Arrauna. San Miguel liga

Hirugarren esperimentua

Ohiko eremu eta lekuetatik kanpo egingo den hirugarren estropada izango da gaurkoa. Lehehengoa Zaragozan (Espainia) izan zen, 2008an; eta bigarrena, Bordelen (Frantzia), 2009an.

San Miguel ligako traineruak, atzo, Bartzelonako portuan prest zeukaten gunean, entrenamenduari ekin aurretik. AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
Bartzelona
2013ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
San Miguel liga ez da betiko estropada eremuetatik eta lekuetatik kanpo ibili zalea. 11. edizio honetan, ezohiko hirugarren irteera osatuko du: Bartzelonakoa. Bestela, Euskal Herriko, Kantabriako eta Galiziako kostaldean ibili ohi da. Kanpora joan izan den aurreko bietan eta hirugarren honetan, asmo eta helburu bera plazaratu izan du Traineruen Kluben Elkarteko zuzendaritzak: arrauna bere betiko mugetatik kanpo ezagutaraztea, bultzada emateko.

Bartzelonakoa ere asmo horretan sartzen da, eta Jaurlaritzaren babes ekonomikoa izan du, banderaren izenak erakusten duen bezala: Basque Country bandera. Ez da, hortaz, arrauna kanpoan zabaltzeko nahia bakarrik, Euskal Autonomia Erkidegoaren irudia ere zabaldu nahi da arraunaren aitzakian. Horregatik, arraun munduaren baitan ari dena mesfidati egon ohi da halako irteeren aurrean. Ohikoa izaten da halakoak entzutea: «Arrauna aitzakia baino ez da beste helburu batzuk lortzeko, eta kezka sortzen digu arraunlariaren lana eta arrauna bera beste asmo horien azpian ez ote diren geratuko».

Orain arteko bi esperientziak ikusita, susmo txarrak uxatzeko aukerarik ez du eman TKEk. Zaragozakoa (Espainia) hainbestean joan zen, baina lekua eta garaia ez ziren egokiak arraunean jarduteko: batetik, sekulako beroak jo zituen arraunlariak, eta Ebro ibaiak ere ez du ematen egokia denik estropadak jokatzeko. Bigarren esperientzia erabat traketsa izan zen, aurrenekoa baino askoz okerragoa. Bordelen (Frantzia) TKEren izena lokatzetan zikinduta geratu zen. Estropada ezin izan zen jokatu, ibaiak sekulako ur piloa mugitzen zuelako, eta itsaslasterrak ikaragarriak zirelako. Hori gutxi ez eta, lotarako lekuak-eta ez ziren kirolarientzako egokiak: lotarako leku nahikorik ez, eta ohe txikiak, gainera. Bartzelonakoa, hirugarrena, aterako al da ondo? Atzoko kontuen arabera, ez du zertan gaizki atera, baina... Beti egongo da bainaren bat, gaur estropada jokatu arte argituko ez dena, onerako edo txarrerako.

Entrenamenduak eta kezka

Bartzelonara heldu orduko, portuan traineruak uzteko lekua zuten prest klubek. Harri txintxarretan dagoen lekua, bertan egiteko obrak eman gabe daudelako oraindik. Baina, tira, ez da leku txarra ontziak uzteko. Hara hasi ziren gerturatzen arraunlariak eguna aurrera joan ahala; batzuk goizago, besteak geroago. Trainerua utzi, eta aurreneko gauza estropada eremua ikustea. Entrenatzaileek eta arraunlariek. Ez zioten aitzakia handirik atera lehen begi kolpean, ez bazen lehen eta bigarren kaleen artean dagoen boia bategatik. «Ez dutela kenduko esan dute, baina nahikoa leku badago traineruak pasatzeko», entzun zen.

Arratsalde erdian, llagut ontzien estropada zegoen, eta eremua txikiagoa denez, txantxak eragin zituen horrek Urdaibaiko arraunlarien artean: «Gurea ere horrelakoa izango da bihar», esan zuten. Gabi Larrinaga (San Pedro) eta Mikel Orbañanos (Hondarribia) eremuari begira solasean ikusteko aukera ere izan zen, entrenatzen hasi aurretik. Bere lanak lehenen bukatzen Zumaia izan zen, eta kezka puntua lehorreratu zuen Xanti Zabaleta entrenatzaileak: «Eremuan itsaslaster handi samarra dago leku batzuetan, eta laugarren kalea arriskutsua izango da, motordun ontziak oso gertu pasatzen direlako, eta olatuxka altxarazten dutelako». Haizeak indartsu edo ahul joko duen ere galdetzen ari ziren arraunlariak. Gaur argituko dira kezka guztiak. Hirugarrenean balekoa izango al da esperimentua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.