Kritika. Opera

Opera zaleen apoteosia

2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
'Rigoletto'

Kantariak: Leo Nucci, Elena Mosutz, Ismael Jordi. Bilboko Operaren Abesbatza. Musikariak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa.Eszena zuzendaria: Emilio Sagi. Musika zuzendaria: Miguel Angel Lopez Martinez. Non: Bilboko Euskalduna jauregian. Noiz: Urriaren 19an.

Aspaldian ez dugu ikusi Bilbon hemengo opera zaleek erakutsi duten berotasuna—ohikoan hotz samar direnak— opera baten aurrean eta abeslari baten aurrean. Arrazoia? Giuseppe Verdiren Rigoletto—zeina 29 bider antzeztu izan duten Bilbon— , eta Leo Nucci baritonoaren kantu molde tradiziozkoa. Izan ere, baritonoak bufoiaren pertsonaiari egin dion hurbilpena —mendekuaren eta samurtasunaren artean—biribila izan da, halaber, tauletan dramatikoa eta nagusitasuna eszenaren kontrolean. Baina atera duen ahotsa erdi bolumenekoa da, ez dauka apenas tinbrerik, nabardurarik gabea, batzuetanfraseotik parlando-ra abiatzen zena. Baina bertako zaleek baritonoarenganako azaldu duten neurrigabeko begiruneak bultzatu du La vendetta izeneko cabaletta-ren bisa ematera, publikoaren eromena areagotuz. Guztiz arraroa den gertakizuna oraingo sasoietan! Aldiz, Elena Mosutz sopranoak eta Ismael Jordi tenorrak freskotasuna eta bel cantoa ondo menderatzen dutela azaldu dute ahotsaren bidez. Beraz, Errumaniako sopranoak lerro kantu gozoa, etengabeko messa di voce, fiato, portamento... erraztasunez eman ditu. Tenorrak beste aldetik, itxura egokia eta dotorezia haizeratu ditu taularen gainean, eta ahots koloretsua, nahiz eta hasierako beheko tesituran eta agudo batean azalezko arazoak izan ahotsaren kokapenari dagokionez.

Asko gustatu zaigu, era berean, Maria Jose Montielek Maddalenaren rolean hedatu duen ahots indartsu eta koloretsua. Miguel Angel Lopez Martinezek geldi samar eraman ditu pasarte batzuk, baina, orokorrean, ondo eraman du Bilbao Orkestra Sinfonikoaren joaldi verdiarra. Emilio Sagiren eszena minimalak ez dio askorik lagundu kontakizunari, eta lantegi baten moduko orubea zirudien, bufoiaren tragedia protagonistaren ahaleginaren gain utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.