Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia

Inork irabazi nahi ez duen txapela

2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Igandeko finalean kantatuko duten zortzi bertsolarien adierazpenak entzun eta irakurri ditugu han eta hemen azken egunotan. Bakoitzak finalari begira dauzkan asmo pertsonalak zein kolektiboak, zein gorputzaldirekin iristen diren eta horrelakoak. Bertso txarrik edo alferrikakorik ez botatzea, finalean arrastoa uztea edo oharkabean ez pasatzea dira denen helburuak, baina inork ez du esan, «txapelaren bila noa» eta gisakorik. Beste edozein lehiatan munduko gauzarik normalena litzatekeen hori ez baita politikoki zuzena bertsoen Tzanpionz League honetan. Izan ere, igandekoa lehia-lehia ere ez omen da, askoren iritziz, eta, zer esanik ez, oholtzara igoko diren zortzi bertsolariak ez dira arerio. Oholtzan eta oholtzatik kanpo, elkarren lagun, noski. Testuinguru honetan, zorigaiztokoa, inork nahi ez duen txapel hori irabazten duen bertsolaria.

Kosta egingo zait sinestea, ordea, oholtzara igoko diren zortzi bertsolari puska horietako edozeinek bere burua txapelaren azpian sekula ez duela irudikatu esaten badit, ametsetan bada ere. Zerbaitegatik daukalako, aro moderno honetan belodromoan lehenik eta azkenaldian BECen jokatzen den final handiak daukan sona eta itzala. Garrantzitsua delako, oso, jokoan jartzen dena.

Egungo txapelduna da aurtengo lehian kantuan entzun ez dugun bakarra, eta uste dut denok gaudela gogoz bera kantuan noiz entzungo. Iturri fidagarriek filtratu dutenaren arabera, ikaragarri ondo ari da bertsotan azken boladan, eta txapela gogor defendatuko duela ez dago zalantzarik. Ikusmin handia sorrarazi du igandean egin dezakeen horrek, bere helburua «esatea, inguruko gauzei buruz hitz egitea» izango baita.

Aspiranteak. Amets Arzallus: orain lau urte bigarren egin zuen eta askoren ustez txapela irabazteko hautagai sendoenetako bat da. Gauza harrigarriak egiteko gai da. Igor Elortza: indartsu itzuli da orain lau urte finaletik kanpo geratu ostean, askok aurtengoa bere finala izan daitekeela diote. Sustrai Colina: erregularra, eta azkenaldian erregularra baino zerbait gehiago, sorpresa eman dezakeen beste bertsolari bat. Beñat Gaztelumendi: urteak pasa arren beti gazte aurpegiarekin, bere lehenengo finala da baina bera ezagututa, ez dirudi BECera egun-pasa joango denik. Aitor Mendiluze: sailkapen fasean ez du bere mailarik onena eman, baina finalean ez du barkatuko. Unai Iturriaga: bere onena ematen duenean ez du parekorik publikoa poltsikoratzen, txapeldunorde izatea zer den badaki, eta aurten koxka bat gorago igo nahi luke. Eta Aitor Sarriegi: txiripaz sailkatu da finalerako, baina ez dugu ahaztu behar egungo Gipuzkoako txapelduna dela eta aurreko finalean ere kantatu zuela. Edozer egiteko gaitasuna dauka.

Badakit, lehia ez da garrantzitsuena, baina hori ere bada txapelketa. Bertso onak entzungo ditugula ziurtzat jo daiteke, eta gero gerokoak... Ez dakit horrelako esaldi futboleroa botatzea zilegi den baina: onenak irabaz dezala! (bertsotan, nor da nor baino hobea, ordea?).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.