Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Venezuela. Hauteskunde ostea. Analisia

Inpugnazioa

2013ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Henrique Caprilesek, Venezuelako hauteskundeen emaitzak ezin sinetsita, iruzurra salatu eta jendea kalera atera zedin eskatu zuen. Egun hartan bertan, astelehen gauean, zazpi lagun hil zituzten; zortzigarrena atzo hil zen, egun hartako istiluetan jasandako zauriengatik. Asteazkenerako ere protesta handia iragarri zuen Caracasko CNE Hauteskundeen Batzorde Nazionalaren aurrean, baina, hildakoen ondoren, atzera egin zuen deialdiarekin oposizioaren presidentegaiak.

Aldaketa horrek momentuko barealdia ekarri du, baina behin-behinekoa da, itxura guztien arabera. Astelehenean gertatutakoen ondoren, CNEn protestak lehertu izan balira, Caprilesen eskua ikusiko zuketen herritarrek, eta estrategia aldatu du. Egun batzuk igarotzen utzi, astelehenekoa ahaztu, eta gero ere denbora egongo da liskarretarako, Caprilesek ez baitu asmorik emaitzak onartu eta oposizioari dagokion tokira igarotzeko.

Emaitzen inpugnazioari buruzko eztabaidak lagunduko dio Caprilesi tentsioari eusten. Seguruenik, ezer gutxi aldatuko da, baina denbora irabaziko du, tarte horretan gobernuaren eraginkortasunik ezaren mamua elikatu, giroa berotu, eta hemendik bi urtera, erreferendum bidez, gobernu aldaketa eskatzeko. Tibisay Lucena CNEko presidenteak inpugnazioaren auzia «lehenbailehen» argituko dutela esan du; komeni zaio Venezuelako gobernuari hala egitea.

Denbora nahi baitu Caprilesek. Giroa nahastu, gezurrekin jendea kalera aterarazi, eta aurrez aurrekoa Venezuelako herritarren artean eragiteko. Munduko herri gehienek onartu dute Nicolas Maduro presidente gisara. AEBek ez, ordea; izan ere, primerako garaia dela uste dute, Hugo Chavez ez dagoelarik, herria desegonkortu eta hamalau urtean eraikitakoa bertan behera uzten saiatzeko.

Prozesu bolivartarra bideratu dutenak, ordea, ez daude prest hori gertatzen uzteko, eta gogor eutsiko diote. Maduro-Capriles hauteskunde lehia behar zuenarekin hasi denak bukaera urruna du, eta, itxuraz, ez oso ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.