Venezuela. Hugo Chavezen heriotza. Soslaia. Nicolas Maduro

Chavezen zapatak jantzita

Samara Velte.
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Malkoei nekez eutsi zien Nicolas Maduro presidenteordeak asteartean, Venezuelako Gobernuko ministroez inguratuta bigarrengoz jendaurrera agertu zenean: «Nazioarentzako albisterik gogorrena ematera nator: Hugo Chavez presidentea hil egin da gaur, arratsaldeko laurak eta hogeita bostean». Gobernuak bazekien albistea aurki emango zuela. Ordu batzuk lehenago ere zuzendu zitzaien herritarrei, kupula militar-politikoarekin konfiantza izan zezatela eskatzeko. Chavezek gehiago aginduko ez zuela esateko modua zen.

Haren heriotzaz geroztik, presidente arduradunaren kargua hartu du Madurok hauteskundeak egin bitartean, Venezuelako Konstituzioak agintzen duenez. PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Bateratuak oraindik ez du ofizialki hautagai izendatu, baina alderdiko kideek apenas jartzen duten zalantzan bera izango dela hurrengo presidentea. Chavezek berak hautatu zuen oinordeko iazko abenduaren 9an, hirugarren ebakuntza egin baino bi egun lehenago. Kubara abiatzear zela, argi azaldu zizkien herritarrei egin beharreko etxeko lanak: «Gaitasunik gabe utziko nindukeen zerbait gertatuz gero, ez da soilik Nicolas Maduroren betebeharra izango agintaldia amaitzea. Nire iritzi sendoa, ilargi betea bezain osoa, aldaezina, erabatekoa eta absolutua da hurrengo hauteskundeetan bera aukeratu behar duzuela Venezuelako Errepublika Bolivartarreko presidente».

Gaixoaldiak iraun duen bitartean, ondo-ondoan eduki du Chavezek Maduro. Hark ematen zuen gobernuaren erabaki nagusien berri, eta harenak izaten ziren presidentearen osasun egoerari buruzko hitz esperotuak. Orain, presidente zenak hasitako lanari eusten asmatu beharko du. Venezuelako agintea, ordea, Chavezen formara moldatuta dago erabat, eta horra egokitu beharko du.

Caracasko familia txiro batera jaio zen Maduro 1962an. Gaztetatik aritu zen mugimendu sozialistetan; ikasle zelarik, ikasle erakundeetan, eta batxilergoa amaitutakoan, sindikalismoan. Caracasko Metroko langileen sindikatuko buru gisa jardun zuen 1990eko hamarkadan. Garai bertsuan hasi zen Chavezen Venezuelako Mugimendu Bolivartar Iraultzailean militatzen. 1992ko estatu kolpe saioaren ostetik, Chavez espetxetik ateratzeko kanpainan aritu zen nekaezin. Orduan indartu zen bien arteko harremana. Madurok Cilia Flores bikotekidea ere ezagutu zuen, abokatua eta gerora PSUVeko presidenteorde izango zena; gaur egun, errepublikako prokuradore nagusia da.

Chavezi presidentetza eskuratzeko balio izan zioten 1998ko hauteskundeetan, haren aldeko kanpainan aritu zen Maduro; handik urtebetera, konstituzioa berritzeko batzorderako diputatu aukeratu zuten, eta hurrengo urtean, Asanblea Nazionaleko kide. 2006ra arte parlamentari izan zen —tartean, legebiltzarreko presidente—, harik eta Chavezek bere kabineteko Atzerri ministro izendatu zuen arte.

Kanpo politikan, ildo chavistari eutsi zion: Txinarekin eta Errusiarekin harremana sendotu zuen, eta Kolonbiarekikoa ere nabarmen goxatu zuen Juan Manuel Santos agintera iritsi ostetik. Kubarekin lotura handia zuen lehendik ere, han jaso baitzuen sindikalismorako prestakuntza. Venezuela Mercosur merkataritza sarean sartzeko negoziazioak bururaino eraman zituen 2006an. AEBekiko, aldiz, kritiko agertu da beti. Barack Obamari George W. Bushen «zinismo eta perbertsio» berberak egotzi zizkion: «Tamalez, hark ere ez du Venezuelako errealitatea ulertzen».

Iazko urriaren 10ean Chavezek errepublikako presidenteorde izendatu zuen, ordura arte funtzio hori betetzen zuen Elias Jauak postua utzi baitzuen Miranda eskualdeko gobernadore izateko. Ordutik, Chavezi itsatsita igaro ditu azken hilabeteak. Presidentearen gertukoenak soilik zeuden lekuetan egon da: azken ebakuntzaren ostean Habanara joan zen presidentearen senideekin, eta haren osasun egoerari buruzko xehetasunak zekizkiten gutxienetakoa zen.

Chavezen alboan, isila eta diskretoa da. Ez du ahotsa gehiegi altxatzen, eta ez da hitzaldi zalapartatsuen zalea. Nazioarteko harremanen garrantziaz jabetzen da, eta haren pragmatismoa nabarmendu dute berekin negoziatzen jardun duten nazioarteko mandatariek. Arreta gehiegi deitu gabe, entzun egiten du hitz egin aurretik, eta oraingoz ez du bere buruaz irudi bereizgarririk eraiki.

Maduro ez baita Chavez. Ez du haren karismarik, presidentea zena azken hilabeteotan bere itzala oinordekoari josi nahian aritu den arren. Berandu baino lehen, haren ospea hartu behar zuen Madurok, haren aginteari ere heldu aurretik. «Erabateko iraultzailea da», esan zuen Chavezek behinola bere ordezkoari buruz. «Haren gaztetasuna gorabehera, esperientzia eta dedikazioa handiko gizona da, lanerako, lidergorako eta egoera zailenak kudeatzeko gaitasuna duena».

Galdera da munduak ez ote zukeen Maduroren aurpegia lehenago ezagutu behar. Chavezek prest utzi du 2013tik 2019ra bitartean bete beharreko helburuen zerrenda, eta pentsatzekoa da Madurok zalantzarik egin gabe beteko dituela haren aginduak. Hugo Chavezek bere alde zeukan ondare preziatuena gobernatzen ere asmatu beharko du, ordea: herritarren estimua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.