Kritika. Opera
Botika atsegina
'L'elisir d'amore'
Abeslariak: Celso Albelo, Mariola Cantanero, Bruno de Simone, Luca Salsi. Musika zuzendaria: Jose Miguel Perez Sierra. Eszena zuzendaria: Mario Gas. Lekua: Euskalduna jauregia. Eguna: otsailak 18.
Are eta biribilago iruditu zaigu OLBEk Liceu Gran Teatre-ren eskutik eskaini digun L'elisir hau denboraldi honetan beste emanaldi onekin alderatzen baldin badugu. Izan ere, goi mailan izan direlako opera bufo batean dauden osagaiak: eszena, musika eta abeslariak. Esaterako, Mario Gasek erritmoa jarri zion eszena eta abeslarien zuzendaritzari. Primerakoak ziren haien mugimenduak eszena koraletan, bai eszenatokian zein publiko aretoan. Marcelo Grande-ren hiri bateko enparantzaren dekoratuek balio zuten opera osorako, nahiz eta jatorrizko libretotik aldenduta geratu. Hau da, XX. mendeko Italia faxistan lekutu zuten ekintza, izatez, Erdi Aroko nekazaritza eremuan kokatu behar zena, apika, eszenaren ikusgarritasuna eta barregarritasunaren kontrastea indartzeko asmoz.
Jose Miguel Perez Sierra musika zuzendariak, bere aldetik, dotore kontzertatu zituen abeslariak eta ederto aritu zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, hasierako denbora-pasak eta larregizko ozentasun batzuk kenduta. Nire ustez, egokiagoa geratuko zen klabezina erabiltzea piano bertikala baino errezitatibo secchi laguntzeko unetan.
Abeslariek,berriz, gozatu egin zuten denek. Baina bikote protagonista suertatu zen gauaren irabazlea eta txaloaldi bana lortu zuena operaren barruan. Celso Albelo proiekzio handiko tenor gazteak hasierako ahots-gorputza, tinbre erakargarria eta kantu-lerro zoragarria adierazi zuen eta Una furtiva lacrima-n, berriz, entzuleen eldarnio lortu zuen. Mariola Cantarero sopranoak, aldiz, belcantoaren teknikan aditua zela erakutsi zuen, gurguiluak, messa di voce, ligatuak eta, azken Duoan jaso zuen publikoaren berotasuna. Bruno de Simone baxuak vis komikoa eta musikaltasuna azaldu zigun berbalapikoaren rolean. Beste horrenbeste, baina bolumen apalagoan aritu zen Luca Salsi militar rolean eta sendotasuna haizeratu zuen etxeko Itziar de Unda. Bilboko Opera Abesbatzak, Boris Dujin-en zuzendaritzapean, bikain abestu eta taularatu zuen bere rol luzean zehar.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.