Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (eta X)

Euskara, lana eta pluraltasuna helburu

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Hedabideen zuzendari Igor Marinen arabera, garrantzitsua da euskarazko erreserbak egotea.

Irratiek hilabeteko epea izan dute euren proiektuak Eusko Jaurlaritzan aurkezteko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Aste honetan amaitu da EAEko irrati lizentzien deialdira proiektuak aurkezteko epea. Orain, Eusko Jaurlaritzak sei hilabeteko epea izango du erabakia hartzeko eta jakinarazteko. Araban, hamar lizentzia banatuko dituzte (hiru euskaraz); Bizkaian, hamahiru (lau euskaraz), eta Gipuzkoan, 11 (lau euskaraz).

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren balorazioa jasotzeko, Igor Marin Gizarte Hedabideen zuzendariarekin hitz egin duBERRIAk. Marinek azaldu duenez, lehiaketak lau helburu nagusi ditu: «Lizentzia bat izango duten emisorei garantiak ematea eskaintza komunikatibo bat egin dezaten; euskara hutsezko irrati espazio pribatua sortzea; Euskadiko dialaren pluraltasunean ekarpena egitea; eta lana sustatzea komunikabideen sektorean».

Aipatutako lizentzien banaketan, eremu geografiko batzuk kanpoan gelditu dira. Esate baterako, Araban lizentzia guztiak Gasteizen emango dira, eta beste bailaretan ez da lizentziarik banatuko. Irrati espektroaren kudeaketa Espainiako Gobernuari dagokio. Erkidegoek 2006. urtean Madrilen eratu zen Plan Tekniko Nazionalari jarraitu behar diote, eta ez dute aukerarik orduko parametroak aldatzeko.

Euskarazkoentzat 11 lizentzia

Eusko Jaurlaritzak banatuko dituen 34 lizentzietatik 11 euskara hutsezko irratientzat izango dira, baina ez badira proiektu nahikoak aurkezten edo eskatutakoa betetzen ez badute, gaztelaniazkoek jasoko dituzte. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Hedabideen zuzendariak nabarmendu du aurreneko aldia dela Euskal Autonomia Erkidegoan euskarazko irratientzat erreserbak egiten direla: «Neurri hori ezartzera ez dira ausartu aurreko gobernuak. Eta horrek erraztuko du, azkenean, irrati merkatu pribatu bat euskaraz egotea. Aurreneko aldiz jokaleku ezberdin bat definitu dugu euskarazko emisorek lizentzia bat lortzeko aukera izan dezaten, Espainiako komunikazio talde handiekin zuzenean lehiatu gabe. Neurri berritzaile eta ausarta da».

Euskarazko erreserbetatik kanpo, ordea, lizentzia lortzen duten gainontzeko irratiek ez dute obligaziorik izango euskaraz minutu bakar bat emititzeko. Marinek honako hau adierazi du: «Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lizentzien banaketan emisio hizkuntza ez dadila oztopo izan edozein enpresa proiekturen konkurrentzia librearentzat. Bestalde, pentsatzen dugu euskarazko erreserben metodoa garantistagoa dela eta euskaraz modu eraginkorrean ari diren irratiak egonkortzen dituela. Gainera, puntuak ematen dizkiegu programazioaren zati bat euskaraz emititzera konprometitzen diren irratiei».

1986. urtetik ez da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irrati lizentziarik banatu, eta dialean «ordena» jartzeko asmoa azaldu izan dute erakundeek. «Ordena jartzeaz aparte, lehiaketarekin egingo dena da lizentzia bat duten emisorei garantiak ematea bere eskaintza komunikatiboa eta negoziokoa egiteko, haien eskubide legalari erreparatuta».

Nafarroan, irregulartasunak izan ziren 1998ko lehiaketan.EAEko lehiaketaren zorroztasunari buruz galdetuta, hauxe dio Marinek: «Ausarkeria da EAEko lehiaketan zalantzan jartzea administrazioaren jokaera eta erabateko gardentasuna. Espedientea eskatzen duenari emango diogu. Baldintza legal eta kontrol guztiak betetzen ditu».

Irrati lizentzien inguruko erreportaje-elkarrizketa sorta osorik helbide honetan irakurgai:

berria.info/guregaiak/161/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.