Erabakitzeko eskubidea. Kataluniari buruzko eztabaida Espainiako Kongresuan

Espainiako tramitea amaitu da

Kataluniako kontsulta baimentzeko proposamena atzera bota du Espainiako Kongresuak, PP eta PSOEren botoekinAlderdi subiranisten arabera, ezezkoak ez du prozesuaren bide orria aldaraziko

PPren diputatuak Espainiako Kongresuan —tartean hainbat ministro—, Rajoyri txaloka. J. J. GUILLEN / EFE.
Ion Orzaiz.
2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Nahi gabe, baina Madrilek subiranismoari eskaintzen dion elkarrizketa ereduaren irudi perfektua eman zuen atzo Mariano Rajoy presidenteak Espainiako Kongresuan: Kataluniako erreferendumari buruzko eztabaidaren erdian, sakelako telefonotik hizketan hasi zen Rajoy, Izquierda Plural taldeko eledun Joan Coscubielaren diskurtsoari jaramonik egin gabe. Haren ondoan, Soraya Saenz Santamaria presidenteordea. Sakelakoa belarrian, honek ere. Zenbait minutu lehenago «elkarrizketarako prest» azaldu zen Rajoy, baina egiazki, entzungor egin zien diputatu katalanen argumentuei.

Izan ere, entzun nahi ez duenaren solasa da Espainiako presidenteak atzo eskaini zuena. Horrexegatik nabarmendu zuen, behin eta berriro, «subiranotasun bakarra espainiar herriarena dela» edota Espainiako konstituziotik at «demokraziarik ez dagoela». Madrildik pasatzen ez den biderik ez dela existitzen, alegia. Eta horregatik bozkatu zuen erreferenduma antolatzeko eskumena Kataluniaren esku uztearen kontra.

Espero bezala, lege proposamena atzera bota zuen kongresuak: 299 kontrako boto, aldeko 47 eta abstentzio bakarra. Emaitza horrekin eta unionismoak agertutako jarrera itxiarekin, lurperatua gelditu da hirugarren bidea: Espainiaren eta Kataluniaren arteko hitzarmenean oinarritzen dena. Betidanik halako itun baten alde agertu den Josep Antoni Duran i Lleidak —CiU— ere harriduraz erantzun zion Espainiako Gobernuko presidenteari atzoko saioan: «Uste nuen zirrikituren bat zabalduko zeniola elkarrizketari, baina ez, gaur gaurkoz, ate guztiak itxi dituzu». Izan ere, aukera bakarra utzi zien Rajoyk subiranistei: «Gauzak aldatu nahi badituzue, plantea ezazue konstituzioaren erreforma bat, eta horretarako prozedura egokia aplikatu».

PPren eta Espainiako Gobernuaren itxikeriatik aldendutako diskurtsoa egin nahi izan zuen PSOEko buru Alfredo Perez Rubalcabak. Alde hori, baina, azalean gelditu zen, funtsean, antzeko mezua helarazi baitzuen oposizioburuak: «Sozialistak gara, ez nazionalistak, eta ez ditugu batere maite Espainiaren eta Kataluniaren artean hautatzera behartzen gaituzten prozesuak». Horregatik, konstituzioa aldatzeko deia egin zien alderdi guztiei, «federalismoaren bidean aurrera egiteko», baina Madrilen agindupean, betiere.

Espainiar unionismoaren bi ordezkari nagusien agerraldiaren ostean, prozesu subiranistari eusteko asmo osoa agertu dute Kataluniako alderdi independentistek. ERCko diputatu Marta Rovirak, adibidez, «gauza bakarra» ondorioztatu zuen atzoko saiotik: «Kataluniak ez duela tokirik Espainiaren barruan». Alderdi bereko Alfred Boschek, bestalde, gaineratu zuen Madrilen ezezkoak ez duela kontsulta geldituko: «Kongresuko saioa aldez aurretik moldatutako partida baten antzekoa izan da, emaitza ezaguna baitzen aldez aurretik. Hala ere, Espainiak ezin izanen du prozesua deskarrilatu».

Madrilgo bozketa amaitu eta minutu gutxira, agerraldia egin zuen Artur Mas Kataluniako presidenteak. Diputatu katalanak zoriondu zituen Masek, eta unionismoak «akats bat» egin duela nabarmendu: «Kataluniako herriak eskua luzatu dio Espainiari, baina espainiar nazionalistek bizkarra eman diote borondate horri. Hala ere, gure eskuak zabalik jarraituko du aurrerantzean ere. Prozesua ez da eten eta bide berriak bilatuko ditugu, Espainiako Kongresuak ezin baitu Kataluniaren nahia zapuztu».

Atzoko saioaren balorazioa egin zuen CUP alderdiko ordezkari David Fernandezek ere. Haren esanetan, bozeramaile katalanen «diplomaziak» talka egin zuen «intrantsigentziaren harresiaren kontra», baina gaineratu zuen kongresuaren borondate ezak ez duela prozesua baldintzatuko.

Izan ere, Madrilen ezezkoaren ostean, legezko beste aukera bat gelditzen zaio Generalitateari: Kataluniako Parlamentuak irailean onartuko duen kontsulta legea. Arau hori oinarritzat hartu nahi du Masek, azaroaren 9rako egitekoa den kontsulta antolatu ahal izateko. Hala ere, PPk eta PSOEk dagoeneko adierazi dute legea onartu bezain laster helegitea aurkeztuko dutela Auzitegi Konstituzionalean.

Epaileek legea baliogabetu dezakete, baina ordurako, kontsultarako deialdia tramitatua egonen da. Erabaki zaila izanen du Masek: kontsulta deialdiari eutsi ala horretarako baldintzak betetzen ez direla iritzita, bertan behera utzi eta hauteskundeak aurreratu. Bigarren aukerari heltzen badio, izaera plebiszitarioa emanen litzaieke bozei; hau da, botoak estatu independente baten aldekoak edo kontrakoak balira bezala zenbatuko lirateke, eta subiranismoak duen indarra neurtzeko balioko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.