Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Memoriaren mapak

Gontzal Agote.
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
'Die Lebenden'

Zuzendaria: Barbara Albert. Aktoreak: Anna Fischer, Hanns Schuschnig, August Zirner, Itay Tiran, Daniela Sea, Winfried Glatzeder. Herrialdea: Austria. Iraupena: 110 minutu.

Costa Gavras handiak gaur aurkeztuko du bere azken filma Sail Ofizialean, Le Capital. Zuzendari greziarrak orain dela hogei bat urte arrakasta dezentekoa lortu zuen AEBetan egindako film batekin, Music Box-ekin. Horretan, Jessica Langek aita hiltzaile nazia izatearen salaketaz defendatu behar zuen.

Die Lebenden-ek hainbat paralelismo ditu Gavrasen pelikula horrekin, baita era batera edo bestera gaia landu duten beste film askorekin ere. Izan ere, ez da originaltasunaBarbara Alberten filmaren bertute nagusia, eta dagoeneko ikusia dugun pelikula baten enegarren moldaketaren antza hartuko du.

Kasu honetan, alaba ez, iloba da protagonista. Aitona SSetan aritu zela jakinen du, hura hilzorian dagoenean. Ohi bezala, senitartekoek ez dute gaiaren inguruan azalpen handirik eman nahi, kontua ahaztuta dagoela argudiatuta, hobe dela ur uher horiek bakean uztea. Iloba suharra da, baina, eta Berlindik Transilvaniaraino ailegatuko da, Austria eta Poloniatik igaro ondoren.

Pelikulak duen alderik diferenteena iragana eta oraina lotzeko ahalegina da. Gaur egun ere genozidioak egon badirela gogorarazi nahi digu Albertek —Txetxenia, Palestina—, baina ideia hori hankamotz geldituko da, lagun israeldarren azpitramak ez baitu behar bezainbesteko garapenik. Askoz interesgarriago gertatuko da piztiaren larruan jartzeko egiten duen ahalegina, aitonak kamerari eginen dizkion aitorpen lazgarrien bitartez.

Zintzotasuna ezin zaio ukatu, baina generoari —dagoeneko genero bat osatzen baitute familiako trapu zikinak deskubritu nahi dituztenak— ez dio ekarpen aipagarririk egin film gorabeheratsu honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.