Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (IX)

Kontseilua: «Euskaldunak baztertu dira»

Euskararen Kontseiluak «kezka handiz» hartu ditu bi gobernuen lehiaketa oinarriak.

Antxeta irratiak lizentzia bat eskatu du Donostia aldean eta beste bat Beran. NICOLAS MOLLO.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Irrati lizentziak adjudikatzeko dekretuak ez diote erantzuten euskaraz bizitzeko nahiari, eta espazioak euskalduntzeko aukera berri bat alferrik galdu dute», adierazi du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. «Kezka handiz» hartu du aurten adjudikatuko dituzten irrati lizentziak hautatzeko bai Nafarroako Gobernuak bai Eusko Jaurlaritzak onartu dituzten lehiaketa oinarriak.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok honako iritzi hau agertu du adjudikazioei buruz: «Euskaraz bizitzeko nahia lau haizeetara zabaltzen ari den honetan, azpimarratu nahiko nuke euskaraz bizi nahi duen herri bati ez diotela erantzuten bi gobernuek onartutako oinarriek, eta, beste behin, euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzeko izan dituztenean, euskaldunak baztertu egin dituzte, ez dituzte espazioak euskalduntzeko pauso eraginkorrik eman. Uhinak euskalduntzeko erabaki irmorik ez da hartu».

Eusko Jaurlaritzaren lehiaketari dagokionez, 1986. urtetik ez da inolako erabakirik hartu irratietan euskararen presentzia arautzeko. «Kontseiluan beti gogorarazi dugu hizkuntza politika bi bidetatik egin daitekeela: arau bidez eta laguntza bidez. Dekretua oso berandu datorrela adierazi behar dugu». 1991. urtetik hona euskaldunon kopurua Euskal Autonomi Erkidegoan 181.000 lagunetan egin du gora. Hala azaldu du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azken inkesta soziolingustikoaren datuak aurkeztutakoan. «Hartara, ez du zentzurik gero eta hiztun gehiago garela esateak eta irratietan euskararen presentzia bermatzeko erabikirik ez hartzeak. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika kudeatzen dutenek beti adierazi dute progresibotasunaz jardun behar dela, eta irrati lizentziak adjudikatzeko dekretuan ez zaigu iruditzen progresibotasun horri erreparatzen zaionik».

Paul Bilbaok gogora ekarri du lurreko telebista digitalaren adjudikazioa. Kontseiluak kritika zorrotza egin zuen LTDaren adjudikazioan ez zelako bermatzen gutxienez kate bat euskarazkoa izango zela, eta oraingoan hori zuzendu dute. «Halere, iruzurra ere aurreikus daiteke irratien adjudikazioan, euskarazkorik aurkeztu ezean, lizentzia horiek gaztelaniazko irratiek har ditzaketelako». Kontseiluak, halaber, kezkagarritzat jo du euskara hutsez emitituko duten irratientzako lizentzietatik kanpo ez dela euskararen tasarik ezartzen. Euskararen presentzia «modu apalean» balioesten da. Bilbaok salatu du agintari politikoek geure hizkuntzaren berreskurapen prozesua enpresen borondatearen esku uzten dutela. «Eta azken urteotan ikusi ahal izan dugu zer-nolako jarrera erakutsi duten ia gehienek. Gobernuek hizkuntza normalizazioan urrats eraginkorrak egiteko arau egokiak abian jarri behar dituzte. Oso kezkatzen gaitu haien betekizunak hirugarrenen borondatearen esku uzteko jarrerak». 1986ko dekretuan berariaz jasotzen zen EAEko bi hizkuntza ofizialen erabilera orekatua egin behar zutela. Eta oraingo dekretu berrian irrati gehienek ez dute zertan hitz bat bera ere euskaraz egin.

Nafarroako kasuan, Bilbaok uste du Nafarroako Gobernuakeuskararen inguruan ezarritako oinarriak gobernu horrek euskararen aurka daraman hizkuntza politikaren isla direla: «Euskara hutsezko kateentzat lizentziarik ez dute gorde, eta euskaraz emititzeagatik emango duen puntuazioa eskasa da oso». Gainera, gogoratu du Nafarroan hizkuntza eremuen bidez ezarrita dagoen «bidegabekeriari» eusten diola euskaraz emititzeagatik ematen den puntuazioak. Iruñean gertatzen denari dagokionez, Kontseiluko arduradunak honako hau adierazi du: «Jakin badakigu Nafarroako Gobernuak Euskalerria Irratiari lizentzia ez ematea erabaki politikoa dela, baina espero dezagun oraingoan amaiera emango zaiola egoera horri».

Politika berri baten beharra

Kontseiluak «hizkuntza politika berri eraginkor» baterako hedabideen inguruan hartu beharreko neurriak jasoak ditu. «Arau bitartez lotu beharrekoari dagokionez, euskara hutsezko irratiei dagokienez, euskaldunak %75etik gora diren eremuetan adjudikatu beharreko irratiak euskara hutsezkoak izatea; euskaldunak %50-%75 direnetan, hiru laurdenak euskara hutsez; euskaldunak %25-50 direnetan, erdiak euskara hutsezkoak; eta hortik beherakoetan, gutxienez batean». Horrekin batera, euskara hutsez emititzen ez dutenentzat, Euskal Herrian hedatzen diren hedabideek euskararen erabilera kuota legez ezarria izango dutela agertzen du Kontseiluaren proposamenak. Kuota kalkulatzeko uneko ezagutza tasari 10 puntu gehituko zaizkio, eta tasa hori lau urtez behin berritu beharko litzateke.

Kuotak ezartzeaz gain horiek beteko direla bermatzeko mekaniskoak ere abian jarri behar direla berretsi du Kontseiluak.«LTDan kuotak ezarri ziren, eta egun ez dira betetzen». Euskarari irrati uhinetan espazio berriak ez eskaintzeak euskararen normalizazio prozesuan aukerak galtzea ekarriko du, Kontseiluaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.