Kritika. Musika

Urtebetetze arranditsua

2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Bilbao Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Guenter Neuhold.

Bakarlariak: Anne Schwanewilms, Lilli Paasikivi, Stig Andersen, Jon Fredric West, Arnold Bezuyen, Fernando Latorre. Obra: Arnold Schoemberg-en 'Gurre-Lieder'.

Abesbatzak: Andra Maria, Easo eta Araba. Lekua: Euskalduna jauregia. Eguna: martxoak 9.

Erronkaz beterik ospatu du BOSek bere 90 urtebetetzea. Bagenekien gure orkestra eroso sentitzen dela sinfonismoaren esparruan, baita gipuzkoar abesbatzek eta arabarrak duten kalitatea kantatzeko moduetan ere. Baina mundu honetan, oso-oso gutxi izan dira Schoemberg-en Cantata erraldoia, Gurre-Lieder hain juxtu, egiten ausartu direnak. Arrazoia? Alemaniar erromantizismoaren laburpen honek —hots, handira eginda— baliabide oparoen uztartze fina behar duelako. Bilbon entzun dugun bertsioa —E. Steinek ikasleak egin zuen laburtua, hain juxtu!— bost bakarlari, gizonezkoen hiru abesbatza lau ahotsetara, misto bat zortzi ahotsetara ditu, hau da, 150 gorako abeslarientzat eta ia 90 musikarientzat... Lorturiko emaitza? Esan beharra dago guregana heldu dela Schoemberg-en barneko musika oso ederra, liederrena, lehenengo zatikoa eta espektakularragoa bigarren zatikoena, baina ausardia ordaindu beharreko bidesari, gure ustez, egon egon da. Esaterako, abeslari wagneriarrak behar ziren liederrak kantatzeko: adituak izan arren horretan, Anne Schwanewilms sopranoaren eta Stig Andersen tenorraren ahotsaren bolumen eta zabalera eskasak ezabatuak geratzen ziren askotan orkestraren aurrean, eta, ondorioz, maitaleen lieder asko desitxuratuak geratu hasierako atalean. Aldiz, beharrezko indarra eta gustua eman zion Lilli Paasikivi mezzoak basoko usoaren ahotsari; bigarrenean, berriz, Arnold Bezuyenek Helder tenorraren itxura galanta eman zuen, ederki errezitatu zuen jon Fredric West tenorrak eta sendo gauzatu ere Fernando Latorre baritonoak.

Guenter Neuhold zuzendariak lan handia egin zuen hainbat abesbatza eta maila diferente kontzertatzeko. Harrigarriak korukideek lortu zuten efektua konplexuak lerro kantuan zein oihuetan. Gehienean lortu arren, desadostasunak entzun ziren bai denboraren aldetik eta bai ahotsen kalitatearen aldetik ere gizonezkoetan. Zer esanik ez, lanik handiena zuzendariak eta orkestrak eraman zuen eta musikaren mamia polito gainditu arren denborapasak entzun ziren batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.