Albistea entzun

Sanferminak. Zortzigarren entzierroa

Agur garbia eta dotorea

Azken entzierroa bizia eta arriskurik gabea egin dute Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek, eta ez da adarkadarik izan

Estafetan korrikalariek gustura egin dute korrika, adarren artean sartu-ateran ibiliz
Bi minutu eta hogei segundoko iraupena izan zuen Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenen entzierroak.
Bi minutu eta hogei segundoko iraupena izan zuen Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenen entzierroak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Irene Arrizurieta -

2011ko uztailak 15

Polita izan zen Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek atzo egindako entzierroa. Txukun eta dotore egin zuten lasterka adardunek. Zezen saldoak erritmo bizian egin zuen korrika, baina lasterkariak askorik estutu gabe. Horregatik, aurreko entzierroetan ez bezala, eroriko eta kolpe gutxi izan ziren. Hiru lasterkari bakarrik eraman zituzten erietxera, guztiak kolpeekin. Aguador zezen gorrixkak taldearen gidaritza hartu zuen Estafeta kalearen hasieran. Adardunak, baina, jator jokatu zuen; bidea ireki zien anaiei, eta ez zuen ekiteko keinurik egin. Gustura korrika egiteko aukera izan zuten lasterkariek. Taldea zezen plazara luzatuta iritsi zen, eta ukuilura sartu ziren bata bestearen atzetik.

Entzierro azkarra burutu zuten Nuñez del Cuvillo ganadutegiko sei zezenek: bi minutu eta hogei segundoan egina zuten ibilbidea. Seigarren aldia zuten sanferminetan Nuñez del Cuvilloko adardunek, eta ahogozo ona utzi zuten lasterkarien artean. Aurtengo sanferminetako entzierrorik onena izan zen atzokoa, lasterka aritzeko. Azkarregiak izan direnetan ez bezala, atzo korrikalariak arnasa hartuz aritu ziren, eta lasterraldi politak eta estuasun askorik gabeak egiteko aukera izan zuten.

Cadizko (Espainia) ganadutegiko adardunak baturik atera ziren Gaseko eskortatik. Santo Domingoko aldapan eskuinetik igo zen zezen saldoa, eta eskuin pareta garbitu zuten, eroriko batzuk eraginez. Aurreko egunetan ez bezala, pareta ondo horretatik lasterka egiteko aukera izan zuten korrikalariek zezenen aurrean. Gainera, ohi baino lasterkari gutxiago zegoen zati horretan, eta tarteak handiagoak ziren.

Udaletxe plazara taldea elkarturik iritsi zen, baina Mercaderes kalearen hasieran taldea ixten zihoan zezen beltzak irrist egin zuen, eta lurrera erori zen. Zezena azkar altxatu zen, eta aurrera egin zuen ziztu bizian. Bihurgunean harrapatu zituen anaiak eta idiak. Adardunek arazorik gabe iragan zuten bihurgunea, eta ez zuten hesiarekin talka egin. Estafetaren hasieran lasterketaren erritmoa zertxobait moteldu egin zuen taldeak. Horrek korrikalariei lasterketa gustura egiteko aukera eman zien. Adardunen aurrean jarri, eta distantzia ongi neurtuz lasterketa politak egin zituzten.

Aguador 515 kiloko zezen gorrixkak azkar bukatu nahi zuen lana, eta entzierroaren gidaritza hartu zuen Estafeta kalearen hasieran. Trosta bizian joan zen aldapan gora, gainontzeko anaiei eta joaldunei bidea irekiz. Handik aurrera, eta zezen plazara arte, sailaren buruan egin zuen bidea.

'Aguador' gidari

Korrikalari frankok hartu zuten tokia zezenaren aurrean, eta estuasun handirik gabe, adardunen aurretik korrika egiteko aukera asko izan zituzten Estafetan. Korrikalariak, nekeak harrapatzen zituenean, kalearen eskuinerantz edo ezkerrerantz ateratzen ziren inolako arazorik gabe.

Bien bitartean, Telefonicako zatiko bihurgune txikia eskuineko aldetik hartu zuen Aguador-ek. Bide horretan ez zuen inor ekiteko keinurik egin, ez eta adarrekin inor harrapatu. Zezen plazarako sarreran estuasun unea izan zen, zenbait korrikalari lurrera erori zirelako, baina zezenek aurrera egin zuten bidean zegoenari erreparatu gabe. Behin plazan, adardunak bata bestearen atzetik sartu ziren ukuilura.

Hiru zauritu arin

Entzierro garbia izanik ez zen adarkaturik izan, eta hiru zauritu arin eraman zituzten ospitalera. Santo Domingo aldapan izan zen lehen zauritua. X.I. 21 urteko frantziarrak kolpea hartu zuen bizkarrean. Estafeta kalean beste bi lagunek hartu zuten min. Lehenak, 43 urteko gizonak, kolpea hartu zuen bekainean. Bigarrenak, 54 urteko gizonak, bularraldean kolpe arina du. Biak ala biak iruindarrak dira. Aurreko entzierroetan zauritutako bost pertsonak jarraitzen dute erietxean. Bostak hobera egiten ari dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.