Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Bereziak

Itxaropena

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Zuloak'

Zuzendaria: Fermin Muguruza.

Herrialdea: Euskal Herria.

Iraupena: 99 minutu.

Muguruzak adarra jo digu. Hori da behintzat berak uste duena. Zuloak musika taldea ez da inoiz existitu, dokumentalerako propio sortua izan dela aitortu baitute egileek. Orson Wellesen F for Fake eta Banksyren Exit Through the GiftShop aipatu ditu erreferente gisa, eta egia eta gezurraren arteko mugaren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi izan gaitu. Narrazio orok legitimatu egiten du edozein gertakari, benetakoa edo imajinatua izan. Edozein narrazio gizartearekin partekatzen denean, egiaren estatusa bereganatzen du. Fikzioak gezurrik borobilenak ere egia bilakatzen ditu, esperientziak eta sentimenduek ez baitute engainatzen. Fikzioa egiaren eta gezurraren gaindi dago, beraz. Bestela, nola uler liteke, adibidez, Stewart eta Pattinson ergelek Bella eta Edwarden istorio txatxua modu horretan sinestea? Hitzek paperera salto egiten dutenean, min egin dezakete, baita barre eginarazi ere. Morek Utopia argitara ematen duenean utopiak berak fantasia izateari uzten dio errealitate bilakatzeko.

Muguruza eta Eider Rodriguez gidoigileek genero ikuspegia jorratu nahi izan dute. Zuloak ikusgarria eta berritzailea da, indartsua, ausarta, harrigarria eta garrantzitsuena: benetakoa. Txundigarria, hitz batean esateko. Euskaldunon imajinarioaren parte bilakatuko da. Emozioen gaindosia eragiten du, eta aurtengo Zinemaldiko ezustekorik aipagarriena bihur daiteke. Euskal postmodernitatearen mugarrietako bat izatera irits daiteke, zalantzarik gabe. Identitatearekin umore eta freskotasun handiz jolas egiten du, eta pantailan ageri diren emakumeen antzezpena txalogarria da. Fikzioaez da inoiz txantxetan hartu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.