Presoen auzian legeari «iruzur egitea» leporatu diote Fernandez Diazi

Gobernuak ezezkoa eman die «salbuespen neurriak» bertan behera uzteko EPPK-k egindako eskaerei

Erredakzioa
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Espetxe Zuzendaritzak atzera bota ditu euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespen neurriak» bertan behera uzteko EPPK Euskal Presoen Kolektiboko kideek eginiko eskaera guztiak. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak argudiatu duenez, kolektiboko presoek «legeari iruzur» egin nahi izan diote, Espetxe Zuzendaritzara igorritako eskaeretan ez dutelako ETArekin «hautsi» eta ez dietelako «barkamenik» eskatu biktimei. Fernandez Diazek nabarmendu duenez, euskal presoek bi «baldintza» horiek bete behar dituzte «neurri aringarriak» jaso nahi badituzte.

Barne ministroaren azalpenak kritikatu dituzte hainbat eragilek, eta hari leporatu diote legeari «iruzur egitea». Gogorarazi dute EPPK-ko presoek ez dituztela espetxe onurak eskatu, haiei dagozkien eskubideak errespetatzekobaizik. Bi ataletan banatu dituzte euren eskaerak EPPK-ko presoek. Alde batetik, eskatu dute gaixorik dauden presoak, zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak eta Parot doktrina ezarri dietenak aske uzteko; eta, bestetik, kolektiboa osatzen duten preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko.

Komunikabideetara bidaliko ohar batean Herrira mugimenduak salatu du Espainiako Barne ministroak erabilitako argudioak ez direla egiazkoak, eta nabarmendu du Espetxe Zuzendaritzaren ezezko erantzunak «presoen oinarrizko eskubideak urratzen» dituela. «Presoen kolektiboari aplikatzen zaion politika xantaia eta mendekuan oinarritzen jarraitzen du». Herrira-ren arabera, Espainiako Gobernuak «salbuespeneko legeak erabili eta interpretatzen ditu irabazle eta galtzaileen arteko bereizketa egiteko». «Bere garaipen eta onura propioen bila ari zaio jarrera immobilistari eusten».

Ezker abertzaleak ere gogorkritikatu ditu Fernandez Diazen azalpenak, eta hari leporatu dio legeari «iruzur» egitea. Maribi Ugarteburu bozeramaileak azaldu duenez, presoen sakabanaketak eta pertsona gaixoak preso mantentzeak ez daukate «lege euskarririk». Zigorren luzapena, halaber, «soilik euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko neurria» dela salatu du ezker abertzaleak.

Ugarteburuk azaldu duenez, Espetxe Zuzendaritzaren erabakiak eta Barne ministroaren azalpenek agerian uzten dute Espainiako Gobernuak «konponbide ezaren lubakiari» eutsi nahi diola. Jarreraz aldatzeko eta konponbide prozesuan urratsak egiten hasteko eskatu dio ezker abertzaleak gobernuari. «Norabide horretan, urgentziazko lehenengo pausoa izan beharko luke euskal preso politiko guztiei araudi arrunta ezartzea, salbuespenezko neurriak alde batera utzita», azaldu du Ugarteburuk.

Amaiurreko bozeramaile Xabier Mikel Errekondok, berriz, Espainiako Gobernuari eskatu dio legea betetzeko, «interpretazio politikoak alde batera utzita». «Eskubideez hitz egiten ari gara», nabarmendu du ETBn eginiko elkarrizketa batean. Errekondok gogora ekarri duenez, Espainiako Estatua izan zen euskal presoak «kolektibo» gisa tratatzen «lehena», eta hainbat neurri «politikoa» ezarri zituen haien aurka, sakabanaketa kasu.

Gobernuaren antzezpena

Amaiurreko bozeramailearen irudiko, baina, Espainiako Gobernuak jarreraz aldatuko du. «Gizartearen eta komunikabide batzuen jarrera aztertzen ari da». «Espainiako Gobernua ETArekin hitz egingo duen unea iritsiko da», esan du.

Antzera mintzatu da Emilio Olabarria EAJko diputatuak. Uste du «legebiltzarraren dialektikak» baldintzatuta jokatzen ari dela PP. Olabarriak esan du Fernandez Diazen adierazpenek agerian uzten dutela presoen auzian jarrera «arbitrarioa» erabiltzen ari dela Espainiako Gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.