Irakeko okupazioaren ondorena (III). Ali al-Xalah. Gobernuko Aliantza Nazionalaren legebiltzarkidea

«Sunitak gaizki ohituta zeuden»

Sunitak baztertuta daudela dioten iritziak «gezurra» direla nabarmendu du; AEBetako tropak joanez geroztik, berriz, Iraken borroka armatuak ez duela zentzurik uste du.
KARLOS ZURUTUZA

Karlos Zurutuza - Berriemaile berezia

2012ko apirilak 6
«Ez daukat 30 minutu besterik», dio Ali al-Xalahek (Babel, 1965) Parlamentuko bulegoan, Bagdadeko Eremu Berdean. Amerikarren erretiratzea, Irakek egun duen krisi politikoa, Siriako gerra eta Iranen pitz litekeena… gaiak ugari baina denbora urri, denak sakonean jorratzeko. Azkenean, sunitak pairatzen ari diren ustezko bazterketaren inguruan joan da elkarrizketa. Huraxe da, hain justu, apenas jorratu den gaia.

Iragan abenduan, Nuri al-Maliki lehen ministroak sunita den Irakeko Tarik al-Haxemi lehendakariordea atxilotzea agindu zuen, terrorismoa leporatuta. Askok suniten kontrako ustezko kanpaina baten barruan kokatzen dute mugimendu hori.

Nuri al-Malikik ez zion akusaziorik egin. Izan ere, Auzitegi Goreneko epaileek Al-Haxemiren atxilotzeko agindua eman zioten lehen ministroari, eta berak hala egin zuen. Gezurra besterik ez da aipatzen duzun diskriminazio kanpainarena. Babelgoa naiz, Bagdad hegoaldeko hiri xiita batekoa. Normala denez, hango atxilotu gehienak xiitak izango dira, eta sunitak Anbar edo Salahadin eskualde sunitetan. Adibide garbi bat jarriko dizut: duela bi hilabete Baath alderdiaren kontrako operazio handia egin zen Najaf, Kut eta Anbarren. 1.000 atxilotuetatik 470 Najafeko xiitak ziren, eta, Kuten hartutakoekin batera, xiitek atxilotuen bi herenak osatzen zituzten.

Bada, gehiengo xiita duen Bagdaden preso sunitek %80tik gora osatzen dutela diote hainbatek.

Nork dio hori? Ikusi al duzu presoen erroldarik? Kazetari batzuek gezur asko esaten dituzte, legediaren gainetik daudela pentsatzen dute maiz, baina legeak errespetatu behar dituzte, besteok bezala. Edukazioa eta formazio handia dutenek oposizio bortitzena egiten diote gobernuari, baina euren harrokeria hutsa dago atzean. Eta badakit zer esaten ari naizen, zeren politikaria ez ezik, idazlea eta poeta ere banaiz ni.

Lehen ministroa ez ezik, Barne eta Defentsa Ministerioetako burua ere bada Al-Maliki. Hori gutxi ez, eta Bagdadeko segurtasunaz arduratzen den eliteko taldea ere kudeatzen du. Ez dira ardura gehiegi eta handiegiak pertsona bakarrarentzat?

Ez zen beste erremediorik izan. Al-Iraqiyaren hautagaiak —suniten botoa biltzen duen oposizioko alderdia— kriminalak, terroristak edo formazio gabeak ziren, haietako inor ez zen gai holako ardurak hartzeko gobernuan. Ez.

Segurtasun indarretan, aldiz, ia anekdotikoa da suniten presentzia. Hainbat ofizial kaleratu omen dituzte berriki. Zer diozu?

