Albistea entzun

Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (II)

Euskara kaltetuta aterako da

Nafarroako Gobernuak 44 lizentzia banatuko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, 34. Lehiaketako oinarriak argitaratu dituzte.
Hala Bedik bi lizentzia eskatuko ditu, bat euskaraz.
Hala Bedik bi lizentzia eskatuko ditu, bat euskaraz. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2012ko martxoak 18 - Donostia

Hego Euskal Herrian 78 irrati lizentzia banatuko dituzte aurten. Horietatik 11 baino ez daude gordeak emisio osoa euskaraz egiteko eskaintzak aurkezten dituzten irratiei. Gainontzeko lizentzietan, berriz, euskaraz aritzeko inolako betebeharrik ez dute izango irratiek. Hartara, Madrilen egoitza nagusia duten irrati komertzialek (SER, Cope...) aukera gehiago dituzte banatuko diren lizentziak lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako lizentziak emateko lehiaketaren oinarrien arabera, euskarazko emisioen erreserba 11 lizitatzailerentzat egingo da: bi Bilbon (sei lizentzia banatuko dira guztira), bat Durangon (bitik), bat Getxon (lautik), bat Beasainen (hirutik), bi Donostian (bostetik), bat Legazpin (bitik) eta hiru Gasteizen (hamarretik). Erreserbek ez dute eraginik izango euskara hutsezko irratien eskaintza nahikorik ez badago. Aipatutako erreserbek ez dute eraginik izango, halaber, emisio osoa euskaraz egitea aurreikusiko duten eskaintzek zerbitzuaren beharrak betetzen ez badituzte. Gasteizen hiru irrati gorde dira euskara hutsean emitituko dituzten irratientzat, baina une honetan ez dago halakorik. Hala Bedik aste honetan iragarri du emisio osoa euskaraz izango duen irrati bat jarriko duela martxan, eta, horrenbestez, proiektu berri horrek aukera izan dezake lizentzia lortzeko. Euskal hiztunak nagusi diren eremuetan, berriz, ez dago euskararen aldeko hauturik. Irrati elebidunentzat ez dago erreserbarik, eta %5eko puntuazioa baino ez du ematen euskaraz emititzeak. EAEn ezin dituzte lizentzia gehiago eman, espektroan ez dagoelako leku fisikorik.

Nafarroan ez dago erreserbarik euskara hutsean emititzen duten irratientzat. Eremu mistoan, programazioaren %20 euskaraz ematen duten irratiek ehunetik bost puntu jasoko dituzte. Gutxiago ematen dutenek punturen bat lortu ahalko dute; gehiago ematen dutenek, ordea, ez. Eremu euskaldunean ehunetik hamar puntu lortu ahalko dituzte euskaraz emititzen dutenek. Nafarroan 44 lizentzia banatuko dituzte, horietatik bi baino ez Iruñean. 2006an Madrilen onartutako plan teknikoaren dekretuak dio «herritarren eskaerak bete» behar direla. Pluraltasun informatiboa ere aipatzen da. Nafarroatik eskatutako guztiak izendatu zirela esan zuen Madrilek, eta, alde horretatik, ulerkaitza da Iruñerako bakarrik bi lizentzia eskatzea.

Euskalerria irratiak lehiaketara aurkezteko asmoa du, baina hautagai asko daude Iruñerrian. Eta Euskalerria irratiko arduradunek uste dute deialdiak irrati kate handiei egingo diela mesede.

Nafarroan banatuko diren lizentzietatik 42 berriak dira, eta bi, 1998ko lehiaketan hutsik gelditu zirenak. Zortzi herritan aurreneko aldiz banatuko dituzte FMko emisorak: Ameskoabarrena, Baztan, Bera, Auritz, Izaba, Larraun-Baraibar, Leitza eta Otsagabia. Nafarroako Gobernuak iragarri du urrirako emango dituztela lehiaketaren emaitzak.

Interes orokorrekoak

Irrati lizentziak emateko dekretuan ez dute aintzat hartzen irrati komunitarioen errealitatea. Astearteko agerraldian, Hala Bedi irratiko kideek salatu zuten komunikabide txikiak lehenetsi ordez irrati komertzial handiak bultzatu dituztela. Oinarrietako 18. atalean, esate baterako, berme bat eskatzen zaie irratiei. Dirutan edo abal bidez era daitekeela dio, baina irrati txiki askorentzat zaila izaten da abal hori lortzea.

Ekoizpen eta programazio propioa izateari dagokionez, EAEko dekretua okerragoa da Nafarroakoa baino; Nafarroakoan, puntuen erdiak ematen dituzte programazio eta eduki gaien arabera, eta EAEkoan, puntuen laurdenak. Alor tekniko eta ekonomikoak garrantzi handiagoa du Eusko Jaurlaritzaren dekretuan. Eta horrek mesede egiten die SER, Cope, Onda Cero eta Madrilen egoitza duten irrati komertzialei. Euskal kultura eta euskarazko musikarekin lotutako kuotarik ere ez dago.

Kudeaketa pribatuko zerbitzu publikoko irratiak izatetik interes orokorrekoak izatera pasatuko dira baimena lortzen dutenak. Baina interes orokor horrek ez dakar inolako betebeharrik, eta euskal komunikazio esparruari kalte nabarmena egiten dio.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Urtzi Urkizu

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...