienetan eguna. Donostian, mila kandela banatu zituzten, mosaiko handi bat osatuz.

ARABA. Bilkura iraunkorra Gasteizen

Mobilizazio ugari egin ziren atzo Arabako eskualdeetan Herrira-ren aurkako sarekada salatzeko. Gasteizen, industrialdeetako atarian izandako protestekin batera, zortzi orduko elkarretaratze iraunkorra egin zuten Andre Maria Zuriaren plazan, 12:00etatik 20:00etara. Presoen eskubideen aldeko pankarta beraren atzean, txandaka parte hartu zuten sindikatuek, gizarte eragileek eta alderdi politikoek egun osoko bilkuran. Ane Zelaia sarekadan atxilotutako eta aske utzi duten gaztea ere izan zen bertan.

Sindikatuen izenean, Endika Rodriguez EILASeko ordezkariak Herrira-ren aurkako operazioaren «bultzada politikoa» salatu eta gaurko manifestaziora joateko deia egin zien herritarrei. Alderdien ordezkaritza zabal batek ere parte hartu zuen bilkuran: EH Bilduko legebiltzarkideak ganberako osoko bilkuratik atera ziren eta elkarretaratzean izan ziren, eta EAJ, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Gorripidea alderdietako zenbait kidek ere babesa agertu zioten Herrira-ri. Iluntzean, ostiraleko presoen aldeko elkarretaratzearekin bat egin zuen protestak. Hura amaitzean, manifestazio jendetsua egin zen hiriko erdigunetik.

Gasteizen ez ezik, Arabako herri askotan ere bilkurak eta giza kateak antolatu ziren. Laudioko udalak, gainera, ez ohizko bilkura egin zuen sarekada salatzeko.

NAFARROA. Debekuen gainetik

Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak ez du Herriraren aldeko elkartasuna ozpotatzea lortu. Euskal Herri osoan bezala, Nafarroan operazioaren aurka hainbat kontzentrazio deituta zituzten ELA, LAB, ESK, CGT, EHNE eta Hiru sindikatuek baina gobernu ordezkaritzak Tuterakoa, Iruñekoa, Altsasukoa eta Berakoa debekatu zituen «presazko deialdia» ez zela eta «terrorismoaren gorazarrea bilatzen» zutela iritzita. Nafarroako Goi Auzitegiak atzo goizean berretsi egin zituen debeku horiek. Euskal Herri osoan tankerako beste ehunka elkarretaratze egin ziren eta Nafarroako lau horiek debekatuak izan ziren. «Zergatik Donostian edo Bilbon posible da manifestazioa egitea eta Iruñean ez? Ez du zentzurik eta arrazoi bakarra da Alba neofrankista dela», zioten sindikatu deitzaileek.

Iruñeko udaletxe aurrean eguerdian deitutakoa desegin egin zuen Espainiako Poliziak eta Tafallan Guardia Zibilak 19 lagun identifikatu zituen «modu txarrean», nahiz eta 18 solik zeudenez ez zuten behar baimenik. Hala ere, debekuen eta polizien gainetik, beste hainbat toki eta lantokitan makina bat nafarrek euren elkartasuna adierazi zuten.

Arratsaldean, berriz, 20:00etan Iruñeko Sarasate pasealekuan elkarretaratzea eta manifestazioa deituta zegoen, eta ehunka pertsonak bat egin zuten mobilizazio horrekin.

IPAR EUSKAL HERRIA. Hiru lurraldeak mobilizaturik

Hendaiatik Maulera, eguneko ordu ezberdinetan egin zituzten mobilizazioak Ipar Euskal Herrian. Sokoa enpresako LAB sindikatuko ordezkariek deiturik, berrogei bat lagun elkartu ziren eguerditan Hendaian. Ordu berean, Baionako Bernat Etxepare lizeoko 230 bat ikaslek manifestazioa egin zuten, Ikasi eta Irauli ikasle mugimenduak deiturik.

Astirirako, Herrira-k zuen lurralde bakoitzean hitzordu bat finkaturik. 18:30ean elkartu ziren Maulen, eta 19:00etan, giza katea osatu zuten Donibane Garazin laurogei bat lagunek. Miarritzen 19:30ean egin zuten elkarretaratzea, Amerika Latinoa jaialdia dagoen gunearen aitzinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.