Kargua hartu nuenetik ez dut inoiz horrelakorik ikusi. Iraken, lanarekiko jarrerak erabakitzen du norbait kalera joatea, eta ez beste ezerk. Kontuan hartzen bada sunitek %17 besterik ez dutela osatzen, eta %60 xiitok, guk kexatu beharko genuke oreka faltaz, eta ez haiek. Jakina suniten egoera asko aldatu dela Iraken. Saddam Husseinekin haiek ziren nagusi; gaur, berriz, haiei dagokien ordezkaritza dute, ala dagokien baino handiagoa esango nuke. Funtsean, sunitak gaizki ohituta zeuden.

Askok diote «amerikarrek asmatutako estatistikak» baino ez direla sunitak boteretik baztertzeko, Irakeko sunitak herritarren erdiak baino gehiago direla Iraken.

Tankera horretako gezurrak xiiten eta suniten arteko ondoeza sektarioa areagotzeko zabaltzen dira. Okerrena da nazioarte mailako arazo larria bilakatzen ari dela hori. Al-Qaedak bultzatutako fatua batek dio —lege islamikoa— paradisua irabaziko duela xiita bat akabatzen duen edonork, eta inguruko hainbat herrialdek erabat sinetsi dutela dirudi.

Ekialde Hurbileko erdigune geografikoan egonik, Irakek zubi lan bikaina egin lezake Turkia, Saudi Arabia eta Iranen artean. Aldi berean, kurduak daude herrialdeko iparrean, bai eta turkomanoak ere, kristau asiriarrak… irakiar gizartea kultur aberatsekoa da, eta oso harro gaude horretaz.

Irango gehiegizko esku hartzeaz ere kexu dira asko, eta ez sunitak soilik.

Esango zenidake zenbat irandar ikusi dituzun Iraken eman duzun denboran? Oso gutxi daude Iraken. Diskurtso politiko bat besterik ez da, eta ez errealitatea. Hori diotenek demokrazia suntsitzea dute helburu, azken urteotan lortutako guztia bertan behera uztea, alegia. Sunitak obsesionaturik bizi dira Iranekin; persiarrak ere bai, xiitak direlako. Nekez gogoratzen dira xiismoa arabiarrok ezarritakoa dela, eta ez persiarrek. Guk eraman genuen Islama hara, eta ez alderantziz.

Inguruko herrialdeak aipatu dituzula, berriki salatu dute Bagdad milizia xiiten sarrera errazten ari dela Sirian Al-Assadekin bat egiteko. Egia al da?

Prentsan irakurri nuen Libanotik hainbat milizia xiita sartu direla Siriara, baina inola ere ez Iraketik. Ez genioke armatutako inori muga zeharkatzen utziko, sunita zein xiita izan, beste aldean gertatzen den guztiak Iraken ere eragin bailezake. Edonola ere, Siriako armadak erakutsi berri du oso indartsua dela. Inguruko herrialdeak sekulako presioa egiten ari badira ere, alde guztietatik esango nuke, nekez lortu dute deus.

Al-Qaeda ez ezik, beste sunita talde armatu batzuk ere borrokan jarraitzeko prest agertu dira Iraken. Bazterketaz eta Iranen okupazioaz hitz egiten dute.

Amerikarrak abenduan erretiratu zirenetik, ez dago ekintza armatuari eusten jarraitzeko arrazoirik. Sunita matxino gehienek Sahwan sartu dira —gobernuaren aldeko talde paramilitarra— edo senidetze bidea hartu dute; ez, ordea, Al-Qaedako terroristek. Bidera ezinak dira haien agendak herrialde demokratiko batean.

Sahwako milizianoek ez dute soldatarik jaso amerikarrak joan zirenetik. Aldi berean, Irakeko segurtasun indarretan integratzeko hitza ez dela errespetatu diote. Egia al da?

Prozesua ezin da egun batetik bestera egin. Oraindik aztertzen ari gara haietako zenbat izan ziren gerra kriminalak; zenbat borrokatu ziren Al-Qaedarekin, Baathistekin... Ezinbestekoa da irizpide zorrotza erabiltzea, denon segurtasunerako.

Etzi: 'Gerra hotza Mesopotamian?' erreportajea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna