Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: D multzoa. Ingalaterra 1. Ukraina 0 /Suedia 2. Frantzia 0.

Merezi baino gehiago

Ingalaterrak distirarik gabe eta epailea lagun irabazi dio Ukrainari, eta multzoko lehen postuan bukatu du Rooneyren golari eskerFrantziak oso partida kaskarra jokatu du eta bigarren sailkatu gisa egin du aurrera

Merezi baino gehiago.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ingalaterra. Hart; Johnson, Terry, Lascott, A. Cole; Milner (Walcott, 68. min), Gerrard, Parker, Young; Rooney (Oxlade, 86. min) eta Welbeck (Carroll, 81. min.).

Ukraina. Piatov; Gusev, Katxeridi, Rakitski, Selin; Timoxtxuk, Jarmolenko, Garmax (Nazarernko, 77, min.), Konoplianka; Devic (Xevxenko, 69. min.) eta Milevski.

Golak. 1-0. Rooneyk(48. min.).

Epailea. Viktor Kassai (Hungaria). Txartel horiak: Ingalaterrako Gerrard eta Colery; eta Ukrainako Timoxtxuk, Xevxenko eta Rakitskiri.

Bestelakoak. 50.000 ikusle Donetskeko Donbass estadioan.

Ingalaterrak eta Frantziak merezi baino gehiago lortu zuten atzo. Biek egin zuten aurrera distirarik gabeko partidak jokatu ondoren, eta Eurokopako final-laurdenetan ariko dira. Malkoak, berriz, ukrainarrek bota zituzten, izen handiko aurkaria baino gehiago izan, eta gol aukera hobeak eragin arren, saririk ez zutelako jaso. Bide batez, Eurokopa antolatu duten bi nazioetako selekzioak honezkero lehiatik kanpo daude.

Tradizio zaporedun bi final-laurden osatu ziren atzoko emaitzekin. Ingalaterra D multzoko lehen sailkatuak Italiaren aurka jokatuko du, eta Frantzia bigarren sailkatuak Espainiaren kontra. Munduko lau liga indartsuenak eta Munduko Kopa irabazitako lau selekzio. Telebista eskubideek dituzten kateek kostata diseinatuko lukete egoera hobea.

Ingalaterrak partida serioa egin zuen. Emaitzari eusteko asmoz zelairatu zen, atzean sartuta, eta Frantziaren hutsari esker espero baino gehiago lortu zuen. Lehen faseak aurrera egin ahal itxura hobea eman du, baina ez du inor liluratu, eta momentuz ez da ageri titulurako hautagaien artean. Wayne Rooneyk Ukrainaren aurka jokatu zuen txapelketako lehen partida, eta aurrelariak bizitasun puntu eman zion taldeari. Lerro artean jokatu zuen, baina inork ez zuen ikusi. Hala ere, berak sartu zuen gola, Ukrainako atzeko lerroak urruntzen asmatu ez zuen Gerrarden erdiraketan (48. min). Aurrelaria bigarren zutoinean zegoen bakarrik eta buruarekin ukitzea aski izan zuen.

Ukrainako zaleek futbolarekin, eta bide batez munduarekin, haserre hustu zuten Donetseko estadioa. Bere selekzioari merezitako puntuek nola ihes egiten zioten ikusi berriz zuten. Lehen zatian baloia izan zuten, baina ez zioten behar bezalako etekinik atera. Bigarrenean, berriz, aukerak iritsi ziren. Ingalaterrak are gehiago egin zuen atzera, eta gola ere sartu zuten etxekoak. Atepeko epailea, baina, ez zuen ontzat eman Milevskiren gola (61. min.). Gutxigatik bazen ere baloiak ateko marra guztia gurutzatu zuen.

Ukrainak erasoan jarraitu zuen, eta Konopliankak ere izan zuen aukera areaz kanpotik eginiko jaurtiketan, baina Hartek bikain gelditu zuen. Ingalaterrak gabezia historikoa izan du atepean, baina oraingoan badirudi konfiantzazko norbait aurkitu duela. Etxekoen etsipena, baina, ez zen hor bukatu. Bigarren zatiko luzapenean Terry eskuz ukitu zuen baloia area barruan eta epaileak ez zuen penaltirik adierazi. Bukaerak Ukrainako hautatzaileak epaileak irentsiko zituela zirudien, ez zen gutxiagorako.

Ibrahimovicen gol bikaina

Suedia. Isaksson; Granqvist, Mellberg, J. Olsson, M. Olsson; Svensson (Holven, 78. min.), Kallstrom; Larsson, Ibrahimovic, Bajrami (Wilhelmsson, 46. min.); eta Toivonen (Wernbloom, 78. min).

Frantzia. Lloris; Debuchy, Rami, Mexes, Clichy; Alou Diarra, M'Vila (Giroud, 77. min.); Ben Arfa (Malouda, 58. min.), Nasri (Menez, 77. min.), Ribery; eta Benzema.

Golak. 1-0. Ibrahimovicek (54. min.); 2-0. Larssonek (88. min.).

Epaileak. Pedro Proença (Portugal). Txartel horiak: Suediako Svenssoni; eta Frantziako Mexesi.

Bestelakoak. 60.000 ikusle inguru Kieveko Olinpiar Estadioan.

Frantziak Eurokopako partidarik txarrena jokatu zuen, eta ondo merezita galdu zuen Suediaren aurka. Kanporatuta egon arren, eskandinabiarrek Eurokopan gehiago egiteko adina joko bazutela erakutsiz zuten, eta amorruz jokatu zuten. Aurkariak baino aukera gehiago sortu eta ate aurrean trebeagoak izan ziren. Nabarmentzekoa, lehen gol bikaina. Ibrahimovicek sartu zuen, boleaz eta areaz kanpotik, erdiraketa bat zetorkion bezala errematatu ondoren (54. min.).

Frantziak, berriz, ez zuen anbiziorik erakutsi. Ingalaterraren gola aski zuen bigarren postua ziurtatzeko eta horrekin konformatzen zela zirudien. Bigarren zatian aldaketek eragina izan zuten eta irudi hobea eman zuen baina ez zalantzak uxatzeko aski. Atzokoa ikusita zaila dirudi finalerdietara iristea. Mexes atzelariak txartela ikusi zuen eta ezingo du kanporaketa jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.