Albistea entzun

Protestak herrialde arabiarretan

«Bala markak zeuden denean»

Muammar Gaddafiren bonbardaketetatik ihes egindako zibilak babes bila ari dira; Ras Lanuf, Ben Jauad, Brega eta Ajdabijako 120 familia opor leku bat zenean hartu dituzte, hondartza ertzean.

Alberto Pradilla -

2011ko apirilak 12 - Bengazi

Mohammed —izen faltsua da— apirilaren 4an harrapatu zuten bonbek, goizeko bederatziak eta laurdenean, Mislako petrolio planta batean lanean ari zela, desertuan, Ajdabijatik 400 kilometro hegoaldera. Ez du izenik eman nahi, eta kezkatuta ageri da galderak egitean. «Nire familia Tripolin dago, eta beldur naiz zer gertatuko zaien nire izena prentsan agertzen bada». Muammar Gaddafi koronelaren armadak egin zuen erasoa, misil bidez, eta ziztu bizian egin zuten ihes konpainiako 120 lankideek. Batzuk, inguruan senitartekoak dituztenak, Bengazin hartu zituzten. Mohammed eta hura bezala non ostatu hartua ez zuten 27 langileak, berriz, iheslarientzako kanpalekuetan daude, matxinoen hiriburuan prestatutakoetan. Lekua berezia da: Kariara joan dira Ras Lanuf, Ben Jauad, Brega eta Ajdabijako 120 familia, hondartza ertzean dagoen opor leku batera.

«Lehen, hiru izarreko hotel bat zen, baina orain gerratik ihesi dabilen jendeari laguntzea erabaki dugu», azaldu du Abdel Abokazmek. Hango managerra da, eta errefuxiatuen iritsiera koordinatzen ari da. Gerra hasi zen arte, turistek 300 dinar ordaintzen zuten asteburuko. Orain, haien oheak hartu dituztenek ez daukate lotarako beste lekurik. Kanpadendak ortzimugaraino ikusten diren irudi klasikoaren aldean, itsasoraino iristen diren etxe txikiz osatuta dago Karia. Tenis zelai bat eta haurrentzako jolastoki bat daude, eta hortxe jolasten dira, behintzat. Helduek nahikoa dute onik daudela jakitea, nahiz ez dakiten noiz itzuli ahal izango diren eta, batez ere, nola egongo diren euren etxeak.

Jaioterrira itzuli ezinik

«35 urte dauzkat, baina ez daukat ez etxerik ez lanik». Amhamed Ahmed Ajdabijakoa da, eta, etsita, opor leku horretako apartamentu txiki horietako batean dago, emaztearekin eta bi haurrekin. Lotan zeuden diktadorearen tropek haien etxea suntsitu zutenean. Eta korrika egin zuten ihes. Martxoko lehen astea zen. «Hiria berriz ere errebeldeek hartu zutela jakin genuenean, itzuli nintzen». Orduan ikusi zuen zer-nolako galerak izan zituen, nahiz eta apenas izan zuen denborarik etxea eraikitzen saiatzeko. «Berriz eraso zioten; beraz, berriz egin genuen alde».

NATOk Libiako gatazkan parte hartu zuenetik, martxoaren 18tik, errebeldeek lur batzuk berreskuratu zituzten. Ras Lanuf ere hartu zuten, Bengazitik 350 kilometro mendebaldera. Eta ehunka familiak baliatu zuten hori; berriro, euren gauzak hartu, eta jaioterrira itzultzeko. Baina esperantzak ez zuen askorik iraun. Ali Faresen kasua da: 45 urte ditu, eta egun bakarra iraun zuen Ajdabijan. «Ezin duzu imajinatu ere egin zer sentitu genuen. Nire bizilagunaren etxea erabat txikituta zegoen; bala markak zeuden denean. Ez zegoen toki segururik».

