Aitor Renteria.
Iheslarien kontrako polizia operazioa. Analisia

Doinu zaharkituan, kakofonia nagusi

2013ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Iragarritako gidoia bete da. Frantziak eta Espainiak atxiloketen bidez erantzun diete Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren proposamenei. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, berehala zabaldu zuen partitura. Orain artean bezala, euroagindu eskari orok berehalako oniritzia ukanen zuela berretsi zion Frantziak. Atzoko atxiloketekin erantzunaren lehen notak zabaldudituzte.

Zaharrak berri. Orain artean baliatu duten musika bera jo nahi dute estatuek, aro politiko berri bat ireki ez balitz bezala, gatazka behin betiko eta era integral batean konpontzeko eskaintzari entzungor eginez. Estatuek ez dute batuta fina baliatu, makila pisua baizik.

Alta, Ipar Euskal Herrian orain eta ondorengoan ere bai, politika, sozioekonomia eta gizarte eragileen partiturak konponbide doinua darabil. Ekainaren 15ean Miarritzen egindako ekitaldia baino lehen, EIPK-ko mintzaideak eragileekin bildu ziren. Bertan ziren Colette Capdevielle diputatua eta Frederique Espagnac senatari sozialista, besteak beste. Gogoan dira Max Brisson UMPko departamenduko buruak edota Jean Jacques Lasserre Hautetsien Biltzarreko presidenteak Baionako Bake Foroan utzitako ekarpenak. Estatuen orkestrek eta tokiko eragileenak ez dute doinu bera, ez nota berak.

Bakearen eraikuntzak eta gatazka politikoaren konponbideak adierazpenetatik ekintzetara pasatzea eskatzen dute atxiloketen parean. Bilkura «pribatu» hartan bildu ziren eragileek ondotik eginen zen ekitaldiko xehetasun guztiak zituzten. Mintzaideak presente egon ziren bilkuran, eta bi estatuen blokeoaren ondorioz, sor zitezkeen egoerak mahai gainean ezarri zituzten. Nazioarteko adituen eskutik heldutako hamabi gomendioak ere egon ziren mahai gainean.

Bi iheslari atxilotu ditu Frantziak, bat kolektiboak berak mintzaide izendatu zuena. Hitzik gabe ez dago konponbidea eraikitzerik, eta, mintzaidea atxilotuz, hitzaren aukera zangopilatzen dute. Konponbidean eragile aktiboak izan behar dutela erran zuten iheslariek. Ondoko egunotan, Ipar Euskal Herriko eragileek argi adierazi beharko diote Parisi eskuan duen partitura kakofonia hutsa dela. Hego Euskal Herrian ere, elkarrekin osatu beharko dute eragileek partitura. Miarritzeko engaiamenduen ildotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.