Literatura. Hirudia

Txillardegi, haizeaz bestaldean

2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Joan den astean Txillardegi hil zela jakin nuenean, oso hunkituta gelditu nintzen. Azken egun hauetan hark merezitako ditiranbo eta laudorio anitz idatzi diren arren, ezin dut ekidin nire omenalditxoa ere egitea. Artikulugile guztiek azpimarratu duten bezala, sinestezina da zelako lan handia egin zuen Euskal Herriaren eta Euskal kulturaren alde, baina niri, batez ere, haren oroitzapen sotilak etortzen zaizkit burura, gogorapen gizatiarrak eta arruntak. Adibidez, nola jo zidan adarra Aberri Egun batean nire abertzaletasunari epelegi iritziz, edo zein umilki ematen zigun arrazoia azterketa-zuzenketaren bat erreklamatzera joaten gintzaizkionean.

Hain zuzen ere, erbestetik itzulitakoan, frankismo osteko lehen urteetan, gure irakaslea izan zen Deustuko Unibertsitatearen donostiar campusean. Ni orain naizen baino gazteago zen bera orduan, gezurra badirudi ere, eta beti gogoratuko dut orduko itxura ia gazte harekin. Ilusionatuta sentitu ginen aurreko urtean irakurritako Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren egile famatua gure irakaslea izango zela esan zigutenean. Alabaina, ez zigun literaturarik irakatsi zoritxarrez, euskal fonologia baizik. Ingeniaritza, literatura, hizkuntzalaritza eta soziolinguistika jorratu zituen, bere lan politikoaz gain. Ez dago jende askoren esku haren gaitasun intelektuala. Irakasle saiatu eta maitagarri bat bezala gogoratzen dut, baina nahiko despistatua batzuetan. Bezperan emandako lezio berbera errepikatzen zuen maiz samar, eta guk ez genion ezer esaten nahasmenaz, bihurri samarrak izaki.

Frankismo osteko urte haietan unibertsitatera bere auto zaharrean nola etortzen zen gogoratzen dut, Seat 1450 edo 1500bat, oker ez banago, eta garai hartan poliziak oraino bakerik ematen ez ziolako, zenbait egunetan unibertsitatean ez zela agertzen ere ez zait ahaztu. Jakina, zorionez ez zuen beti euskal fonologiaz soilik hitz egiten, literaturaz eta bere bizipenez ere hainbat pasadizo kontatzen zizkigun. Adibidez, hasieran kultur taldea izateko jaio zen ETAren izena berak proposatu zuela beste askoren artean. Haietako bat, kontatu zigunez, ATA izan zen (Aberria Ta Askatasuna), izena erabakitzeko bileran gaitzetsi egin ziotena, ata zenbait euskalkitan ahatea delako. Berak proposatutako beste akronimoak ez ditut gogoratzen, zoritxarrez.

Gauza jakina denez, ez zuen asko iraun ETAn. Gure irakaslea izan zen garaian aski moderatua iruditu zitzaidan. Beste batzuekin batera ESB (Euskal Sozialista Biltzarra) alderdia sortu zuen, baina antimarxistatzat zuen bere burua, ezkertiarra izanik erraza ez zena orduan. Gero, Herri Batasunean hasi zenean, guztiz harrigarria egin zitzaidan gure eskoletan hain lasaia zen irakasle hark nolako hitzaldi sutsua eman zezakeen milaka pertsonaren aurreko mitin batean. Zur eta lur utzi ninduen ozenki eta indar handiz esan zuenean agian batzuk harritu egingo zirela bera han ikusteagatik, baina bera beti egon zela han.

Maiz entzun genion euskarak eraman zuela abertzaletasunera, eta gauza nabaria da beti jarri zuela euskal kulturarekiko maitasuna politikaren aurretik. Horrek beste ezerk baino hobeto esplikatzen du Txillardegi zein mugimendu edo alderditan egon edo sartu zen eta nondik irten edo bota zuten. Hori dela-eta, itxuraz ez da ulertzen, baina oso ondo entelegatzen da, bestalde, zergatik ez zuten inoiz Euskaltzaindian onartu, ondikoz (euskara batuaren lehen sortzaileetako bat izan arren). Hiru aukera ukan zituen, eta lehenengoa izan zen sendoena ziur aski, erbestetik etorritakoan. Baina Patxi Altunarekin lehiatu behar zuen horretarako, eta berak ikasgelan esan zigunez, ez zion euskaltzain oso izatea oztopatu nahi unibertsitate hartan lan egitea eskuzabalki bideratu zion pertsonari.

Txillardegiren euskara baturako hasierako proposamena, teorikoa eta praktikoa, garai hartako guztietatik orekatuena eta onena iruditu izan zait urteen iragatearekin: bere hasierako liburuetan Sebastian Mendibururen prosaren dotorezia handiaren oihartzun sendoa suma daiteke, lapurtar maisuenarekinbatera.

Sarritan gauza askotan sintonia ezberdinetan egon arren, aitortu behar dut azken urteotan nire harekiko mirespena handitzen joan dela nabarmenki, zahartzen direnean gurasoekin gertatu ohi zaigun moduan. Euskal Kulturaren alorrean hark irakasle gisa eman zigun lekuko zuzenari jarraipena ematen saiatzen gara, maila apalagoan bada ere, eta eskerrak eman behar dizkiogu Txillardegiri euskararen munduan eskuzabalki egin zuen guztiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.