Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona

Malkoak irribarre bihur daitezela

Athleticek ilusioa, zaleen babesa eta goiko jokoa baliatu nahi ditu gaur, 28 urteren ostean berriro Espainiako Kopa irabaztekoBukaresten ondo aritu ez arren, Bielsak ohiko hamaikakoa zelairatuko du ziurrenik

Athleticeko jokalariak, atzo, Madrilen, finalaren bezperako entrenamenduan, entrenatzaileen aginduak jasotzen. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Madril
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Handia da Athletic denboraldi honetan egiten ari den lana, oso handia ere. Baina, guztia are handiago bihurtzeko, titulu bat irabaztea falta zaio, eta gaur izango du horretarako aukera, Bartzelonaren aurka, Espainiako Kopako finalean. Laudorio asko jaso ditu Marcelo Bielsaren taldeak, baina hitzek ezer gutxirako balio izaten dute halako sari baten aurrean. Erle onak ere apenas balio duen lorerik ez badu. Horregatik, hitzetatik ekintzetara pasatu nahi dute zuri-gorriek, eta tituluari ihes egiten ez utzi. Lehenengo aukera alferrik galdu zuten, Bukaresten, Europako Ligako finalean, baina futbolak bigarren aukera eman die, eta jokalariek zaleei oparitu nahi diete garaipena. Atzoko malkoak gaurko irribarre bihurtu nahi dituzte, eta horretarako prest daude guztiak.

Egin beharreko lan dena eginda dago, baina zailena falta da egiteko. Kontraesana dirudi, baina ez da. Finalari begira eginiko prestaketa lana gogorra eta serioa izan da. Bielsak zorrotz aztertu du xehetasun bakoitza, baina hori guztia zelaian erakustea falta da. Entrenatzaileak lan psikologiko handia egin du jokalariekin, Bukaresteko porrota mingarria izan zelako, eta badirudi oroitzapen txar haiek bazterrean geratu direla. Orain Vicente Calderonen Old Traffordeko Athletic eder hura ikustea falta da. Bada, ohiko jokalariak zelairatuko ditu ziurrenik Bielsak hori lortzeko asmoz. Iturraspe eta Herrera gripeak jota ibili dira azken egunetan, baina erabat osatu dira, nonbait, eta ez dute inolako arazorik izango gaur Vicente Calderonen mailarik onena emateko.

Bi erdilari horien zeregina izango da, hain zuzen ere, Oscar de Marcosenarekin batera, garrantzitsuena. Taldearen birika osatzen duen hirukotearena, alegia. Bartzelonari izugarri gustatzen zaio baloia edukitzea, baina sufritu egiten du hala ez denean, eta horixe lortu behar dute 22 urteko hiru gazteek. Gazteak, bai. Izan ere, eurak jaiotzekoak ziren oraindik Athleticek azkeneko titulua irabazi zuenean. 1983-1984 denboraldian izan zen, Kopako finalean. Zuri-gorriek 1-0 irabazi zioten Bartzelonari, Santiago Bernabeun, Endikaren gol gogoangarriari esker. 28 urteko lehortea, bada, oraingo jokalariek amaitu nahi dute.

Ezina, ekinez egina omen, eta Atletico Madrilen kontrako porrotetik ikasitakoa baliatu nahi dute zuri-gorriek gaur, Bartzelona ahaltsuari irabazteko. Gehiegizko gogoak eta ilusioak kaltea besterik ez zuen eragin Bukaresten, eta gaurko partidari begira eginiko prestakuntza lasaiagoa izan da. Talde gaztea izanik, esperientzia ez daukate izugarria, baina ikasi dute, nonbait, nolako jarrerarekin zelairatu. Hasieratik ariko diren askok ez zuten 2009an Valentzian jokaturiko finalean parte hartzerik izan. Ordutik bost jokalari soilik ariko dira hasieratik: Iraizoz, Iraola, Javi Martinez, Amorebieta eta Llorente. Horiena izango da gainontzekoei patxada eta lasaitasuna transmititzeko ardura.

Izan ere, oso garrantzitsua izango da itsutu gabe jokatzea, eta, batez ere, partida hasieran golik ez hartzea. Horrek konfiantza emango lieke zuri-gorriei. Sasoiko 63. partida izango du Bilboko taldeak, eta, ziurrenik, baloiaren atzetik lasterka ibiltzea nahi baino gehiago tokatuko zaie, baina egun dezente izan dituzte beren onera etortzeko, eta indarberrituta agertuko dira. Gakoetako bat, dena den, goiko jokoa izango da. Athletic da buruz gol gehien sartu duen taldea, eta Bartzelonaren ahulgune nagusia atzeko lerroan dago. Beraz, Llorenteren jardun ona ezinbestekoa izango da kopa irabazteko.

Puyol eta Alves gabe

Ahulgune nagusia Puyolen eta Alvesen hutsuneek utzi dute Bartzelonan, Bidalena, Fontasena eta Maxwellena gehituta. Pep Guardiolak zerbait berria asmatu beharko du Athletici aurre egiteko. Horretan, ordea, artista da entrenatzaile kataluniarra. Atzeko lerroa ez, baina aurrekoa beti bezala mantenduko du. Messi geratzea beharrezkoa izango da, baina Alexis eta Iniesta ere fin zaindu beharreko jokalariak dira. Javi Martinez ondo jokatzen ari da, baina Amorebietan ezin izango du Bukaresten bezalako hutsik egin. Aurtenetxek ere zuhur ibili beharko du erasora jotzen denean, aurkariek ez baitute ezertarako betarik ematen kontraerasoan.

Kontuak kontu, Vicente Calderonek dauka azken hitza. Datu bat ematearren, Athleticek bi final jokatu ditu han: lehena irabazi egin zuen, Castelloren aurka, eta bigarrena galdu, Betisen kontra. Guztira 24 Kopa dituzte zuri-gorriek, kataluniarrek baino bat gutxiago. Aldea murrizteko aukera ederra dute gaur, beraz.

Guardiolak Athleticen kontura irabazi zuen lehen titulua Bartzelonarekin, eta azkenekoa ere halaxe izatea nahi du. Garesti salduko dio, baina, Bielsak. Nork daki, akaso argentinarrak ere azkeneko lehia izango du Athleticen. Entrenatzaile antzekoak izanik, bi sistema berdintsu lehiatuko dira, baina soilik batek irabaziko du. Athleticek jarraitu nahi du erakusten nola Kopa bere bihotzaren neurrira egina dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.