'Parot doktrina', eraitsita. Epaiaren ondorioak

Konstituzionala asteartean bilduko da, eta Gorena, hurrengo astean

Libre geratzen ari diren presoen kontrako «jazarpena» salatu du Etxerat senitarteko eta lagunen elkarteak

Erredakzioa
2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak ez ezik, Konstituzionalak eta Gorenak ere badituzte Parot doktrina aplikatuta preso dauzkatenen auziak esku artean. Helegiteen ondorioz Konstituzionalean eta Gorenean dauden auziei buruz hitz egiteko datak jarriak dituzte bi auzitegiek ere.

Konstituzionalak Ignacio Fernandez de Larrinoaren auzia izango du esku artean datorren asteartean. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak doktrinaren kontra emandako epaia esku artean dituen auzietan nola aplikatu erabakiko duen aurreneko aldia izango da, eta horren ostean etorriko dira argitzeko dituzten beste 29 helegiteak. 30 horietatik —epaiaren zain daude 17 eta tramiterako onartu edo ez erabakitzeke beste 13— 27 dira euskal presoenak, eta posible da guztiei buruz ez erabakitzea Konstituzionalak. Izan ere, Auzitegi Nazionalak herenegun jakinarazi zuen helegitea Konstituzionalean egon baina aske uzteko eskaera Auzitegi Nazionalean jarri duten kasuetan berak hartuko duela erabakia.

Auzitegi Gorenak, berriz, bost kasu ditu esku artean, eta hurrengo asteartean aztertuko ditu, hilaren 27an. Juan Jose Legorburu, Andoni Cabello, Jose Ignacio Etxebarria, Ignacio Pujana eta Carmen Gisasola dira. Bere garaian libre utzitako bi presoren kasuak ere baditu Gorenak mahai gainean: haiek berriz preso sartzeko eskatzen du fiskalak.

Jarraipen «itogarriak»

Bestalde, Etxerat euskal presoen senitarteko eta lagunen elkarteak «oso gogor» salatu ditu espetxetik atera berri diren preso ohiek eta haien senideek jasandako «jazarpena». Jazarpen hori hainbat pertsonak ez ezik, politikari batzuek eta «bereziki zenbait komunikabidek ere» egin izana salatu dute. Preso ohiak «jarraipen itogarria eta bidegabea jasaten ari dira». Bereziki salatu dituzte Puerto I espetxearen atariko gertaerak, eta senideen kontrako mehatxu eta irainak «onartezintzat» jo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.