«Burujabetza eredu berria» duen Europa eraiki nahi du EAJk

PSEk dio «Europako eztabaida» ez dela «bere barneko lurralde bat nola zatitzen den», enplegua nola sortzen den baizik

Izaskun Bilbao, atzo, Forum Europaren hitzaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Europan egon nahi duela argi du EAJk. Baina ez gaur egun bezala.«Gure modura egon nahi dugu Europan», adierazi du Izaskun Bilbao Europako hauteskundeetarako EAJren zerrendaburuak Forum Europa hitzaldi-gosarian. «Euskadik bere eredu ekonomiko eta soziala du, Espainiako estatuarekiko desberdina dena». Eredu propio hori lantzeko asmoa duela esan du, horretan ari dela eta horrela jarraituko duela euskal identitatea sortzen. «Espainiaren irudiak» kalte besterik ez duela egiten uste du Bilbaok, eta, beraz, «Euskadi, Europan nazioa» izaten ahaleginduko dela EAJ. Hala ere, horrek ez du esan nahi independentzia nahi duenik. Ez dela horretarako garaia dio; Europan egoteko modu diferentea nahi duela, «burujabetza eredu berria» izango duen Europan.

Izan ere, Bilbao ziur dago «estatu-nazioen kontzeptua desegin» egingo dela: «Estatu-nazioek dagoeneko ez dute zentzurik izango». Egungo Europaren antolaketaren aurrean, Europa federalaren aldeko apustua egin du. Etorkizuna bide horretatik etorriko dela uste du, eta Euskal Herriak hor izan dezakeela tokia: «Estatu-nazioek eskumen gutxiago izatea ekarriko du Europa federalak eta espero dut ondorioz guk erabakitzeko ahalmena izatea». Hain zuzen, «Euskadi erakundetze politiko kolektiboaren adibide» dela dio, eta «bestelako antolaketa egitura» izango duen Europa «federalagoan» leku izango duen esperantza duela EAJk.

Independentziarako aukera baztertu egin du: «Dagoeneko inork ez du independentziaren kontzeptua erabiltzen, ezta ezker abertzaleak ere». Azaldu du ez duela faltan sumatzen aurrerantzean «errepikatuko ez den estatu-nazioen eredua» eta, bere nahia dela Europan «sortzen ari den subiranotasun berrian» egotea bere «ereduarekin».

Rodolfo Ares PSEren Antolakuntza idazkaria ere zentzu berean mintzatu zen atzo. Esan zuen Europaren interes guneek ez dutela zerikusirik independentziarekin: «Europako eztabaida ez da Batasuneko lurralde bat nola zatitzen den edo Estrasburgon ikurrina edo senyera bat jartzen dugun». Eztabaidagai nagusiak enpleguarekin, fiskalitatearekin eta ongizate estatuarekin lotutakoak direla uste du. Eta hori kontuan hartuta hauteskundeetan bi aukera besterik ez daudela: «Ezkerra edo eskuina». PSOE edo PP. «Ez dago hirugarren biderik».

Egoera ekonomikoa aintzat hartuta, ohi baino kanpaina soilagoa egingo du PSEk. Hala ere, Elena Valenciano PSOEren zerrendaburua hilaren 18an Durangon egongo da, eta Alfredo Perez Rubalcaba, Donostian, 10ean.

Mahai ingurua, bihar, EHUn

Hauteskunde kanpaina ostiralean hasiko den arren, EAJren, EH Bilduren, PSE-PSOEren, PPren eta IU-EBren hautagaiek bihar egingo dute bozei buruzko lehen mahai ingurua. 10:00etan izango da Leioan, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta Izaskun Bilbao (EAJ), Ramon Jauregi (PSE-PSOE), Josu Juaristi (EH Bildu), Zoe Nubla (PP) eta Iñigo Martinez Zaton (IU-EB) izango dira bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.