Zuzeneko ikuskizunen itzultzailea sortu dute

AhoDubber du izena EHUk eta Eskenak elkarlanean sortu duten aldibereko itzultzaileak

Maialen Unanue Irureta.
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Zuzeneko ikuskizunen aldibereko itzulpena egiten du AhoDubber sistemak. Oraingoz, aktoreen solasaldiak beste hizkuntza batera bikoiztutako audio grabazioak ematen ditu, kasko batzuen bitartez. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eskenak (Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak) elkarlanean sortu dute. EHUren aldetik, bi taldek parte hartu dute. Batetik, Arte Eder Fakultateko Teknologia Departamentuak, eta, bestetik, Aholab Signal Processing Laboratoryk —Telekomunikazio Ingeniaritza saileko irakasleekin osatutako talde batek—.

Sistema horrek aktore bakoitzaren solasaldiak jasotzen ditu, soinean daramatzaten kablerik gabeko diadema mikrofonoen bidez. Sistemak berak aktoreen solasaldiak antzematen du, eta jatorrizko hizkuntzan egindako gidoiari jarraitzen dio. Behin identifikatuta, datu basean bilatzen du dagokion itzulpena, eta audio irteerara bidaltzen du zuzenean .

Atzeratze txiki bat duen arren, segundo gutxirena da aldea, eta zuzeneko itzulpena lortzen da horrela. Nolanahi ere, audio operadore batek prozesua ikuskatzen du, eta sor daitezkeen sinkronia desdoikuntzak zuzen ditzake.

AhoDubberren aurkezpenean, Gorakada Teatroaren Jules Verneren azken abentura ikuskizunaren laburpena eskaini dute, euskaraz, eta, aldi berean, itzultzailea probatzeko aukera izan dute. Antzezlanak badu gaztelaniazko bertsioa, eta hori da itzultzaileak erreproduzitu duena.

Beste garapen batzuk

Antzerki talde, ikuskizunen antolatzaile eta itzultzaileez gain, audio operadoreei, entzumen arazoak dituztenei edo ikuskizuna eskainiko den hizkuntza ezagutzen ez dutenentzako sistema da AhoDubber.

Etorkizunera begira, beste garapen batzuk eman nahi dizkiote AhoDubberren bertsio honi. Adibidez, sistema hobetzea eta indartzea inguruko zaratari, musikari eta beste aktoreen ahotsari dagokionez. Zeinuen hizkuntzara itzultzeko sistema gehitzeko asmoa ere badute.

Audioa eta argiztapena kontrolatzeko lanak automatizatzea da, aurrera begira, sistemari gehitu nahi dizkioten beste ezaugarrietako bat. Horiek guztiak modu integratuan eskaintzea da helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.