17. Korrika

Euskararen aldeko trumoia

Gasteizko kaleak bete ditu 17. Korrikak, euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara oihukatu duten milaka lagunekinKorrika, bizikletan eta irristailuz egin dute bidea gasteiztarrek, eguraldia lagun

Gasteizen ozena izan zen euskara babesteko aldarria. JUANAN RUIZ  / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Duela astebete itxi zuen Edurne Brouardek lekukoa, Donostian irakurriko den mezua barruan zuela. Ordutik, Trebiñun piztu zen alaitasuna berrituz eta indartuz joan da egunez egun, lekukoa eskuz esku igaro ahala. Korrikak Gasteiztik egindako bidea horren isla izan da. Euskararen aldeko oihu sendoa heldu zen Uribarri Ganboa aldetik, eta hiriburuak bozgorailu lana egin zuen, kilometroz kilometro oihua trumoi hots bihurtu arte.

Hogei ausart inguru heldu ziren Gasteizko atarira seiak hogei gutxiak aldera, lekukoa eskuan eta irribarrea ezpainetan. Txagorritxuko langileek eskuetan zutela sartu zenlekukoa Gasteizen, eta poliki-poliki tropela handituz joan zen: Batzuk korrika egiten, beste hainbat bizikletan.Izan ziren bidea irristailuekin egin zutenak ere. Lantokitik atera eta txalo egitera atera zirenak asko izan ziren. Mendizabala Institutuak gaztetasuna eman zion tropelari, eta suhiltzaileek lekukoa hartu zutenean haien kamioiaren sirenak euskalakarien oihuak lagundu zituen.

Hogeita hamar. Berrogei. Ehun. Aurrera egin ahala, gero eta pertsona gehiago gehitu zen Korrikara, eta oihuaren sendotasunak gora egin zuen. Abetxukuko kaleetan barrena parte hartzaile kopurua biderkatu zen. Tropela uzten zuen pertsona bakoitzeko, beste bi sartzen ziren, eta Lakua auzora heltzerako tropelaren atzealdean zeuden txirrindulariek nekez ikusten zuten furgoneta.

Arriaga, Arana, Salburua... Kilometroak aurrera egin ahala jendetza gora zihoan. Adin guztietako pertsonak bildu ziren, eta korrika egiteko moduan ez zeudenek leihotik edota errepide ondotik gogoz txalotu zuten Korrika. Pausoz pauso, atzerapen apur batekin, hirigunera gerturatuz joan ziren euskalakariak. Gasteizera oihu sendo bezala heldu zen aldarrikapena trumoi bihurtu zen tropela handitu eta hiriguneko kaleak estutu ahala, une hunkigarriak utziz.

Aiztogile kalea igaro ostean, korrikalari askok alde zaharreko tabernetara sartu ziren indarrak berreskuratzeko itxaropenarekin, euskalakari gehiagok haien tokia hartzen zuten bitartean. Ordea, alde zaharreko muinotik bertatik Gasteiztik agurtzen hasi zen Korrika. Hamasei kilometro zituen oraindik hiriburutik atera arte. Esku asko lekukoa hartu eta Donostiarako bidean mantentzeko. Dena den, ordurako Korrika hirigunetik kanporako bidea hartzen hasia zen.

Jundiz industrigunetik hainbat kilometro zituen zain oraindik Korrikak Iruña Okara heldu aurretik. Pabiloi artean oihuen oihartzuna ezberdin entzuten zen, hiriguneko zaratatik eta builatik urrun. Ordea, ordu gutxi batzuk lehenago hirigunean entzundako trumoiak Gasteizko kaleetan jarraitu zuen gau osoan, gelditu gabe, Donostiara bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.