Donostiako 59. Zinemaldia. Enara Goikoetxea, Iurre Telleria. Zinemagileak

«II. Mundu Gerra ez zela hain urruti egon erakustea da asmoa»

Bruselatik Londresera, Euskal Herritik pasatuta, 3.000 izan ziren II. Mundu Gerran Comete sareko laguntzaile erresistenteak. 'Azken bidaia' dokumentalak Urruñan izandako atxiloketa du oinarri.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Bost urteko lana eskatu die Azken bidaia dokumentalak bi zuzendariei. Tokikoaz hitz egiteko asmoarekin hasi eta, azkenean, zabalduz joan da gaia, eta anbizio handiko emaitza jalgi. Hiru ekoiztetxe ditu dokumentalak: Moztu euskal herritarra, Amo frantsesa, Off World belgikarra; eta kolaboratzaile anitz. Horrek filma lau haizeetara zabaltzeko aukera eskaintzen die. Zinemaldian, euskarazko eta gaztelerazko bertsioak ikus daitezke.

Denborarekin pixkanaka zabaltzen joan zarete dokumentala?

Goikoetxea: Bai. Guk utzi dugu zabaltzen, beharren arabera. Utzi dugu, baita ere, Euskal Herriko partea zati ilunena delako. Bertan parte hartu duten guztiak ez daude hemen, hil dira. Haiekin galdu da informazioa. Gertatu ziren gauza asko oso zaila da gaur egun zehaztea oso garbi. Oinordekoek oso gutxi jakin izan dute. Hori da Euskal Herriaren estigma txikietako bat. Frankismoaren ondorioagatik isilune handia egon zen. Gauza asko isilpean mantendu ziren. Hegoaldean galdetzen baduzu II. Mundu Gerraz «ez doa gurekin» pentsatzen da. Arrotz gelditzen zaigu. Gure asmoa da erakustea horren urruti ez zela egon.

Zuek zergatik interesatu zineten gaiaren inguruan?

Telleria: Arreta deitu ziguna batez ere Florentino Goikoetxearena izan zen. Esan ziguten Hernanikoa zela eta II. Mundu Gerran hegazkin gidariak pasatzen laguntzen zituela. Eta guk: «Hernanikoa? Eta horrelakoak egiten zituen?». Guk ez genekien ezer. Gure ezjakintasunak motibatu gintuen. Hasi ginenean ikertzen, ohartu ginen jende heldua urtero etortzen zela, kanpotik, urrutitik, haiek egin lana eskertzera. Eta guk hori ez jakitea arraro egin zitzaigun. Horrela hasi ginen.

Goikoetxea: Egia da azken urteetan gehiago hitz egin dela Cometeri buruz, baina gu hasi ginenean, ezer gutxi.

Abiapuntu zehatz bat hartu duzue dokumentala hasteko; muga pasatzera zihoazela, 1943ko gau euritsu baten biharamunean Urruñan gertatu zen atxiloketa bat...

Goikoetxea: Zazpi pertsona atxilotu zituzten. Zenbait herrialde takoak ziren, eta haien bitartez kontatzen dugu historia.

Telleria: Istorio handia kontatzeko pertsonaia txikiak behar ziren. Hori izan da hasieratik helburuetako bat. Parte hartze txikiagoa izan zutenena ere kontatu nahi genuen. Talde lana zen, lan txikiak gabe ezin zena ulertu.

Goikoetxea: Pertsonaia horien arima errekuperatu nahi genuen. Hori errekuperatzerakoan, errekuperatzen dugu Belgika, Paris, baina baita ere hemengoa. Eta guretzat garrantzitsua zen hemengoa kanpokoen parean jartzea.

Beren lekukotasuna ematen dutenak antzezten jarri dituzue aktoreak, garai hartara eramanez ikuslea. Identifikazioa errazteko agian?

Goikoetxea: Pertsonaiekin konexio bisuala sortzea nahi genuen. Ikustea nork zeuzkan 17 urte, nork 20 eta nork 40. Ikustea nor zen baserritarra, zer pobrezian eta gogortasunean bizi ziren. Bisualki hizkuntza hori guztia ematea. Miseria handia zegoen, eta hori transmititzea garrantzitsua zen. Eta, bestalde, artxibo asko geneukan argazki aldetik. Eta garrantzitsua izan zen casting-a ondo egitea, loturak ondo emateko. Urruñan gertatzen zena Lesakan grabatu genuen; guretzat grabaketa Hegoaldean egitea errazago zen, baimenen aldetik. Parisko kartzela, Hondarribian grabatu genuen. Baina, batik bat, kontua da pertsona batek hitz egiten baldin badigu eta 14 urteko neska bat baldin bazen orduan pantailan ikustea 14 urtekoa zela. Bestela, ikusten dugu heldu bat esaten diguna 14 urte zituela, baina ez gara konturatzen. Berdin pilotuekin; batzuk oso gazteak ziren.

Estetika anitz zaindu duzue oro har...

Goikoetxea: Zinemako ekipoarekin grabatuta dago. Zinemagintzan dabilen lantalde batekin egin da lana, horregatik. Gertatzen ari zenarekin konektatzea zen beti kontua.

Ahal bezain publiko zabalari eskuragarria egiteko gisan agian? Produktore batek aipatu du nola semeak filma ikusi eta historia klaseetan baino gehiago ikasi zuela erran ziola...

Telleria: Mundu guztiarengana iritsi ahal izateko gara saiatu historia sinplifikatzen, detaile handietan galdu gabe. Eta hori lortu baldin badugu, kontentu gaude.

Horregatik dituzue ordenagailuaren bidez landu zenbait irudi? Bruselatik doan trena maparen gainean marraztu duzue ibilki; argazkiei ere mugimendua eman diezue...

Telleria: Bidaiaren perspektiba ematen digu horrek. Gauza asko azaldu gabe argi ikusten delako, ezta?

Goikoetxea: Mugimendua nahi genuen adierazi. Elkarrizketatuak pertsona helduak dira, leku lasaietan direnak. Baina eurek kontatzen dutena eta egiten zutena mugimendua zen konstanteki.

Telleria: Argazki asko ziren eta, nire ustez, dokumentalean sartzen laguntzen du mugimenduak.

Anitz ikas daiteke filmean. Zuek ere ikasi duzue?

Telleria: Izugarri ikasi dugu. Jende asko ezagutu dugu, oso mundu ezberdinetakoa.

Goikoetxea: Eskola izugarria izan da. Aurkitu material guztiarekin pelikula asko egin genitzakeen. Muntaketa prozesuan, muntaketa asko egin ditugu. Hori ere luxu bat izan da. Eta hor ere asko ikasi dugu. Posible zen dokumental historiko bat egitea, baina bukaeran erabaki dugu pertsonaien dokumental bat egitea. Zenbait mailatan irakur daitekeen pelikula bat da.

Moztu ekoiztetxea dela eta, azkenean, egiten dituzuen hautuek badute logika bat, historiaz duzuen interesarena agian, dela Amaren ideia, Debekatuta dago oroitzea...

Telleria: Guri interesatzen zaizkigu istorio humanoak, bai.

Goikoetxea: Denak istorio sozialak direla egia da. Ez da pentsatua, inkontzientea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.