urtzi urkizu
Donostiako 61. Zinemaldia. Zabaltegi. Basquewood

Lagun ona, beti lagun

2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hasiera kredituak ikusgarriak dira. Carmen Maura, bere mailan. 112 minutuan ez zara askorik aspertzen. Eta Mikel Laboaren ahotsa entzutea eskertzekoa da. Baina Las brujas de Zugarramurdi filma ikusi eta berehala ahaztuko dituzun horietakoa da. Hutsala eta umore zakarrekoa.

Lerro gehiago merezi dituen lana da Asier ETA biok. Zuzendariak berak eta beste askok esango dute batik bat Madrilgo ikusleentzat egina dela. Ba ez nago erabat ados. Kanpokoentzat baliagarria izango da, noski. Baina gurean ere harrera ona izan dezakeen filma da. Errealitatean oinarrituta, eta umorea dosi justuetan erabiliz, benetakotasunean murgildutako istorioa baita Aitor eta Amaia Merinok zuzendutakoa. Ezberdina da gatazka politikoarekin umorezko esketx batzuk egitea telebistarako edo benetako material eta pertsonekin ari zarenean umorea sartzea. Aitor Merinok asmatzen du hori egiten, eta lana are atseginagoa bilakatu du. Betiere Asier Aranguren protagonistaren konplizitatearekin. Errespetuz kontatzen da dena, errespetuz egiten dira txantxa guztiak. Lagun ona beti delako lagun. Adiskidetasun sendo baten sentimenduak beste gauza batzuk baino garrantzitsuagoak direlako. Beste gauza horiei duten garrantzia inolaz ere kendu gabe.

Ausarta hitza entzun dut Merinoren lana eta Merino bera definitzeko orduan. Horrez gain, eskuzabala dela esango nuke; Arangureni eta haren familiari «eskuzabaltasuna» eskertu dizkio egunotan aktore eta zuzendariak. Eta ikusleok eskuzabaltasun hori eskertu behar diegu Merino anaia-arrebei, askatasunez eta zintzotasunez eskaini dutelako errealitatea.

Gidoi bikainekin ondutako fikziozko pelikulak ikusiko ditugu egunotan Zinemaldian. Baina zaila izango da Asier Arangurenen —espetxetik irten berritan— eta bere adineko izebaren arteko solasaldi hunkigarriaren mailako eszenaren bat aurkitzea. Sentimenduz betetako hotzikarak eragiten dituzten horietakoa da. Beste solasaldi batzuk ere hala dira. Eztabaidarako hamaika ate zabalduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.