'Bateragune auzia'. Erreakzioak

Epaiari aurre egiteko, hasitako bidean sakontzera deitu du ezker abertzaleak

«Euskal Herrian irekitako aro berria saboteatu nahi izatea» leporatu diete PSOEri eta PPri

Etxeberria, Legorburu, Moreno, Erkizia eta Moreno ezker abertzaleko kideek prentsaurrekoa eman zuten Donostian, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak azaldu du Bateragune auziko epaia PPren eta PSOEren boikot jarreran oinarritzen dela, eta, era horretan, Euskal Herrian irekitako «aro berria saboteatu» dutela bi alderdi horiek. Epaiaren aurka, ordea, «hasitako bidea sakontzera» deitu du ezker abertzaleak. Miren Legorburu ezker abertzaleko bozeramaileak adierazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratutako epaiari zigilua auzitegi horrek jarri badio ere, epaiaren oinarria PPk eta PSOEk Euskal Herriarekiko daramaten «estrategia politikoan» kokatu behar dela.

Rufi Etxeberriak, Miren Legorburuk, Txelui Morenok, Tasio Erkiziak eta Niko Morenok egin dute Bateragune auziko epaiaren azterketa. Guztiak oso serio agertu dira. Gainera, ezker abertzaleak epaiaren aurka izango zuen jarrerak eraginiko jakin-minaren adierazgarri izan da Donostian eskainitako prentsaurrekora bertaratu diren kazetari eta argazkilari andana.

Legorbururen iritziz,«ulertezina, onartezina eta eskandalagarria» da epaia, eta «Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko arrakala gehiago zabaltzeko du». Hori ikusita, beren «agurrik beroenak eta sentikorrenak» adierazi dizkiete Arnaldo Otegiri, Sonia Jacintori, Arkaitz Rodriguezei eta Miren Zabaletari; baita euskal presoen kolektibo osoari ere.

«Auzi politiko bati ezarritako epai politikoa» dela azaldu du Txelui «Morenok, eta era horretan ikusten dutela euskal herritarren «gehiengozabalak», eta eragile sozial, politiko eta sindikalek.

Epaiari eman beharreko erantzun «bakarra» herri gisa «demokraziaren bidean sakontzea» dela esan dute bozeramaileek, eta horretarako, indarrak batu behar direla. Hori bai, Espainiako Estatuak emandako erantzuna oso bestelakoa dela azaldu du Legorburuk. Izan ere, adierazi du egoera politiko berriari «arrabola errepresiboa» erabiliz erantzun diola Espainiako Estatuak, eta horrek «errepresioaren eta eskubideen ukazioarekin eta inposizioarekin» jarraitzea adierazi nahi duela.

«Eskaintza demokratikoa»

Bestalde, Legorburuk azaldu du Espainiako Estatuak ez duela «eskaintza demokratikorik» Euskal Herriarentzat, eta duen «ahulezia indarkeriaren erabilpenarekin» ezkutatzen saiatzen dela; izan ere, Euskal Herriaren eta euskal herritarren aurka «indarkeria» erabiltzen duen «bakarra» Estatu espainiarra dela gaineratu du.

Ezker abertzalearen proiektuak, baina, «zentralitate politikoa» erdiertsi duela esan du herriak emandako babesaren ondorioz. Gainera, azaldu du herrien eta banakoen eskubideen «onarpenaren aroa» irekitzen ari dela Euskal Herrian, eta ezarritako zigorrak Espainiako Estatuaren «benetako mehatxua eta erasoa» erakusten dituela.

Euskal Herrian «baldintza berriak» sortu direla esan du Legorburuk, eta Euskal Herria demokraziaren bidea osatzeko «egundoko» bultzada ematen ari dela herri gisa dagozkion eskubideak «onartuak eta errespetatuak» izan daitezen. Hori horrela, epai horrek bide horretan «sakontzeko beharra» erakusten duela adierazi du Legorburuk; «gehiengo hori politikoki artikulatu», eta herri gisa «aurrera» egiteko. Izan ere, haren iritziz, «ez dago epairik Euskal Herriaren indarra geraraziko duenik».

Horrez gain, esan du Madrilek ez duela bere «borondate eza» «Euskal Herriaren «konponbidearen borondatearen» aurrean «gailentzea» lortuko», eta Arnaldo Otegiren esaldi bati egin diote erreferentzia: «Inork ez dezala abiaturiko bidea utzi, irabaztera goaz eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.