Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Mutil-lagun alemaniarra

Prostituzioaren gaiari heldu dio François Ozonek bere azkeneko filmean. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
'Jeune et Jolie'

Zuzendaria: François Ozon. Aktoreak:  Marine Vacth, Geraldine Pailhas. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 95 minutu.

François Ozon gidoigile eta zuzendari frantsesak Cannesko Sail Ofizialean aurkeztu zuen Jeune et jolie lan bikaina. Orduko hartan ez zitzaion saririk egokitu, baina horrek ez du esan nahi filmak merezi ez duenik, aurtengo edizioko perla distiratsuenetakoa baita. Are gehiago, zoragarria eta liluragarria dela esango nuke, eta une askotan hunkigarria gertatzen da. Istorio sinple eta aldi berean indartsua, irmoa, gauzatu du iazko Urrezko Maskorraren garaileak.

Prostituzioaren gai korapilatsuari buruz diharduenez, polemika sortzea helburu duela esan daiteke; azken finean, hausnarketa bultzatzeko modu eraginkorra da hori, publikoa asaldatzearekin batera gaiaren inguruan pentsaraztea bilatzen baitu egileak. Kasu honetan, baina, ez da eszena desatseginik ageri, ezta indarkeriaren arrastorik ere, neskatoaren naturaltasuna gailentzen baitzaio beste guztiari. Eta haren jarrera axolagabeak harridura eragin dezake, noski. Film polita eta atsegina da, umorea nagusi baita, baina ez dut uste horregatik autoreari arinkeriaz jokatzea kritikatu ahal zaionik. Egitasmo ausarta plazaratu duela esango nuke, eta gizarteari trufa egiten dio, gainera, hipokrisia deitoragarria delako. Bere azken proposamenarekin bete-betean asmatu du Ozonek, eta ikuslea txunditzeko adina meritu egiten du, zalantzarik gabe. Philippe Rombik konposaturiko musika ere nabarmentzekoa da, egundokoa baita.

Bestalde, Marine Vacth aktore gaztearen antzezpena goraipatzea besterik ez zaigu geratzen, ez baikara batere harritzen Isabellen interpretazioari esker betiko publikoaren oroimenean iltzatuta geratu izana. Aktore gazteak hirugarren film luzea du honako hau, eta dagoeneko zinemaren historian bere lekua erdietsi du. Etorkizun hurbilean zeresan handia eman dezake gisa honetako proiektuetan parte hartzen badu. Isabellek 17 urte bete ditu, eta maitasun kontuei ekiteko garaia iritsi zaiola dirudi. Baina zer ote da maitasuna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.