Karmele Larrinaga. Eako Poesia Egunen antolatzaileetariko bat

«Hamar urtean jendeari erakutsi diogu poesia ez dela txotxolokeria bat»

Gaur hasiko dira Eako Poesia Egunak, eta hamargarren aldia izango dute. Antolatzaileak pozik daude egindako lanarekin, eta urteurrenak indarra eman diela uste du Larrinagak.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
1973a da. Gaixorik dago Gabriel Aresti idazlea, eta Bilbo utzi eta kostaldera joatea erabaki du. Eara (Bizkaia), zehazki. Bere bizitzako azken bi urteak baino ez ditu emango bertan, baina marka utziko du haren presentziak. Eta gaur bertan hasiko diren Eako Poesia Egunak dira horren froga. Arestiri omenaldi bat eginda hasiko da jaialdia. Hamar urte beteko ditu aurten. Jende talde zabal batek bultzatzen du ekinbidea, baina Herrijeri Emon Arnasa (HEA) kultur taldeak hartzen du urtero festa antolatzeko ardura, eta talde horretako kidea da Karmele Larrinaga (Ea, 1955). Aurtengoa indar bereziz hartu dutela dio.

Zer sentitzen duzu Poesia Egunak hamargarren aldira heldu direla ikusita?

Zenbaki borobila da, eta borobiltasun horrek indarra eman digu. Honaino heldu gara, eta hemen gaude. Urte batetik bestera beti dago zalantzaren bat edo beste, baina beti biltzen dugu aurrera egiteko adorea. Gauzak ez daude erraz, eta kinka larrian gabiltza elkarte asko. Erreleboa etorriko den esperantza badugu, orain arte sortutako sarea indartzeko.

Baina ekitaldia sendotuta egongo da jadanik, ezta?

Bai. Urtetik urtera finkatuz joan dira egitarauko hainbat puntu. Gabriel Arestiren lanak abiapuntu modura hartuta, beti egiten dugu irakurketa berri bat, adibidez. Eta poesia ere bere zabaltasun osoan lantzen dugu, ahal den jende kopuru handienarengana heltzeko. Ez da soilik liburuetan irakur daitekeen poesia hemen eskaintzen dena. Musikarien bitartez ematen dugu poesia, errezitaldien bitartez, eta baita bestelako dramatizazioen bitartez ere. Finkatuz joan dira ekitaldi horiek urterik urte, eta baita berritzen ere.

Arestiren erreferentzia aipatu duzu. Ean eman zituen azken urteak. Zer presentzia du haren figurak?

Batzuetan urrun sumatzen da, eta beste batzuetan miresmena ere igar daiteke. Baina batera edo bestera izan, hor dagoen figura bat da. Orain dela hamar urte hura omentzeko hasi ziren Poesia Egunak. Plaka bat jarri genion, eta han dago geroztik. Aresti hemen izan zela gogorarazi, eta etenik egon ez dadin. Beti hor dago presentzia hori.

Xumea izan zen lehen urte hartako asmoa.

Bai. Egun batekoa izan zen egitaraua. Nik ez nuen bertan izateko aukerarik izan, baina badakit ederra izan zela. Orain idazle ospetsu diren batzuek ere hartu zuten parte lehen ekitaldi hartan, eta zabala da ordutik hona Eatik pasatu den idazleen espektroa.

Lehen urte hartan inor gutxik imajinatuko zuen Poesia Egunek hainbeste emango zutenik.

Aresti omentzeko sortu zen jaialdia, baina inori ez zitzaion burutik pasatu Poesia Egunek halako indarra hartu zutenik eta benetako jardunaldi batzuk izatera helduko zirenik.

Zer-nolako harrera du jaialdiak. Jendeak zuen proposamena ezagutzen duela sentitzen duzue?

Bai. Guri indarra eta esker ona heltzen zaigu, eta alor askotatik heltzen zaigu gainera. Kanpoko jende askok ematen dizkigu eskerrak. Beharbada, herrian harrera ez da hain beroa, jaialdia ohitura bihurtu delako jadanik. Baina jende multzo zabal baten esker ona jasotzen dugu, halere.

Earako propio sortutako ekitaldi bat ere izaten duzue urtero, eta aurten herriko burdinolan egingo duzue.

HEAren ekimena izan da herriko burdinola zahar hori berreskuratzea. Auzolanean egin dugu lana, eta udalak diruz lagundu du egitasmoa. Eta Poesia Egunekin lotu dugu orain egindako lan hori. Azken finean, jardunaldi hauek dira elkartearen ekitaldirik ezagun eta ikusgarrienak.

Gizarteko egoeraren eta poesiaren arteko lotura hartu duzue aurten lelotzat. Hasieratik izan omen duzue argi gaia zein izango zen. Zergatik?

2012ko irailean batu ginen aurtengo jaialdia prestatzen hasteko, eta gauden egoera gogorra ikusita, argi ikusi genuen hori izango zela aurtengo ardatza. Horregatik hartu dugu Arestiren bertsolerro bat lelo gisa: «Ikusgarria da hemen bidegabea». Hori da eztabaida: eguneroko errealitatearen aurrean poesiak edo arteak zer eragin izan dezakeen, edo zer eragin izan behar duen.

Belaunaldi berrien erreleborik sumatzen duzue antolaketan?

Gauza zehatzetarako laguntza eskatuz gero, jendea prest izaten da. Baina parte hartze horrek indar handiagoa izatea nahi genuke. Gazte batzuk badabiltza hurbiltzen, eta horrek indarra ematen dizu, eta baita lasaitasuna ere.

Eta ikusleen artean?

Bai. Orain urte batzuk, poesia aipatuz gero, gauza apartekotzat izaten zuen jendeak. Txotxolokeriatzat. Baina hamar urtean erakutsi dugu hori ez dela hala. Erakutsi dugu poesia ez dela soilik testu idatzi hutsa.

Hori izan daiteke, beraz, Poesia Egunen hamar urteotako lorpena?

Bai. Jende askori helarazi diogu poesia. Erakutsi dugu poesiak eremu asko hartzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.