Espainiaren espetxe politika «antzinakoa eta zentzurik gabea» dela dio Egigurenek

Espainiako Gobernua gogor kritikatu du PSEko presidenteak: «Gatazkak jarrai dezan nahiago dutela dirudi»

Jesus Egiguren, PSE-EEren kongresu batean JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
«Espainiaren espetxe politika antzinakoa da; denek dakite garai hauetan ez duela zentzurik». Horrela mintzatu zen atzo Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Cadena Ser irratian. Egigurenek, bere garaian euskal presoen urruntzea eta sakabanaketa defendatu zuela onartu zuen, eta gehitu orain zilegitasuna duela aurkakoa esateko: «Autoritatea dudala uste dut orain sakabanaketa amaitzeko eta presoak hurbiltzeko eskatzeko».

Gogor kritikatu zuen Espainiako Gobernua PSE-EEko presidenteak. «Trantsizioaren garaitik, Espainiak izan duen arazo handiena» bezala kalifikatu zuen euskal gatazka, eta Rajoyren gobernuak arazo hori «ia konponduta» jaso duela gehitu zuen. Hala ere, hori guztiz konpontzeko aukera izan, eta ez duela ezer egiten esan zuen PSE-EEkoak. «Trantsizio garaian euskal gatazkari ez zitzaion irtenbiderik eman, ez zen tratatu. Gatazka hori behin betiko amaitzeko aukera du orain Espainiako Gobernuak, baina beste aldera begiratzea erabaki dute; badirudi, gatazkak jarrai dezan nahiago dutela», esplikatu zuen.

Egiguren izan zen Zapateroren gobernuaren eta ETAren arteko negoziaketetan lotura lana egin zuena. Orain, gaur egun, Rajoyren gobernuan horrelako irudirik ba ote den galdetuta, ez dakiela onartu zuen Egigurenek, baina argi utzi zuen, bere ustetan, alde bakartasunaren bidetik joan behar dutela, bai ETAk bai eta Espainiako Gobernuak ere.

Arnaldo Otegiren egoera ere izan zuen mintzagai Egigurenek. Aitortu zuen duela hogei bat egun inguru egon zela berarekin azkenekoz, Logroñoko espetxean. Elgoibartarra kartzelan egotea ez sinesteko modukoa dela esan zuen PSE-EEkoak. «Ziur nago berak uste duela ETAren alde egiten jarraitu izan balu ez zela kartzelan egongo, eta bakearen alde egiteagatik espetxean dagoela», zioen. Espainiako Gobernua kritikatu zuen Otegi kartzelan edukitzeagatik ere. «Zer pasatuko litzateke Felipe Gonzalez Espainiako trantsizio garaian espetxeraturik egon balitz? Uste dut gutxieneko inteligentzia duen gobernu batek jakin beharko lukeela horrelako egoeretan liderrak aske behar dutela izan, inportanteak direlako».

Liderraren figurari so, ezker abertzaleak baduela horren beharra nabarmendu zuen Egigurenek. «Arnaldo Otegi da Batasunari gustuko ez dituen baina beharrezkoak diren gauzak esateko gai den lider bakarra». EAJrekin hautsi behar duela eta «ezkerra, ezkerra dela» esateko beharra nabarmendu zuen PSE-EEkoak, besteak beste.

Alde horretatik, ezker abertzaleari «definizio ideologikoa» falta zaiola nabarmendu zuen PSE-EEkoak: «Batzuek era batera pentsatzen dute, eta besteek beste erara: erdiak abertzaleak dira eta beste erdiak ezkertiarrak, eta hori ez da ona beraientzat.

Horretaz gain, ezker abertzalearen egungo nazionalismoa sabindarra dela ere adierazi zuen, eta erantsi, horrek ez duela zentzurik. «Nazionalismo progresistak ere badaude, eta sabinianoa ez doa hortik; uste dut Espainia eta Euskadiri ezker nazionalista indartsua komeni zaiola», amaitu zuen.

AVTk eta SUPek (Espainiako Poliziaren Sindikatua), bestalde,«lotsagarritzat» jo zituzten Egigurenen hitzak. «Erabateko arbuioa» erakutsi zuen SUPek, eta AVTk, «hiltzaileentzat eskubideak eskatzen jardutea» egotzi zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.