Kritika. Musikala

Bergaratik zetorren Olentzeroa

2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
'Olentzero & Company'

Egilea: Oihan Vega. Musika: Oihan Vega eta Txemi Etxebarria.Musika zuzendaria: Txemi Etxebarria. Eszena zuzendariaeta dekoratuak: Valen Monux. Parte hartzaileak: Orkestra, Bergarako Orfeoia, Aritzeta Abesbatza, Bergarako Musika Eskolako Haurren abesbatza, Biraka Dantza taldea.Koreografia: Josu Mujika.Lekua: Bilboko Campos antzokian. Eguna: Abenduak 8.

Benetan txalogarria Bergara herriko jendeak—ehun pertsonatik gora— eta elkarte askok egin duten auzolana eta lortu duten emaitza estetikoa. Izan ere, oso konplexua da musikal generoko ekoizpen bat sortzea. Ez baita bat ere ohikoa gu bizi garen mundu harrapatzaile honetan Olentzerori musikal pop-rock bat egitea eta, gainera, hori arteagatik eta maitasunagatik egitea. Guri Zuberoan egiten diren Pastoralen auzolanaren espiritua gogorarazten digu. Baina musikala den adierazpen modernoari eta kanpotarrari atxikitzeko kemena eta gaitasuna behar da.

Eta kemena diogu ez bakarrik musikala muntatzeko, baizik eta Bilboko lehen emanaldian gertatu ziren soinu arazoak gainditzeko. Aipatutako soinu ezak eta zaratak hondatu egingo lukeelako beste edozein ikuskizun musikal. Hau da, soinuaren motorizazio ezak desoreka sortu zuelako: orkestraren bolumen indartsua alde batetik, eta abeslari gehienen soinu makala bestetik.

Bai publikoak, baita aktore eta abeslariek ere, aurrera egin genuen ikuskizunak merezi zuela pentsatuta. Baina soinu eskasiak ez gintuen Oihan Vegaren libretoa jarraitzeko betarik utzi. Ez gintuen Olentzero hibrido honen diskurtsoaren nondik norakoak ezagutzeko betarik utzi. Hala ere, sonorizazioak abesbatzen, orkestraren eta abeslari batzuen kalitatea asmatzeko zirrikituak zabaldu zituen.

Oier Arevalillo haurraren musikaltasuna, afinazioa eta aktorearen plantak Peruren rolean; Argiñe Agirrezabalen kantu moldea eta eskarmentua izeba gaiztoaren rolean; baita ikazkinen eta Danok Bat tailerraren eszena koralak, Txotxongiloak edoAne Zurutuzak cheerleader-aren rolean eginiko parodia ere.

Txemi Etxebarriaren partitura ona da, orkestrazioa aberatsa da eta orekatua dago. Ondo kontzertatu zituen 22 musikari eta bakarlariak eta bi abesbatza sendoak. Kanpotik datozen hainbat musikal profesionalek nahi izango lukete aipatuen genio artistikoa eskura izatea, baita herri baten adorea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.