«Bruselarekin etengabeko komunikazioa izan dugu beti»

Donostia 2016ko hurrengo zuzendaritza «egonkorra» izan dadin nahi du Juan Karlos Izagirre alkateak

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Bruselarekin etengabeko komunikazioa izan dugu proiektuaren hasieratik, eta berriki gertatu denaren jakinaren gainean daude». Hitz horiekin, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek argi utzi du Europako agintariek ezagutzen dituztela Donostia 2016 proiektuak egun hauetan izan dituen gorabeherak. Hain zuzen ere, Itziar Nogerasek Donostia 2016ren zuzendaritza uztea erabaki ondoren, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak gogor kritikatu zuen kudeaketa, eta proiektuaren inguruan dituen kezkak Europara helaraziko dituela adierazi zuen.

Izagirreren esanetan, ohikoa da Bruselarekin hitz egitea, eta Espainiako Gobernua Fundazioaren patronatuaren barruan dagoela gogoratu du. «Bi hilabetean behin lan dokumentuak trukatzen ditugu, eta oraingoan Espainiako Gobernuak Europarekin hitz egin nahi badu, normalena patronatuaren bitartez egitea da».

Alkateak ez du ulertzen Espainiako ministerioaren jarrera, eta patronatuaren kide izanik, proiektuaren garapena ezagutzen duela esan du. «Bruselarekin feedbacka dagoela badaki ministerioak. Azkeneko gertaerak, haiekin partekatzen ditugun dokumentuetan agertuko dira, eta baita arazo horiei emandako konponbidea ere, horixe delako gure helburua orain, sortu diren arazo horiei aurre egin eta denon artean konponbidea aurkitzea».

Egun hauetan Fundazioak jaso dituen kritikei garrantzia kendu die alkateak, eta esan du alderdien arteko desadostasuna ez dela horrenbestekoa. «Urte hauetan patronatuan hartu diren erabaki gehienak erabateko adostasunarekin egin dira, eta horrek duen balioa gogoratu beharra dago».

Izagirreren arabera, borrokak ez dira hain ohikoak. «Badirudi Donostia 2016 proiektuak aurrera egiten duela soilik konfrontazioen ondorioz, eta ez da hala. Erabaki gehienak ia erabateko adostasunarekin ateratzen dira. Beste gauza bat da erabaki horiekin beti asmatu dugun edo ez».

Nogerasen kasuan, zuzendaritza egonkorra sortzen huts egin dute Izagirreren hitzetan. Hain zuzen ere, Donostia 2016ko zuzendari ohiak kargua uzteko arrazoien artean «politikarien presioak» aipatu ditu. Alkatearentzat, ordea, Nogerasen lana «ona» izan da. «Proiektuaren zuzendari izateko hautagaien artean onena zelako aukeratu zuten Nogeras, eta kultur proiektu txukun bat egiteko oinarri sendoak utzi ditu mahai gainean». Gaurko bileran erabakiko dute hurrengo zuzendaria nola izendatuko duten. «Proiektuaren zuzendaritza ahalik eta sendo, egonkor eta luzeena izatea da gure helburua».

Donostia 2016, aurrera

Nogeras ez da proiektua utzi duen lehena, eta azkeneko urtebetean kargua utzi dute Eva Salaberriak, Fernando Bernuesek eta Igor Otxoak. Dena den, Izagirrerentzat kultur hiriburuen antolaketan «ohikoa» da etengabeko kargu aldaketak gertatzea. «Marseillako Robert Guediguian zinema zuzendariarekin hitz egin berri dut gai horretaz, haren jaioterria ere kultur hiriburua izan zelako, eta haiei ere berdina gertatu zitzaiela aipatu dit. Dirudienez, normala da kultur hiriburuen antolaketan aldaketak gertatzea eta horrelako arazoak sortzea; antolaketak presioak sortzen ditu».

Arazoen gainetik, Donostia 2016 aurrera aterako dela sinetsita dago alkatea, eta konponbideak aurkitzea izango da gaurko bileraren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.