Garapen Kontseiluak uste du euskarak lurralde elkargoa behar duela geroa bermatzeko

Batzorde parekideak irakasleak esleitzeko, hezkuntza eskumenak ezeztatzea onartu beharko luke Frantziak

Estatua-lurralde elkargoa batzorde parekideak esleituko lituzke euskarazko irakasle postuak. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Euskararen geroa Iparraldearen lurraldetasunean oinarritu behar dela uste du Garapen Kontseiluak, Ipar Euskal Herriaren gobernantzari buruzko gogoetaren ildoan. Horren karietara, estatuaren ezeztapena hobesten du, irakasle postuen kudeaketa bertako egitura batek gauzatu dezan. Estatuaren eta Ipar Euskal Herriko balizko instituzioaren arteko hitzarmena eskatuko luke horrek, eta bederen bost urteko plangintza zehaztu beharko litzateke. Negoziazio horretan, Ipar Euskal Herria, «lurralde hizkuntzaren normalizaziorako bidean, esperimentazio gunea» bihurtuko litzateke, eta Ipar Euskal Herria izango litzateke hizkuntza politika orokorraren negoziazioetarako zein zehaztapenerako koadroa. Max Brisson EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente ohiak eta Paxkal Indo Seaskako buruak ukan dute Euskararen Garapena Bizi Publikoan deritzon taldearen gogoeta gidatzeko ardura, eta, bertan, mahai gainean jarri dituzte gogoeta horiek.

Garapen Kontseiluak eta, horren eskutik, Hautetsien Kontseiluak abian ezarri duten gogoetak funtsezko aldaketak ekar ditzake onartzen badituzte. Izan ere, hizkuntzaren gaia zeharka eta arloz arlo garatzea proposatzen baitu, beharretatik abiatuta. Loturik dago lurralde erakunde baten sorrerari. Beharrak definitzea izan da lehen urratsa, eta ondoren bertze batzuk egin beharko dira, behar dituen eskumenak zein aurrekontua zehazteko, xede hori bururatzeko egitura osatuz edo erakundeak zehaztuz.

Beharretan oinarritutako gogoetak aise gainditzen du orain arteko koadroa. Izan ere, Frantzian euskarak ez du lege gerizarik, ezta aitortzarik ere. EEP bera hizkuntza politikaren animatzailea baino ez da. Hezkuntza arloan, gizartearen eskaria baloratu eta beharko liratekeen irakasle postuen zerrenda osatzen du. Erabakia, ordea, Frantziako Hezkuntzak hartzen du. Orain artean, kasurik gehienetan, aintzat hartu ditu EEPren ohar eta gomendioak, baina eskaeraren logikan oinarritzen da. Alegia, guraso talde batek egiten duelarik eskaria, baliabideak baditu, Frantziako Hezkuntzak irakasle postua esleitzen du, Paueko Akademia Ikuskaritzaren bidez. Seaskaren kasuan, hitzarmen batek arautzen ditu irakasle kopuruak. Alta, hitzarmen hori agortua da. Gaur egun, negoziazio prozesuan murgildurik daude. Frantziako Hezkuntzaren esleipenak ez ditu betetzen Seaskaren beharrak, ez du bermatzen murgiltze eredua hedatzea Ipar Euskal Herri osoan.

Eskumenak ezeztatzea

Estatuak onartuko balu bere eskumenak ezeztatzea, urrats handia litzateke. Izan ere, Frantziako Hezkundeak eta tokiko batzorde parekide batek esleituko lituzke irakasle postuak. Ezeztatzearen logikarekin batera, Garapen Kontseiluak hobesten du eskaeraren logikatik eskaintzaren logikara aldatzea. Gaur egun indarrean dagoen jardunaren kontrakoa da; alegia, eragile publikoek euskarazko eskaintza bermatzea eskola guztietan, eta nahi duten gurasoek eskaintza hori onartzea. Urrats bat urrunago doa Korsikako eredua: erran nahi baita, euskaraz ikasi nahi ez duten haurren gurasoek hori jakinaraztea. Eredu horrekin, Korsikan, lehen mailako haurren %80k korsikeraz ikasten dute.

Bertze elementu batzuk ere kontuan hartzen ditu Garapen Kontseiluaren gogoetak, hala nola ama eskoletan murgiltze eredua baliatzea esperimentazio gisa, egitura publikoa zein pribatua izan. 2 urteko haurrak kontuan hartuko lirateke, eta irakasle postuak horren arabera banatuko, gaur gertatzen ez den bezala. Ondorioz, hezkuntza elebiduna eskaintza sistematikoa bihurtuko litzateke lehen mailan eta hezkuntza sistema osoan.

Lehentasunezko Hezkuntza Eremu bihurtu beharko litzateke Ipar Euskal Herria. Aldi baterako plangintza osatuko litzateke, ondoko bost urteetako bilakaera kontuan hartuko lukeena.

Gogoetan parte hartu dutenek nabarmendu dute soilik eragileen borondatean oinarritzen den sistema biziki hauskorra dela eta muga jo duela. EEPk berak burutzen duen ikerketa eta animazio lana ere sustapenera mugatzen da. Ipar Euskal Herrian lurralde elkargorik sortuko balitz, instituzio bat alegia, hari legokioke erabakitzea nola kudeatu batzorde parekide hori, EEP egituraren barruan barneratuz edo erakunde bereko adar bat sortuz. Alta, ingeniaritza funtzio hori bete behar balu, EEPk baliabide anitzez gehiago behar lituzke, bai barneko egitura osatzeko, bai eraginkorragoa izateko arloz arlo burutu behar lukeen eginkizun berrian.

Estatuarekin egin beharko den negoziazioaren fruitua izanen da eskumenak ezeztatzea. Normalizaziorako bidean eskatzen den esperimentazioaren ondorioa litzateke euskarari «koofizialtasun estatusa» ematea, haren garapena bermatzeko gizartean.

Legearen ezpata

Lege adituen iritzia ere eskatu dute Garapen Kontseiluko kideek. Ipar Euskal Herriaren neurrian ekimen publikoak bereganatu nahi dituen lehentasunezko eremuetan lege mailako trabak sortuko direlako. Izan ere, Ipar Euskal Herri osoan euskarak ofizialtasuna behar duela nabarmendu dute adituek. Bide batez, gogorarazi dute Frantziako Konstituzioko bigarren artikuluak zer dioen, alegia, frantsesa dela Frantziako hizkuntza bakarra. Gainera, Frantziak ez du berretsi Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna, eta, ondorioz, gogoetan aipatzen den esperimentazioa ezinezkoa da. «Hizkuntza politikaren egiazko eskumenak gauzatzea ahalbidetuko lukeen egitura bakarra da lurralde elkargoa», adituek diotenez. Proposamenak bide egin beharko du, eta ikusi beharko da nola ahokatzen den Frantziak burutu nahi duen deszentralizazioaren hirugarren atalean. François Hollanderen gobernuaren esku dira urratsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.