Europako hauteskundeak. Kanpaina

Hausnarketarako eguna

Europaren eguna ospatu dute legebiltzarrak eta Eurobaskek, bozetarako hautagaiekin mahai ingurua antolatuta

EAJ, EH Bildu, PSE eta UPDren hautagaiak eta PPren ordezkaria, mahai ingurua hasi aurretik. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Europaren sorrerari begira jarri, gaurko eredua aztertu eta etorkizunerako aldaketak proposatu. Horixe egin dute Eusko Legebiltzarrean, Europaren eguna dela-eta Eurobaskek antolatutako ekitaldian. Azken urteotan Eusko Legebiltzarrak eta Eurobaskek egun berbera aukeratu izan dute Europaren ideian eta garapenean sakondu eta hausnartzeko, eta aurtengo jardunaldiek hauteskunde kutsu erabatekoa izan dute. Europako Batasuna «krisian» dagoen honetan, aurrean dituen erronkei heltzeko proposamenak eztabaidagai izan dituzte mahai inguru batean Izaskun Bilbao EAJren zerrendaburuak, Josu Juaristi EH Bildurenak, Ramon Jauregi PSErenak eta Maite Pagazaurtundua UPDren hautagaiak. PPren hautagai Carlos Iturgaitzek ezin izan du parte hartu, agenda arazoengatik, eta haren ordez Carmelo Barrio legebiltzarkidea izan da.

Hauteskunde kanpainaren lehen eguna Europaren egunean ospatzea ahotan izan dute jardunaldietan. Europazaleentzat gorriz ageri baita maiatzaren 9a egutegian. 1950. urtean Schumanen Adierazpena aurkeztu zenetik Europaren eguna ospatzen dela gogora ekarri dute Jose Maria Gonzalez Zorrilla Eurobaskeko presidenteak eta Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak, saioaren irekitze ekitaldian. Eta egun horrek Europako Batasunaren egoeraz hausnartzera eraman ditu euren hitzaldietan. Europako Batasuna XXI. mendeko «proiekturik liluragarriena» dela esan du Gonzalez Zorrillak, baina «demokratikoagoa eta sozialagoa» izan beharko lukeela gaineratu du. Elorzaren ustez ere, «erronka» ugariri aurre egin beharko die Europak, nola barrukoei, hala kanpokoei. Arazoak arazo, Europak «konponbidea» izaten jarraitzen duela azpimarratu du Jaurlaritzako ordezkariak: «Eredua kritikatu dezakegu, baina ezin dugu bazter batean utzi».

Bilbao: «Arazoa da zer egin»

Eta, hain justu ere, Europaren eguna aitzakia gisa hartuta, egungo ereduaz hausnarketa egin dute alderdietako hautagaiek ere. Egungo ereduaren diagnostikoan bat egin dute denek, aldatzea ezinbestekoa dela esanez, baina bakoitzak irtenbide desberdinak proposatu ditu aldaketa hori gauzatzeko. «Arazoa da zer egin», laburbildu du Izaskun Bilbao jeltzaleak.

Maiatzaren 9an «ospatzeko gutxi» dagoela adierazi du EH Bildukoak, «berdintasun, elkartasun eta emoziorik» gabeko Europa eraiki delako. «Bestelako Europa bat» behar dela ondorioztatu du. PPko ordezkariaren ustez, ordea, «ospakizun» eguna da, «ilusioa eta etorkizuna» islatzen duelako, eta Europako Batasuna «demokraziaren erreferentea» izateko lanean jarraitzearen alde egin du.

Europan estatu berriak egoteko aukeran ere ez dira ados jarri hautagaiak. Pagazaurtunduaren ustez, «astakeria» da burujabe izan nahi duten herrien aldarrikapena. «Zatituta» dagoen Europa batean ez duela sinesten esan du Jauregik, eta Europa bera abertzaletasunaren aurkako «antidotorik hoberena» dela, berriz, Barriok. Identitate arazoak «kontzeptu modernoekin» konpontzearen alde egin du Bilbaok, eta erabakitzeko eskubidea argi eta garbi defenditu du, bestalde, Juaristik.

Europako eredu «soziala» defenditzean, ostera, ados jarri dira guztiak. EAJko eta EH Bilduko hautagaiak bat etorri dira «pertsonak» erdigunean jarri behar direla. Bilbaok argi adierazi du gizarte baldintzak «harmonizatzeko» apustua egin behar duela Europak eta enpleguaren aldeko neurriak sustatu behar dituela. Jauregiren ustez, berriz, «bidegurutze historiko» batean dago Europa, eta bereziki bi erronkei egin beharko die aurre: politika ekonomikoa berritzeari eta «abertzaletasun soziala» berreraikitzeari.

Hautagai denek federalismoaren bidea babestu dute, eta lidergoa ere eskatu dute. UPDren hautagaiaren ustez, Europaren federalizazioa da modu bakarra «mundu globalizatuari» aurre egiteko. Europa ordezkatuko duen lider baten beharra ikusi arren, oraindik helburu hori lortzeko «garaiz» dela adierazi du PSEren hautagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.