Europako hauteskundeak. Josu Juaristi. EH Bilduren europarlamentaria

«Oso emaitza inportanteak dira gure potentzial osoa askatzen jarraitzeko»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Atseden gutxiko egunak izan ditu, baina pozik dago kanpainarekin Josu Juaristi (Azkoitia, 1964). Hasteko gogoz: «Orain, lanera».

Eserlekua lortu duzue. Abstentzioaren beldurrik bazenuten?

Hauteskunde hauek zailak dira, eta guk ere beldur hori bagenuen. Gure sektorea aktibatzeaz gain, urrutirago joan nahi genuen. Alde horretatik, pozik gaude. Palanka egiteko oso emaitza inportanteak dira, gure potentzial osoa askatzen jarraitzeko. Eta helburu nagusia lortu da: Europako Parlamentuan egotea.

Euskal Herrian, parean ibili zarete EH Bildu eta EAJ. Eredu sozioekonomikoa lehian zegoela esan zenuen.

Euskal Herrian lehen indarra izatea oso inportantea da. Gu garelako alternatiba eredu sozioekonomiko honi buelta emateko, eta gu garelako euskal estatua eraikitzeko beti aurrera egin nahi dugunak, herritarrekin batera. Eredu sozioekonomikoan talka egingo dugu, baina herri honen eskubideen arloan, espero dut elkarlanean aritzea EAJrekin.

Nafarroan, adibidez, aldaketarako oinarria ezkerrean dagoela dirudi.

Sekulako palanka da benetako aldaketa bultzatzeko, erregimena eror dadin. Guretzat, ezkerretik egin beharreko bidea oso inportantea da. Podemosen kasuan, baditugu ezberdintasunak, baina baita puntu komunak ere; bai erabakitzeko eskubidean, bai eredu sozioekonomikoari egiten diogun kritikan. Hori esaten dugu guk: erabakitzeko eskubidea hemen egin behar da, gauza guztietan.

Espainiako bipartidismoaren beherakadak zein aukera ireki ditzake?

Trantsizioaren bidean lotu zuten erregimena gainbeheran dago, kili-kolo. Herrialde Katalanetan, Galizian eta Euskal Herrian benetan dardarka utzi dugu, baina Espainiako Estatuko gizartea ere nazkatua dago beraien eredu sozial, ekonomiko eta politiko ustelarekin. Guk politika egiteko beste modu bat aldarrikatzen dugu. Gakoa da politika eta ekonomia demokratizatzea. Dena erabaki behar da hemen.

Posible da Europako Batasuna ezkerretik aldatzea?

Oraingo ereduan, europar integrazioaren ereduak porrot egin du. Guk bestelako Europa bat aldarrikatuko dugu, eta parlamentuan lan egingo dugu herritar eta herri gisa dagozkigun eskubideak defendatzeko. Oso inportantea da ezkerreko indarrekin egingo dugun lana, iritzi publikoa aldatzeko eta gizartea behetik gora aldatzeko. Horrek bultzatuko ditu mugitzera alderdi handiak. Bestela, herriak botako ditu. Hori bultzatu nahi dugu: ezkerreko indarrekin batera, Europan, behetik gorako olatu bat, justizia sozialaren alde eta eraldaketaren alde.

Taldeekin negoziatzen hasi zarete?

Batetik dago ALE Europako Aliantza Librea, eta bestetik, talde bat osatzen dute Europako Ezker Nordikoak eta Europako Ezker Batuak. Gaurtik aurrera hitz egingo dugu guztiekin, eta gure lehentasunen arabera erabaki.

Talde batean egoteak baldintza dezake besteekiko harremana?

Zentzu horretan, Europako Parlamentua oso malgua da. EH Bildu osatzen duten alderdiak ikusita, hiru horiekin lan egitea da naturala. Batekin edo bestearekin egon, denekin egingo dugu lan.

Zer da lehenengo egingo duzuna?

Europako Parlamentuko eta Europako Batzordeko presidente berriei eskatuko diegu bilera bat, Europari inplikazio gehiago eskatzeko bakegintza eta konponbide prozesuan. Lan handia egin da azken urteetan Europan eta munduan, eta guk lan horretan sakonduko dugu. Loturak estutzea oso garrantzitsua eta eraginkorra da.

Erabakitzeko eskubidean, bustiko al da Europako Batasuna?

Europa bustitzen ari da. Aldarrikapen hori hor dago. Eskoziak dagoeneko lortu du, eta Kataluniak ere baldintzak sortu ditu hori lortzeko. Euskal Herriak lehen lerroan egon behar du lehen momentutik. Egingarria da, gauzagarria, eta, batez ere, demokrazia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.