Donostiako 61. Zinemaldia

'Pelo malo' Mariana Rondonen filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Marian Alvarez eta Jim Broadbentek jaso dute aktore onenaren saria, 'La herida' eta 'Le week-end'-enengatik, hurrenez hurrenFernando Eimbckeri eman diote zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

'Pelo malo' Mariana Rondonen filmak irabazi du Urrezko Maskorra.
mikel lizarralde
Donostia
2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Iazko ekitaldiarekin alderatuta, aurtengo Donostiako Zinemaldia apaletik joan da, eta film apal batek, txiki batek, irabazi du pelikula onenaren Urrezko Maskorra: Mariana Rondon zinemagile venezuelarraren Pelo malo-k. Ez zegoen kinieletan aipatzen ziren izenen artean, baina aurten inoiz baino irekiagoa zegoen sari nagusia irabazteko zerrenda, eta film askok zituzten aukerak kritikari erreparatuz gero. Nolanahi ere, sariaren berri emateko orduan, Todd Haynes Sail Ofizialeko epaimahaiburuak argitu zuen erabakia ahobatez hartu dutela. Pelo malo-k ezberdinarekiko tolerantzia ezaz hitz egiten du, eta, hain zuzen ere, filma horrek sortzen dion «larritasuni» aurre egiteko egin duela esan zuen Rondonek saria jasotzean: «Ezberdin pentsatzea, ezberdin izatea ez da txarra. Zoragarriena da hori»

Txikiak. Halakoak dira epaimahaiak aurten saritu nahi izan dituen filmak. Txikia baita Club Sandwich ere, Fernando Eimbque mexikarrari zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eman dion filma. Nerabe batek maitasuna eta sexua nola ezagutzen dituen kontatzen du pelikulak eta erantzun muturrekoak izan zituen kritikaren artean aurkeztu zutenean. Batzuek film xume baina soil gisa ikusi zuten; besteek asko luzatutako film labur balizko bat.

Pelo malo eta Club Sandwich-ekin batera, Fernando Francoren opera prima, La herida, izan zen atzoko amaiera galako irabazle nagusia: Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen «bakardadearen eta gaixotasunaren erretratu intimoa ausardiaz egiteagatik», eta gainera Marian Alvarez filmeko protagonistak emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. Azken horrek hunkituta jaso zuen saria, eta aurrerantzean ere «ikusezina ikusgarri» egiten segitzeko konpromisoa hartu zuen, «ahotsik ez daukatenei ahotsa ematen». La herida-k nortasun-nahasmendua duen emakume gazte baten barne-bidaia kontatzen du.

Gizonezko aktore onenaren saria, berriz, Jim Broadbent aktore ingelesarentzat izan da Roger Michellen Le week-end-en egindako lanagatik. Emaztearekin batera Parisen asteburu bat igarotzen duen adineko gizonaren rola betetzen du filmean Broadbentek, eta aurreko asteburuan eman zutenetik askok aipatzen zuten saria jaso zezakeela. Aktorea ez zen atzo Donostian egon, baina hark idatzitako ohar txiki bat irakurri zuen Adolfo Blanco A Contracorriente banatzailearen ordezkariak: «Hiri zoragarria da, inoiz egon naizen onena. Eta horregatik sari honek balio berezia du niretzat».

Sari nagusietatik aparte, Manuel Martin Cuencaren Canibal-ek argazki onenaren saria jaso zuen eta Quai d'Orsay-k (Bertrand Tavernier) gidoi onenari dagokiona.

Bestelako sariei dagokienez, Amaia eta Aitor Merinok euskal zinemaren Irizar saria jaso zuten Asier ETA biok lanagatik. Aitor Merinok Asier Arangureni eta bere familiari eman zizkien eskerrak «beren eskuzabaltasunagatik», eta batez ere haien aita zena ekarri zuen gogora: Jose Ramon Aranguren «lagun eta burkidea». Besteak beste Egin egunkariaren sustatzaile izan zen Aranguren eta 18/98 sumarioan auzipetuta egon zen. 2009an hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.