Sanferminak Iruñean. Lehen entzierroa

Bizi-bizia eta garbia

Torrestrella ganadutegiko sei zezenek lehen entzierro azkarra eta garbia osatu dute, eta arrisku bakarra bi joaldunek eragin duteTaldea elkarturik joan da Estafeta kalera arte, eta lasterketa politak ikusi dira

Lasterkariak zezen baten bizkarra ukitzen, Estafeta kalean, aurtengo lehen entzierroan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Erritmo bizikoa eta garbia izan zen atzoko entzierroa. Torrestrella ganadutegiko adardunek arriskutsu ospea duten arren, lasterketa polita eta txukuna egin zuten, eta ez zen lasterkari adarkaturik izan. Ez da ahaztu behar Torrestrellakoek aurretik laster egindako 21 entzierroetan hirutan baino ez dutela adarkaturik utzi. Aurtengo sanferminetako lehen entzierroa izateko, hutsune franko ikusi zen ibilbidean, eta Estafetako zatian lasterketa politak egiteko aukera izan zuten korrikalariek.

Bi minutu eta erdi pasatxo behar izan zituzten Torrestrella ganadutegiko (Cadiz, Espainia) sei adardunek entzierroaren ibilbidearen 850 metroak egiteko. Zezen saldoa elkarturik eta joaldunak aurrean zituela atera zen Gaseko ukuilutik, baina, berehala, zezen beltz batek aurrea hartuzien, eta taldearen buruan jarri zen. Taldeak bidearen eskuinerantz egin zuen, eta lasterkari batzuk lurrera erori ziren. Halere, adardunek ez zuten inori ekiteko keinurik egin, eta bere bideari jarraitu zioten.

Udaletxe plaza ziztu bizian pasa zuten adardunek, eta Mercaderesen ere ez zuten atzera begiratu. Lasterkariak arin eta adi ibili ziren hankapetuak ez izateko, baina batek baino gehiagok lurrean bukatu zuen. Mercaderes eta Estafeta kaleek bat egiten duten bihurgunea garbi hartu zuen taldeak, eta adardun bakar batek ere ez zuen hesia jo.

Estafetara taldea ilaran baina elkarturik iritsi zen. Kalean aurrera egin ahala, bi zezen labaindu egin ziren, eta lurrera erori. Orduan adardun saldoa bitan zatitu zen. Aurrean bi zezen beltz eta bi joaldun joan ziren, eta bigarren taldean beste adardunak. Ibilbidearen zati horretan ikusi ziren lasterketa ederrenak, baina baita arriskutsuenak ere. Lasterkari batek bainogehiagok burugabe jokatu zuen. Adardunen artean sartu eta adarrak ukituz ibili zen. Taldea sakabanatuta iritsi zen zezen plazara, bi zezen eta bi joaldun sartu ziren lehenik, eta atzetik besteak. Behin plazan, ukuilura sartu ziren zuzenean.

Zezenek ez zuten inor adarkatu, baina, kolpeen ondorioz, lau korrikalari ospitaleratu zituzten:lehena, A.A.L.G., 35 urteko panamarra; sudurrean kolpea hartu zuen Mercaderes kalean. Estafeta kalean zauritu ziren beste bi korrikalari: S.L.M., 26 urtekoa, eta J.L.M.A., 40 urtekoa. Biak ala biak masailezurrean eta bularrondoan dituzte kolpeak. Bigarrenak, gainera, sudurra apurtuta dauka. Laugarrena, M.A.C.G. 44 urtekoa, begian min hartu zuen Telefonicako zatian.

Joaldunak protagonista

Zezenen artean ez, joaldunen artean ibili zen lasterka bat baino gehiago atzo. Zezena eta lasterkariak izaten dira entzierroko aktore nagusiak, baina atzo protagonistak bi joaldun izan ziren. Bat itzuli egin zen Mercaderes kalean, eta taldeari segika zihoazen lasterkari frankok izualdi ederra hartu zuen. Unaiek lagunduta azkar itzuli zen beste adardunekin, eta lasterka jarraitu zuen. Bigarren ezustea Telefonicako zatian izan zen. Taldearen atzealdean zihoan joaldunak irrist egin zuen, eta lurrera erori zen. Kalean zeharka gelditu zen, ezin altxaturik. Aberea inguratu egin behar izan zuten unaiek, atzetik heldu ziren lasterkariak pakean utz zezaten. Azkenean, lortu zuten joalduna altxatzea. Zezen plazara azkar sartu zen, eta zuzenean joan zen ukuilura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.