Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Heriotzari gorazarre

Narkotrafikoaren inguruko mugimenduez hitz egiten du filmak. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Narco Cultura'

Zuzendaria: Shaul Schwarz. Herrialdea: AEB. Iraupena: 103 minutu.

Shaul Schwarz argazkilari israeldarrak Time eta The New York Times-entzat lan egin du, eta azken urteotan sari garrantzitsuak lortu ditu; horien artean, bi World Press Photo. Palestina eta Israelen arteko gatazkaren eta Haitiko lurrikarak eragindako hondamendiaren lekukotasuna jaso du, besteak beste, eta Sundance jaialdian aurkeztu zuen izenburu hagitz erakargarria daraman dokumental hau.

Felipe Calderonek narkotrafikoaren kontrako gerrari hasiera eman zion aurreko legealdian, eta 2006az geroztik gaur arte, 60.000 lagun hil direla diote datuek. The House I Live In (Eugene Jarecki, 2012) Giza Eskubideen Zinemaldian ikusi ahal izan zen film zirraragarriak argi eta garbi erakusten zuen gobernuak mafiari gerra deklaratzea ez dela inoiz ideia ona izaten. Indarkeriak indarkeria eragiten du, baina, dirudienez, agintariek gogor itxura helarazi behar diete herritarrei gobernuan jarraitu nahi badute. Etsaia identifikatzea eta hura akabatzea ez da uste bezain erraza, mafia ezin baita gizarte egituratik desagerrarazi.

Jareckik salatu nahi izan zuen AEBetako gutxiengo etnikoak akabatzeko egitasmoa zegoela drogaren aurkako gerraren atzean. Schwarzek, aldiz, narkotrafikatzaileen inguruan sortu diren kultur mugimenduetan ipini du arreta. Narkotrafikatzaileen figurak miresmena sortzen du gazte askoren artean, eta Bukanas taldeko Edgar Quintero abeslariari jarraipena egiten dio dokumentalak. Korrido abestiak debekatuta daude Mexikon, baina mugaren bestaldean, edozein saltokitan aurki daitezke mafiosoen bizipenak hizpide dituzten kantuak. Ezerk funtzionatzen ez duela dirudienean gazteen heroi bilaka daitezke Guzman El Chapo gisako pertsonak. Narkotrafikoaren kulturaren sorrera gobernuaren porrotaren adierazgarri da, eta itxaropenik ez dagoen lurraldean anabasa nagusi denez, narkotrafikatzaileek euren legea inposatzea lortzen dute. Narrazioek, filmek eta abestiek narkotrafikatzaileen egiak legitima ditzakete, erailketak zilegi bihurtzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.