Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Oinarri demokratikoen marra gorriak gainditu direla ohartarazi du Goioagak

Senatari baten bulegoa miatzea legez kanpokoa dela azaldu, eta neurri judizialak hartuko dituela iragarri du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Oso haserre, urduri eta kezkatuta agertu da hedabideen aurrean Iñaki Goioaga senatari eta abokatua. «Operazioa zuzenbide estatuari egindako matea da; ez da xakea dagoeneko, matea baizik. Esparru demokratikoaren oinarri guztiak urratzea dakar». 22 abokaturen babesarekin, Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren egoitzan egin dute EPPKren bitartekarien aurkako polizia operazioari buruzko agerraldia Goioagak eta Alfontso Zenon abokatuak, gertatutakoaren larritasuna ikusarazteko.

«Zuzenbide estatuaren oinarri demokratikoen marra gorriak» gainditu direla salatu du senatariak. Jazarpen ideologikoa gertatu dela, jazarpen politikoa ere bai, eta Auzitegi Nazionalean jarduten duten abokatuei zein «konponbidea bultzatzen lan handiena egiten ari direnei erruduntasun printzipioa» ezarri zaiela. Inboluzio juridikoaz mintzatu da. Eskubideen bermeen gainbeheraz. Haren ustez, onartezina da gertatutakoa, eta esan du ez duela onartuko.

Horren haritik, hainbat hedabidek «prentsa horiaren» bidea hartuta berari buruz esandakoak gezurtatu eta gogor kritikatu ditu. «Ez nazatela erabil egin duten astakeria estaltzeko!».

Goioagari buruzko gezurrak

Hedabideek zabaldutakoaren kontra, bera ez dela desagertuta egon azaldu du. Miaketaren lehen egunean bulego aurrean egon zela eta bere bulegoa miatuko zuten galdetu ere egin zuela esan du. Ezetz erantzun ziotela, eta atea zigilatzerik nahi ez zuenez giltzaz itxi zuela. Hurrengo egunean lanean aritu zen. Bulegoa itxita zuenez, Bizkaiko Abokatuen Bazkunean jardun zuen. Elkargoari babesa eskatu zion, eta eman egin zion. «Hemen egon naiz, eta etxean egin dut lo».

Atzo goizean jaso zuen miaketara joateko zitazioa etxean. Bulegoa zigilatua zuen. «Ez dakit aurretik sartu ziren edo ez; hori ezin dut esan». Eta argi utzi du gauza bat: «Ez dut miaketan parte hartu». Zitazioari erantzun, eta bulegora joan zen, baina ez zen egon miaketan, «legez kanpokoa zelako». «Auzitegi Nazionaleko epaileak ezin du baimendu nire bulegoa miatzea. Eta eskubide bat gauzatzea ez da ikerketak oztopatzea». Halaber, bere ardurei muzin egiteko asmorik ez duela izan adierazi du: «Ez dut sekula egin, eta ez dut egingo».

Senatariaren bulegoa miatu egin du, beraz, Guardia Zibilak, Goioagaren baimenik gabe. Bestalde, bere bulegoan zegoen guztia, «printzipioz», berea dela adierazi du. «Ez dakit beste norbait sartu den eta norbaitek zerbait sartu ote duen; hori ezin dut jakin. Baina, printzipioz, hor dagoena nirea eta nire bezeroena da».

Orain, gertatutakoa «ondo» aztertzeko asmoa duela adierazi du. Eta, ondoren, luze gabe, neurri juridikoak hartuko dituela iragarri du.

«Orain arte ikusi gabekoa da senatari baten bulegoa eta bere paper guztiak miatzea», ohartarazi du Zenonek ere. «Ez dut halakorik ezagutzen ez Espainiako Estatuan ez Europan». Abokatu guztien gelak halako arinkeriaz arakatzea ere onartezina dela esan du: «Bulego batzuetatik espediente judizial guztiak eraman dituzte, frogak, sekretu profesionalak babesten dituen abokatu eta bezeroen arteko eskutitzak, GAL bezalako gai delikatuei buruzko informazioak...». Abokatu horien guztien bezeroei, gainera, defentsarako eskubidea lapurtu dietela salatu du.

Jaiki Hadi eta Etxerat ere bai

EPPKren bitartekarien zein kolektibo horretako presoen abokatuen aurkako operazioan, Guardia Zibilak atxiloketa gehiago egin nahi zituela ere jakinarazi du Zenonek. Presoen osasun asistentzia bermatzeko lanean jarduten duen Jaiki Hadi medikuen elkarteko Fernando Arburua ere atxikitzeko eskatua zuela, baita Etxerat-eko Nagore Lopez de Luzuriaga atxilotzeko ere. Era berean, EPPKren hainbat mintzaideren ziegak miatu nahi zituen. Azkenik, ez da hala izan, baina horrek erakusten du, Zenonen ustez, operazioak EPPK-ko presoei eraso egitea zuela helburu, eta «ez ETAren edo terrorismoaren aurka egitea».

Atxilotuei dagokienez, epaileak bost egunera luzatu die atxiloaldia. Madrilen dituzte guztiak, eta, abokatuen ustez, astelehenean eramango dituzte epailearen aurrera deklaratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.