Adierazgarria da borrokatik ihesi dabiltzan zibilek herrialdearen ekialdea aukeratu izana babesteko. «Inor ez da joan mendebaldera [Gaddafik kontrolatuta dauka]», azaldu du Mahdi Gadirrek. Bengaziko Unibertsitateko Kimika irakaslea da, eta Kariara joaten da bizilagunak bisitatzera. Aitortu duenez, hasiera batean ez zuen begi onez ikusi iraultza. «Nire egoera ona zen: unibertsitatean egiten nuen lan, baita petrolio planta batean ere, eta beldur nintzen, negozioengatik. Baina Gaddafi bere herriaren aurka egiten ari den guztia ikusita, espero dut iraultzak garaitzea». Hyundai bat du, berri samarra matxinoen hiriburuan ikusten diren autoen aldean, eta eserlekuan odol arrastoak daude. «Anaiak autoa erabili zuen zaurituetako bat ospitalera eramateko».

Elkartasuna

Gaddafiren tropen jokabideari buruz errefuxiatuek kontatzen dituzten istorioak entzunda, erraza da ulertzea zergatik hartzen duten Bengazirako bidea. «Nire bizilagunetako zazpi hil dira», baieztatu du Ali Faresek. Errefuxiatuak harro erakutsi du badakiela militarren kontuez, bere ezagunak 14,5 milimetroko kalibrearekin hil zituztela zehaztuz: «Haietako bakar bat ere ez zen borrokan ari».

Galdera nagusi bat egiten dute opor lekuan dauden 120 familietako kideek: noiz itzuli ahal izango diren etxera. «Laurehun metro karratuko etxe batean bizi nintzen, eta, orain, gela bakar bat daukat familiako zazpi kideentzat», azaldu du Abed Mohammed el Jatalauik. Ras Lanuftik atera zen, martxoaren 8an, gau bete-betean, dei bat jaso baitzuen esanez erregimenaren tropak berehala sartuko zirela. Orain, maleta erdi egina dauka, halako batean itzul badaiteke. «Biajante moduan egiten nuen lan; hortaz, ohituta nago bidaiatzeko prestatzen», esan du, txantxetan; eta kexatu egin da, bere gauza guztiak Ras Lanufen gelditu zirelako: «Bi galtza parerekin eta hiru alkandorarekin etorri nintzen».

Borrokak areagotu direnez, gero eta iheslari gehiago dago Bengazin. Ajdabija ia hutsik dago orain. Bonbardaketen ondorioz, ezinezkoa da han bizitzea. Zorionez, iheslariek hiri abegikor bat aurkitu dute. Ziad Khalafek azaldu duenez, «elkar hartuta dabiltza janaria erosi eta zentrora ekartzeko». El Jatalauik, berriz, hauxe espero du: «Gure etxeak galtzeak balio dezala, behintzat, iraultzak irabaz dezan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bakhmut, higatze bataila bat

Bakhmut, higatze bataila bat

I. S.

Ez dago argi Bakhmut leku estrategiko bat ote den, baina Ukrainako indarrek hura defendatu nahi dute, eta Errusiakoek, berriz, hartu. Asteak daramatzate han borrokan.
Gush Etzion kokagunea, Zisjordanian, artxiboko argazki batean. ©ABIR SULTAN / EFE

Zisjordanian hustutako lau kokagune berriz baimendu ditu Israelek

Arantxa Elizegi Egilegor

2005ean hustu zituzten kokaguneak, Ariel Sharon lehen ministroaren aginduz. Haietako bat palestinarren jabetza pribatuan dago eraikia
Carles Puigdemont, artxiboko argazki batean, Bruselan. ©JULIEN WARNARD / EFE

Carles Puigdemonten aurkako atxilotze agindua berretsi dute

Berria

Espainiako Gorenak atzera bota ditu defentsako abokatuek eta fiskaltzak jarritako helegiteak
Zenbait indiar, beren etxetik kanpo, 6,8 graduko lurrikara sentitu ostean, Srinagar hirian, Indian. ©FAROOQ KHAN / EFE

6,8 graduko lurrikara batek Pakistan eta Afganistan astindu ditu

Mikel O. Iribar

India iparraldeko zenbait eskualdetan ere sentitu dute seismoa; 187 kilometroko sakonera izan du. Gutxienez hiru lagun hil dira, eta laurehundik gora zauritu. Alerta gorena ezarri dute Pakistanen eta Afganistanen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.